euskaraespañol

Mendialdeko esneak eta gaztak nutrizio kalitate handiagoa dute

UPV/EHUko tesi batek aztertu egin ditu mendialdeko Idiazabal gaztak bereizgarri egiten dituzten zenbait osagai

  • Ikerketa

Lehenengo argitaratze data: 2015/02/17

Irudia

'Efecto de los sistemas de manejo en pastoreo sobre la calidad de la leche y el queso' nazioarteko tesia, Izaskun Valdivielso Zubiriak gaztelaniaz eta italieraz defendatu duena, Universidad del País Vasco/Euskal Herriko Unibertsitateko Lactiker ikertaldearen lan lerro batean egin da. Horren helburua da Kantauri erlaitzean (eta, zehazki, Euskal Herrian) artzaintza tradizionaleko sistemen iraunkortasunean eragina duten faktoreak aztertzea. Luis Javier Rodríguez Barrón (Elikagaien Teknologiako irakaslea) eta Juan Carlos Ruiz de Goroda (Biokimika eta Biologia Molekularreko irakaslea) izan dira tesi zuzendari, eta epaimahaia honako hauek osatu dute: Mertxe de Renobales, epaimahaiburua eta UPV/EHUko Biokimika eta Biologia Molekularreko katedraduna; Manuel Delgado, Sevillako Unibertsitateko Animalien Ekoizpeneko irakasle titularra; Carolina Pugliense, Florentziako Unibertsitateko Animalia Zientziak arloko ikertzailea; eta Paloma Torre, Nafarroako Unibertsitate Publikoko Nutrizioa eta Bromatologiako katedraduna. Idazkari lanetan Noelia Aldai aritu zen, UPV/EHUko Ramón y Cajal ikertzailea.

Doktorego tesi honen alderdi interesgarrienetako bat da ikerlana merkataritzarako artaldeekin egin dela. Emaitzek erakusten dute mendialdeko artzaintza estentsiboak erraztu egiten duela gantz azido saturatuen (besteak beste, aterogenikotzat jotakoak) eduki txikiagoko esne koipearen profila. Halaber, nutrizioaren eta giza osasunaren ikuspuntutik, gantz azido desiragarri gehiago dituzte: halakoak dira azido α-linoleikoa (n-3), errumenikoa (azido linoleiko konjugatua), bakzenikoa (trans n-7) eta azido eikosapentaenoikoa (EPA, n-3). Bestalde, mendialdeko artzaintzak areagotu egiten du merkataritza artaldeen esneko eta gaztako tokoferolen edukia: artalde horiek neguan artegian babestuta daudenean eta udaberrian denbora batez haranean daudenean baino handiagoa da.

Gaztaren aroma eragiten duten konposatu aldakorrak aztertuta, aldaketa nabarmenak atzeman ziren zenbait konposatutan; esate baterako, azidoetan, esteretan, zetonetan, aldehidoetan eta terpenoetan, ardiak mendialdean zeudenean. Gazten azterketa sentsoriala dastatzaileen panel aritu batek egin zuen, eta ez zuten alde garrantzitsurik atzeman, mendiko gazten eta haraneko edo artegiko (neguan) gazten zaporearen, usainaren eta egituraren artean, gaztak artzain berberak egin zituenean, gaztaren urteko ekoizpen kanpainan.

Doktorego tesi horren emaitza eta ondorioek datu zientifiko garrantzitsuak eman dituzte, mendialdeko ardien esneak eta gaztak bereizteko. Aztertutako konposatu batzuk markatzaile kimiko gisa erabil daitezke, artzaintzako animalien (bereziki, mendialdekoen) esnea eta gazta egiaztatzeko. Gainera, lan honen emaitzek informazio erabilgarria eta interesgarria eman dezakete, hala ekoizleentzat, elkarte profesionalentzat, erakundeentzat eta kontrol organismoentzat nola kontsumitzaileentzat, oro har. Artzaintzako animalietatik eratorritako esnearen eta gaztaren nutrizio kalitate handiagoari buruz emandako zientzia ebidentziek sendotu egingo dute ekoizleen jarduera, bereziki mendialdean. Gainera, ekoizpen sistemaren iraunkortasunari lagunduko diote, eta jarduera hori apurka-apurka bertan behera uztea zailduko dute.