euskaraespañol

UPV/EHUk Kolonbiako haurren heriotza-tasa aztertu duen ikerketa batean parte hartu du

Azterketa eskualdeka egin da, antzekotasun kultural eta sozioekonomikoak aprobetxatuz

  • Albisteak

Lehenengo argitaratze data: 2015/02/19

Irudia

Euskal Herriko Unibertsitateak (UPV/EHU) Kolonbiako Universidad Nacionalekin batera parte hartu du herrialde hartako haurren heriotza-tasa aztertzeko balio duen eredu estatistiko bat sortzen. Ikerketa lan honen emaitzek nabarmentzen dute Kolonbiako haurren heriotza-tasa amen kontrako indarkeriarekin, hauen ikasmailarekin eta ase gabeko oinarrizko premiekin zuzenean erlazionatuta dagoela. Gainera, ondorio zuzena duten faktoreak dira, frogatu ahal izan dutenez, aldagarri hauen igoeraren ondorioz haurren heriotza-tasak ere gorantza egiten duelako. Hala ere, fenomeno honen jaitsiera eragiten duten faktoreak ere badaude, amen ikasmailaren igoera bezalakoak.

Ondorio hauetara heltzeko, Edilberto Cepeda eta Adrián Quintero irakasleek, biak Kolonbiako Universidad Nacionalekoak, eta Vicente Núñez UPV/EHUko Ekonomia Aplikatua III (Ekonometria eta Estatistika) Saileko irakasleak eredu estatistikoak diseinatu berriak dituzte Kolonbiako Estatistika Sail Administratibo Nazionalak (DANE, gaztelerazko sigletan) egindako inkestetatik bildutako informaziotik abiatuta.

Analisia eskualdeka egin da, beraien antzekotasun kultural eta sozioekonomikoak aprobetxatuz. Egileek adierazi dutenez, "orain arte eskualde ezberdinen informazioa era independentean hartzen zen kontuan eta eredu berri honek toki desberdinetan ematen diren faktoreen arteko asoziazio espazial bat proposatzen du".

Haurren heriotza-tasa adierazle demografiko bat da, urtebetean eskualde zehatz batean hil diren haurren kopurua jaiotza guztien artean zatituz kalkulatzen dena.

Ikerketa honek erakusten dituen datuen artean nabarmendu daiteke, Chocó departamentuan heriotza-tasa %42 eta %49 artean kokatzen dela, La Guajiran %32 eta %35 artean, Cauca Aranean %12ko batez bestekoan, eta Atlantikoan %17koan.