euskaraespañol

Emakume ikertzaileak Egipton, estereotipoak hautsiz

Eman Al-Ahwany eta Mona Zoheiry Kairoko Theodor Bilharz Research Intituteko doktoreak UPV/EHUn izan dira

  • Erreportajeak

Lehenengo argitaratze data: 2016/12/30

Irudia
Eman Al-Ahwany eta Mona Zoheiry doktoreak

Theodor Bilharz ikerketa zentroa eta UPV/EHUk elkarlan akordioa sinatu dute, ikasle-truke programa bat ere bere baitan hartzen duena. Oraintsu TBRIko ikertzaile bikainenetako bi Medikuntza eta Odontologia Fakultatean izan ziren immunologia arloan mikroRNAk gaiaren inguruan egindako ikerketez berbetan

Eman El-Ahwany eta Mona Zoheiry, Kairoko Theodor Bilharz Research Institute-ko ikertzaileak Bizkaiko Campusean izan dira oraintsu, Medikuntza eta Odontologia Fakultatea, hain zuzen ere. El-Ahwanyk Emakumeak Medikuntzan Foroan parte hartu zuen. "Women researchers in Egypt, breaking stereotypes" solasaldian emakume ikertzaileak eta euren inguruko estereotipoak izan zituen berbagai. Zoheiryk, bestalde, "Circulating microRNAs as non-invasive biomarkers for the detection of different stages of liver fibrosis in HCV patients" izenburuko hitzaldia eskaini zuen Bioforoan. Ikerlari biak erreferente dira mundu mailan mikroRNAk eta aldaketa epigenetikoak diagnostiko ez inbasiboaren markatzaile legez aztertzen, eta baita C Hepatitisak eragiten dituen fibrosia eta gibeleko minbiziaren tratamendurako tresna moduan ikertzen ere.  

Urteak daramatzate UPV/EHUko Iker Badiola Etxaburu irakasle eta ikertzailearekin elkarlanean, baina hauxe izan dute lehen aldia gure artean. Elkarrekin burutako proiektuen fruitu ere bada Theodor Bilharz zentroak eta UPV/EHUk berriki sinatutako akordioa ere. Aurrerantzean elkarrekin jarraituko dute lanean Europa Batasunarentzat proiektuak garatzen, eta baita ikasle-trukeak egiten ere.

Egiptok arazo handia dauka C Hepatitisarekin, munduan kasu gehien duen herrialdetakoa da. Eta horixe da El-Ahwany eta Zoheiryren ikergaia ere, gibeleko gaitzak, hain zuzen. "Gaixotasun endemikoa da gure herrialdean, arazo larria da", azaltzen dute. Kasurik gehienak ospitaletan behin erabiltzeko besterik ez diren materialak txarto erabiltzearren gertatu izan dira, baita ile-apaindegi eta dentisten kontsultetako garbitasuna ezagatik ere.

 

Konponbide berriak gaixotasun zaharrentzat

Hepatitisa kontrolpean dagoela dirudi, gobernuak hainbat kanpaina arrakastatsu burutu ditu gaixotasuna desagerrarazteko. Gaur egun, arazorik handienak hepatitisak eragindako konplikazioetatik datoz, izan ere fibrosi edo minbizi bihur daiteke. "Gaixotasuna geratu dugu –azaltzen du Zoheiry doktoreak- baina kronifikatu egin da. Kontua da gaixoek ez dutela sintomarik gaitza benetan larria izan arte". Horregatik da hain garrantzitsua mikroRNAk ikertzea.

Duela gutxira arte ez genekien elementu txiki horien betebeharra zein zen, baina egun euren garrantzia eztabaidaezina da, Badiolak argitzen duenez. "Elementu hauek agertu eta desagertu egiten dira gaixo egon edo ez, hori dela eta markatzaile moduan erabil genitzake". Markatzaile goiztiarrek gaitzaren berri emango lukete gaixotasuna oso larria izan orduko, alarma baten antzera funtzionatuko lukete, "eta gainera gaixotasuna egonkor duten pertsonek konplikazioak garatzea zein mekanismok eragiten duen bilatu genezake", gaineratzen du El-Ahwanyk. 

Jakitun dira lan asko daukatela egiteko, kontu asko argitzeko oraindik. MikroRNAk arlo zabala hartzen dute, beraien ikerketek bide luzea daukate oraindik egiteko biomedikuntzaren alorrean, neuroendekapenezko gaixotasunetan, metabolismoari dagozkienetan, eta abar. "Hau guzti hau ate bat zabaltzea bezala izan da. Orain, eurak tresna berri guzti hauek erabiltzen dabiltza aspaldiko gaixotasun bati aurre egiteko", dio Badiolak.

 

Estereotipoak apurtu guran

El-Ahwany eta Zoheiry sarri ibiltzen dira Europan zehar, Alemanian, Frantzian, Espainian, eta abar. Ez ei dute egundo aurreiritzirik sumatu gainerako ikertzaileen aldetik emakumeak, musulmanak eta ikertzaileak izateagatik. "Ederto hartu gaituzte leku guzti-guztietan", nabarmentzen du El-Ahwanyk. Hain zuzen ere, bera izan zen hizlari ikerketa, emakumea eta estereotipoak Egipton gaiaren inguruan Emakumeak Medikuntzan Foroan.

Lantoki duten Theodor Bilharz Research Instituten ikertzaile gehienak emakumezkoak dira, eta baita zentroko azkeneko lau arduradunak ere. Emakume ikerlariek nahiago dute zentro publikoetan patologia klinikoko sailetan behar egitea gaixoekin zuzenean lan egitea baino. "Horrela ordutegi zehaztuagoak dituzte, egonkorragoak, eta posible dute familiaz arduratzea", azaltzen du Zoheiryk. Gizonezkoek praktika medikoa aukeratu ohi dute, zentro pribatuetan; etekin ekonomiko handiagoa izaten du baina ordutegi eskasagoak.

Hori dela eta, emakume ikertzaile musulmanen inguruko zenbait estereotipok harritu egiten ditu. "Gaur egun nahi dugun informazio guztia daukagu eskura, nahi dugunean. Ez dut ulertzen zergatik batzuek dituzten aurreiritzi horiek Egiptoren inguruan", dio El-Ahwanyk. Sarritan da Egipto albiste komunikabideetan, baina gehienetan ez dira berri onak izaten. "Interesgunea beti dira gai politikoak, ez dago besterik, baina hemen gauza on asko eta asko ditugu kontatzeko".

Eta, jakina, beste arazo batzuk ere badituzte, Europan ditugunen oso antzekoak. Egiptoko familia gehien-gehienak euren seme-alabak graduatzea nahi dute, unibertsitatera joan daitezela, eta hori arazo bihurtzen ari da, kontraesana badirudi ere. Gazte graduatu ugari ditu Egiptok gaur egun, baina bestelako lanbideetan oso gutxi. "Drama handia da –azaltzen du El-Ahwanyk- makina bat jende graduatu daukagu, oso ondo prestatua, baina ez dago lanik, eta kanpora joan beharra daukate". "Esperientzia guztia kanpora doa", amaitzen du Zoheiryk.