euskaraespañol

Gaztenpatia: «Bikaina, ikasketa prozesu ahaztezina, errepikatzeko modukoa»

Guatemalan, Nagore Elola, Irene López eta Laura Pardo ikasleek nutrizioari buruzko GRALak egin dituzte, UPV/EHUren eta Euskal Fondoaren programa solidarioaren esparruan

  • Erreportajeak

Lehenengo argitaratze data: 2017/06/30

Irudia

Uda honetan, Euskal Herriko Unibertsitateko 20 ikaslek praktika solidario eta kooperatiboak egingo dituzte El Salvadorren, Guatemalan eta Nikaraguan, UPV/EHUren eta Euskal Fondoa GKEaren Gaztenpatia kulturarteko programaren barruan, zeina Garapenerako Lankidetza Bulegoak eta Euskal Fondoak kudeatzen duen. Horrela, irailera bitartean, lau proiektutan arituko dira lanean, euren gradu ikasketak edota curriculumeko praktikak burutzeko. Ikasturte honetan, bost ikaslek lehen lauhilekoan parte hartu dute, eta beste hiruk, berriz, bigarrenean. Bigarren lauhilekoan parte hartu duten hiru ikasleek –Laura Pardo, Nagore Elola eta Irene López–, maiatzean bueltatu ostean, adierazi dute esperientzia "ezin hobea" (Elola), "bikaina" (López) eta "errepikatzeko modukoa" (Pardo) izan dela.

Laura Pardok (Donostia, 1994), Nagore Elolak (Lasarte-Oria, 1995) eta Irene Lópezek (Ibarra, 1995), Dietetika eta Nutrizioa Graduko ikasleek, hiru hilabete eman dituzte Guatemalan, bertakoei laguntzen. Hain zuzen, otsailaren 4tik maiatzaren 19ra bitartean, Gaztenpatiaren bidez, lankidetzako praktikak egin zituzten Guatemalako INDICE (Iniciativa Civil para la Democracia) GKEarekin, eta Guatemalako Iparraldeko Zeharkako Zerrendako hiru udalerritan lan egin zuten: Fray Bartolomé de las Casas, Chahal eta Rxaruhá herrietan. Aurreneko aldiz joan dira nutrizionista batzuk eremu guztiz indigena horretara, elikadurari eta osasunari buruzko prestakuntza ematera osasun langileei, emakume liderrei eta irakasleei.

Ikasleen hasierako proiektuak kirol arloko nutrizioa zuen ardatz. "Alabaina, zenbait egunez hango errealitatea ezagutu ondoren, konturatu ginen beste behar premiazkoago batzuk zeudela. Horregatik, aldaketa batzuk proposatu genituen programaren hasierako ikuspegia moldatzeko, eta Alta Verapazeko Nutrizio Unitatearekin adostu genituen ondoren", azaldu du Laura Pardok. Modu horretan, Guatemalako departamentuko emakume nutrizionistekin eta udal batzordeetako emakumeekin lan eginda, beste gai batzuk gehitu zituzten. Nagore Elolak dioenez, "sei moduluko programa bat landu dugu, askotariko gaiak jorratzeko: elikadura osasungarria eta nutrizioa; haurtzaroko eta haurdunaldiko elikadura; kirolarien elikadura; gaixotasunen prebentzioa; okerreko elikaduraren ondorioak…".

Gainera, beste alor batzuetan lan egiteko aukera ere izan zuten, Irene Lópezek gogorarazi duen moduan: "Umeak neurtzeko eta pisatzeko saio medikora joan ginen; familia bati nutrizioaren inguruko aholkuak eman eta jarraipen dietetikoa egin genion; Telefrayko Opiniones saioan parte hartu genuen nutrizioaren gaia jorratzeko; eta elikadura osasungarriari buruzko gidoi bat osatzen lagundu genien Iparraldeko Zeharkako Zerrendako txotxongilolariei, komunitateetako jendeari modu erraz eta dibertigarrian irakasteko helburuz".

Errealitate oso bestelakoak

Hirurak bat datoz: esperientzia aparta izan da, bai pertsonalki bai profesionalki. "Nire ustez, bikaina izan da. Beste errealitate nutrizional batzuk ikusteaz gain, gorabeherei erantzuteko eta komunikatzeko gaitasunak garatu ditut", adierazi du Lópezek. Ildo beretik mintzatu da Laura Pardo ere: "Esperientzia itzela izan da, errepikatzeko modukoa. Unibertsitateak aukera eman digu ikasitakoa praktikan jartzeko eta lankidetzan aritzeko gureaz oso bestelako ingurune batean, interes berezia pizten didan eremu batean". Elolaren hitzetan, bestalde, "esperientzia paregabea izan da, dudarik gabe. Horrelako ikaskuntza prozesu bat ez da sekula ahazten, eta, horregatik, mundu guztia parte hartzera animatzen dut".

Gaztenpatia programaren helburuetako bat da gura errealitatea eta zailtasun gehien eta bitarteko gutxien duten herrialdeetako errealitateak konparatzea. Alde horretatik, hiru gazteek Guatemalako landa eta hiri eremuko bizimodua ezagutu ahal izan dute. "Hirian –dio Irene Lópezek–, bizimodua kalean egiten dute, eta herrialdearen parte sentiarazten zaituzte berehalaxe. Herrixketan, bizimodua zailagoa da: toki batzuk ia-ia inkomunikatuta daude, eta nekez jasotzen dituzte osasuna eta hezkuntza". Guatemalako errealitate hori ezagutzeak izugarri hunkitu du Nagore Elola: "Oraindik ere ezin dut ulertu herrialde berean nola egon daitekeen horrenbesteko desberdinkeria eta muturreko pobrezian bizi den jendearenganako horrenbesteko axolagabekeria".

Gazteen egoera Euskal Herriko gazteenaren bestelakoa da erabat, Laura Pardok azaldu duen moduan: "Guatemalan, 20-25 urteko neska gazte batek, gure adineko batek, seme-alabak dauzka jada, eta hemengo 30-35 urteko emakume batek izan ohi dituen ardurak hartzen ditu. Horrez gain, unibertsitatera sartzea oso zaila da: ez diete diru laguntzarik ematen, eta lan egin behar dute ikasketak ordaintzeko. Hango jende askok ikasten du asteburuan unibertsitatean". Landa guneetan, emakumeak oso gazterik arduratzen dira familiaz, eta gizonek txikitatik lan egiten dute. "Hezkuntza jasotzea eta bizimodu soziala egitea ez da lehentasuna", gehitu du Irene Lópezek.

Guatemalatik bueltan, han izandako esperientziak gradu amaierako lanean jasotzen dabiltza hiru ikasleak. Laura Pardok, kasurako, nutrizio hezkuntza bereziko programa bat osatu du, Guatemalako Iparraldeko Zeharkako Zerrendako emakume liderrei begirakoa; defendatu du jada, eta 9,50eko kalifikazioa lortu du. Nagore Elola, bestalde, osasun langileen prestakuntzan oinarrituriko nutrizio proiektu bat bukatzen ari da, eta datozen asteetan aurkeztuko du. Irene López ere azkenetan dabil lanarekin, edoskitze naturala eta horrek haurren nutrizioa hobetzeko duen gaitasuna ardatz hartuta.