euskaraespañol

14 ikasle errefuxiatuk ikasketak jarraitzen dituzte UPV/EHUn

Unibertsitateak harrera eta atentzio pertsonala ematen die Garapenerako Lankidetza Bulegoaren bidez, komunitatean bertako egin daitezen

  • Erreportajeak

Lehenengo argitaratze data: 2017/07/28

Irudia

14 babes eske datozen pertsona matrikulatuta jada daude irailetik aurrera, unibertsitateko geletan, jatorrizko herritan hasi zituzten ikasketak jarraitzeko. Ikasturteon (2016/17) Kolonbia, Errusia, Sahara, Siria, Venezuela eta Yemeneko bederatzi lagun izan ziren ikasten, haietako batek master ikasketak bukatu ditu. Datorrenean (2017/18), haiekin batera, Afganistan, Iran Palestina, Errusia eta siriatik etorritako seik ere ikasiko dute UPV/EHUn. "Guztiek gure unibertsitateko laguntza ekonomikoa eta materiala jasotzen dituzte eta, aldi berean, unibertsitateko ikasleen eskubide osoak eta guztiak ere badituzte", adierazi du Idoia Fernandez Berrikuntzaren, Gizarte Konpromisoaren eta Kulturgintzaren arloko errektoreordeak.

Programa hau (Euskal Autonomia Erkidegoan errefuxiatuei arreta egiteko ekintzei buruzko erabakia) 2015. urtean UPV/EHUko Gobernu Kontseiluak aho batez onartu zuen, eta urteko 10.000 euroko fondo ekonomikoa erabiltzen du errefuxiatuen behar ekonomikoei aurre egiteko akademiko arloan. "Gure unibertsitateak konpromiso soziala du pertsonekin bere baldintzak hobetzeko, eta, zentzu horretan, gure ahaleginak bideratzen ditugu.  Beraz, laguntza ekonomikoa eta materiala emateaz gain, errefuxiatuek asistentzia juridikoa eta bitartekaritza, hizkuntzaren arloko laguntza eta osasunaren eta psikologiaren eremuan ere sostengua jasotzen dute", Fernandezen esanetan. Miguel de Unamuno Ikastetxe Nagusiak, UPV/EHU %0,7 Elkartasun Fondoak eta Bilboko Udalak ere hartzen dute parte programa horretan.

UPV/EHUk  lau lan ildotan banatzen dituzte bere ekintzak:

  • Errefuxiatuei oinarrizko asistentzia: hizkuntzaren arloko laguntza, asistentzia juridikoa eta bitartekaritza, osasun eta psikologia alorrean sostengua eta plazen erreserba unibertsitate egoitzetan.
  • Unibertsitate eremuan sor daitezkeen premiei aurre egiteko ekintzak: errefuxiatu ikasleei unibertsitatera sartzeko aukerak lantzea eta beka eta laguntza akademikoak esleitzea, besteak beste
  • Errefuxiatuen eta oinarrizko eskubideen inguruan eztabaida sortzea eta sentsibilizazioa sustatzea
  • Laguntza ekonomiko a ikas-materiala erosteko eta garraiatzeko eskaintzea

Errefuxiatuen harrera

Euskal Herriko Unibertsitateko Garapenerako Lankidetza Bulegoak errefuxiatuak hartzen dituzten erakundeekin zuzenean egiten du lan. Hau da, CEAR (Comité Español de Ayuda al Refugiado), Cruz Roja  eta ACCEM (Asociación Comisión Católica Española de Migración) elkarteek unibertsitatera bideratzen dituzte atzerriko lagunak, zeinak beren herrietan goi-mailako ikasketak egiten hasiak ziren.

Unibertsitatera ailegatzen direnean, Garapenerako Lankidetza Bulegoko teknikariek gidatzen eta laguntzen diete unibertsitatera sarrera eskatzen, ikastegietan beharrezko paperak aurkezten eta matrikula egiten. Fernandez errektoreordeak honela azaltzen du: "Harrera eta atentzioa pertsonala da, kasu bakoitza berezia delako eta betebehar desberdinak dituelako: dokumentazio akademikoa itzultzea, ostatua bilatzea edota ikastegietara joateko laguntza ekonomikoa. Hasieran errefuxiatuak askotan, ia egunero, igarotzen dira Garapenerako Lankidetza Bulegotik, baina asteak pasa ahala bisitak luzatzen dira, gure unibertsitate komunitatean bertakotu dira eta".

Azken ikasturtean (2016/17) bederatzi errefuxiatuk goi-mailetako ikasketak (Graduak eta Masterrak) egin dituzte unibertsitatean, Arabako Campusean bik eta Bizkaiko Campusean zazpik. Haietako bik masterrak egin dituzte. Batek  ekainean amaitu du Enpresa Zuzendaritza Berrikuntzaren eta Internazionalizazioaren Ikuspegitik Unibertsitate Masterra. Besteak, bere aldetik, Sistema Elektroniko Aurreratuak egiten jarraituko du.  Beste ikasle errefuxiatuek eta aurtengo sei berriek jarraituko dute gradu hauek ikasten: Farmazia, Odontologia, Ekonomia, Enpresen Administrazio eta Zuzendaritza, Telekomunikazio Teknologiaren Ingeniaritza, Kudeaketaren eta Informazio Sistemen Informatikaren Ingeniaritza, Politika Zientzia eta Kudeaketa Publikoa, Soziologia, Zuzenbidea, Itzulpengintza eta Interpretazioa.