euskaraespañol

Azken urteetan detektatu den immigrazioarekiko jarreren hobekuntza finkatu da 2017an, krisialdi ondoko agertokian

Migrazioa eta biztanle autoktonoek adierazten dituzten jarrerak oso loturik daude ekonomiaren eta lan-merkatuaren bilakaerarekin

Lehenengo argitaratze data: 2017/09/27

Irudia
Patxi Juaristi eta Gorka Moreno, prentsaurrekoan. UPV/EHU.

Ikuspegi - Immigrazioaren Euskal Behatokiko Zuzendari Gorka Morenok, Euskal Herriko Unibertsitatearen Bizkaiko Campuseko Errektoreorde Patxi Juaristi eta Eusko Jaurlaritzako Familia Politikako eta Aniztasuneko zuzendari Ernesto Sainz eta Eusko Jaurlaritzako Gizarte Politiketako Sailburuorde Lide Amilibiak lagun zituela, euskal gizarteak atzerritarren immigrazioaren aurrean dituen jarrerak neurtzen dituen 2017ko Barometroaren emaitzak aurkeztu ditu. Azterketa horren arabera, euskal biztanleek, aurreko urteetan bezala, jarrera anbibalentea dute atzerritarren immigrazioaren aurrean: ezaugarri irekiak eta toleranteak antzeman daitezke, jarrera uzkurragoak erakusten dituzten beste batzuekin batera. Dena den, azken Barometro horretako datuak 2016. urtekoen oso antzekoak dira eta desberdintasun garrantzitsuak erakusten dituzte ekonomia-atzeraldikoen aldean.

Eusko Jaurlaritzako Gizarte Politiketako Sailburuorde Lide Amilibiak gaur goizean prentsaurrekoan azaldu duen moduan, "2014an, 2015ean eta 2016an detektatu zen immigrazioarekiko jarreren hobekuntza finkatu egin da 2017an", nahiz eta emaitzak, oro har, 2016an baino zertxobait txarragoak izan. Izan ere, "jendeak ez du uste immigrazioa euskal gizartearen arazo nagusietako bat denik". Ikuspegi - Immigrazioaren Euskal Behatokiak Eusko Jaurlaritzaren eta Universidad del País Vasco/Euskal Herriko Unibertsitatearen arteko lankidetza-hitzarmenaren barruan egiten duen Barometroan parte hartu duten pertsonen % 2,4k besterik ez dute aipatzen berez EAEko lehen arazo gisa.

Integrazio-eredua bezalako alderdietan ikus daiteke anbibalentzia. Kultura-aniztasunaren aberastasun soziala azpimarratzen duten iritzien aurrean, azken urtean finkatu diren jarrera asimilazionistak ere agertzen dira.
Tolerantzia-indizea 2016koa baino txikixeagoa bada ere, "bat dator azken urteetako konfiantza berreskuratzeko ildoarekin", Amilibiak adierazi duen moduan. Tolerantziak izan duen jaitsiera txiki hori (59,04tik 58,48ra) bat dator ekonomia-hazkundean izan den motelaldi txiki batekin. Horrek nabarmentzen du immigrazioarekiko tolerantziak nolabaiteko paralelismoa gordetzen duela euskal gizarteak etorkizunari aurre egiteko duen konfiantza eta ziurtasun handiago edo txikiagoarekin.

Dena den, UPV/EHUko Bizkaiko Campuseko Errektoreorde Patxi Juaristik azpimarratu duenez, "2012az geroztik indize horrek nabarmen egin du gora eta krisialdiaren aurreko mailara itzuli gara" eta horretarako lagungarria izan da "egungo euskal egoera soziala, ez baitago hainbesteko sumindurarik, eta alde batera uzten baitira immigrazioa kritikatzen duten diskurtso politikoak, eztabaida interesatuak eta abar".

Gorka Morenok gehitu duenez, "2017. urteak finkatu eta berretsi egin du Euskal Autonomia Erkidegoan 2014., 2015. eta 2016. urteetan immigrazioarekiko jarreretan izan zen inflexio-puntua. Oro har, datuak mantendu egin direla edo item gutxi batzuetan pixka bat jaitsi direla ikusi da". Izan ere, "zifrak kasu gehienetan ekonomia-krisialdiaren aurreko urteetako antzeko ehunekoetan kokatzen dira; hortaz, ondoriozta dezakegu ekonomia-koiunturak eragina duela eta baldintzatu egiten dituela euskal gizarteak immigrazioaren aurrean dituen jarrerak. Zenbat eta ziurtasun handiagoa, konfiantza handiagoa oro har".

Azken Barometroan, euskal biztanleen %12,6k immigrazioa aipatzen dute Euskadik dituen hiru arazo nagusien artean. 2016an gizartearen %12,3k adierazten zuen hori. Euskal herritarrentzat Euskadiko arazo nagusia langabezia da (hala aipatzen dute inkestatutakoen %77,3k), eta horren atzetik, izaera ekonomikoko arazoak (%25), ustelkeria eta iruzurra (%17,1), edo klase politikoa, alderdi politikoak eta gobernua (%14,9). Immigrazioa, arazo pertsonal gisa, bestalde, 2016ko %8,5etik 2017ko %5,2ra jaitsi da.

Ziurgabetasun eta errezelorik handiena sortzen jarraitzen duten alderdietako bat immigrante atzerritarren etorrerari eta euskal gizartearen ongizate-egoera mantentzeari edo eskubide eta prestazio sozial jakin batzuk izaten jarraitzeari lotutakoa da. Krisialdiarekin indartu egin ziren pertzepzio horiek, baina 2014. urtetik aurrera, gehienenak izaten jarraitzen badute ere, garrantzia galdu dute.

Lan-merkatuari lotutako ikuspegi funtzionala eta utilitarista, hots, immigranteak lan-merkatura ongi egokitzen direla uste zuena, nabarmen gainbeheratu zen krisialdiaren eraginez. Esate baterako, uste hori zutenak 2009an %55,9 ziren eta 2014an %30,4. Alabaina, ehuneko horrek gora egin du harrezkero, eta Ikuspegiren Barometroaren arabera %41,4ra iritsi da 2017an.

Aterpea

Aterpeari dagokionez, inpaktu sozial eta mediatiko handiko gaia, datuek adierazten dutenez euskal gizartea irekia eta tolerantea da errefuxiatuekin. %27k uste dute inongo murrizketarik gabe hartu behar direla errefuxiatuak (2016an datu hori %29,8 zen). Gainera, sarbidea murrizketarik gabe edo jazarriak direla frogatu ondoren izan behar dutela adierazten dutenen ehunekoak gehitzen baditugu, kopurua %67,9raino igotzen da.