euskaraespañol

‘SMA’ app-a eta ‘Minibuilder’ proiektua, Ekin-up 2017 Enpresa Ideien III. Lehiaketako ex aequo irabazleak

Bigarren saria kalez kaleko salmentarako Fast Café proiektuak eraman du

  • Kronika

Lehenengo argitaratze data: 2017/11/23

Irudia

UPV/EHUko Gipuzkoako Ekonomia eta Enpresa Fakultateak antolaturiko ‘Ekin-up 2017’ Enpresa Ideien Lehiaketako sariak banatu dira Donostian.

Lehen saria Iker Zuñigak irabazi du, Enpresen Administrazio eta Zuzendaritza Graduko laugarren mailako ikasleak (Gipuzkoa), SMA APP izeneko proiektuarekin. Saria, baina, exaquo partekatu du Mikel Bohoyo lehen mailako ikaslearekin (Gipuzkoa), zeinak Minibuilder proiektua aurkeztu baitu.

Ikerrek jendea supermerkatuan erosten ari dela aztertzen eta laguntzen duen aplikazio batean txertaturiko software bat aurkeztu du. Mikelek, bere proposamenerako, oroigarrien salmenta hartu du oinarri; zehazki, eraikin esanguratsuen irudiak, turistei 3Dn inprimaturikoak.

Bigarren saria Fakultatearen Arabako ataleko Alberto López ikasleak eskuratu du; hain justu, hiriko zenbait leku estrategikotan kafea eta mokadu bat saltzeko proiektua aurkeztu du.

Epaimahaiko kide izan dira Lorea Varona, Bic Gipuzkoa Berrilanekoa; Eduardo Malagón, ikastegiko irakaslea; eta Itziar Azkue, Praktiken, Enpresekiko Harremanen eta Euskararen arloko dekanordea.

Sariak banatzeko ekitaldian, halaber, gizartean ekintzailetza sustatzeko KOOPfabrika programa aurkeztu du Amaia Alvearrek, UPV/EHUren Gezki Institutuko kideak (Gizarte Ekonomia eta Zuzenbide Kooperatiboaren Institutua). KOOfabrika programaren helburua da ekintzailetzari eduki soziala, kooperatiboa eta eraldatzailea gehitzea, prestakuntza teorikoaz, ekintzailetza sozialerako tresna espezifikoez eta proiektuen tutoretzaz baliatuta.

UPV/EHUko Ekonomia eta Enpresa Fakultateko Gipuzkoako Atalak Enpresen Administrazio eta Zuzendaritza Graduko ikasleen sormena, berrikuntza eta ekintzaile izaera sustatu asmo du, eta ‘Ekin-up’ Enpresa Ideien Lehiaketa, hain zuzen ere, xede horrekin abiatutako jardueren barruan dago. Lehiaketaren helburua da ekintzailetza sustatzea, hala egungo ikasleek nola ikasle ohiek euren ezagutzak, gaitasunak eta esperientzia aplika ditzaten enpresa proiektuak eta negozio berriak martxan jartzeko orduan.