euskaraespañol

Hegoa institutuak 30 urte bete ditu

Koldo Uncetak, institutuko lehen zuzendariak, eta Karlos Pérez de Armiñok, gaur egungo arduradunak, 1987an hasitako bideari eta etorkizuneko erronkei buruz hausnartu dute

  • Erreportajeak

Lehenengo argitaratze data: 2017/11/24

Irudia

1987. urtea zen. Mundua izugarrizko abiaduran ari zen aldatzen. Ekialdeko herrialdeak bor-bor zeuden. Berlingo harresia kolokan zegoen. Latinoamerikako krisiak munduko ordena ekonomikoa astintzen zuen. Eta Euskadin aktibismo sozial handia zegoen… Gertakari horiek guztiek bat egin zuten UPV/EHUko irakasle Koldo Uncetaren ibilbide pertsonal eta profesionalarekin. Garai hartan, Unceta tesia idazten zebilen, boluntario gisa aritu zen Erdialdeko Amerikan hiru urtez, eta lotura estua zeukan Euskadiko gizarte mugimenduekin. Horren guztiaren eraginez, eta hausnartzeko eta ikertzeko espazio bat behar zela eta, Hegoa sortu zen, Nazioarteko Lankidetza eta Garapenari Buruzko Ikasketa Institutua, Euskal Herriko Unibertsitatean.

“Kamikazeak ginen, sentsibilitate sozial handiko ausartak. Ausardia eta ausarkeria handia genuen”. Horrela azaldu du Koldo Uncetak, Hegoako lehenengo zuzendariak, nola jaio zen institutua, zeinak gaur, azaroaren 24an, 30 urte bete dituela ospatzen baitu Garapenerako, bakerako eta giza eskubideetarako erronkak aztertuz. Jardunaldian hitz egingo dute, besteak beste, Jenny Pearcek, London School of Economicseko ikertzaileak; Itziar Ruiz-Giménezek, Madrilgo Unibertsitate Autonomoko irakasleak; Mariano Aguirrek, Nazio Batuen Kolonbiarako Koordinatzaile Egoiliarraren aholkulariak; eta Paco Etxeberriak, UPV/EHUko irakasle eta Aranzadi Zientzia Elkarteko zuzendariak.

Hegoako gaur egungo zuzendari Karlos Pérez de Armiñok hauxe nabarmendu du: “Duela 30 urteko garai politikoak belaunaldi bat markatu zuen, idealismoz betetako sasoi batean jaioa eta proiektua posible egin zuen entrega gaitasuna zuena. Gure erronka funts horri eustea da, gizartearekin konprometitutako taldeak sortzen jarraitzea, Hegoaren espirituarekin bat”. Hausnarketa eta ikerketa, lan akademikoa azken batean, institutuaren oinarrietako bat da, baina bestea, eta berdin garrantzitsua, konpromiso soziala da: boluntario lanarekiko lotura.

Hegoa marea

Institutua proiektu aitzindaria izan zen Euskadin; sei bat pertsonak soilik abiatu zuten, eta, handik 30 urtera, 60 kide baino gehiago biltzen ditu. Baina, gainera, orduko egitasmo altruista hura unibertsitateen, gizartearen eta erakundeen erreferente bilakatu da Euskal Herrian eta munduan. “Gaur, lankidetza eta gizarte mugimenduak ezin dira ulertu Hegoa gabe”, esan du Koldo Uncetak. Karlos Pérez de Armiño ere bat dator horrekin: “Euskal Herriko eta estatuko gizarte mugimenduetako kide asko eta Eusko Jaurlaritzako, Lankidetzaren Euskal Agentziako, aldundietako, udaletako eta abarretako teknikari ugari gure masterretan trebatu dira”.

Unceta: “Sentsibilitate sozial handiko kamikazeak ginen”

2017-2018 ikasturterako, Garapena eta Nazioarteko Lankidetza Masterra izan da gehien eskaturiko titulua, 186 aurre-inskripziorekin; Globalizazioa eta Garapena Unibertsitate Masterra, berriz, laugarren lekuan dago, 100 eskaerarekin. “Urtero berdin gertatzen da. Azken hamar ikasturteetan —azaldu du Pérez de Armiñok—, 482 pertsona matrikulatu dira gure master ofizialetan (Globalizazioa eta Garapena Masterra: 206; Garapena eta Nazioarteko Lankidetza: 276). Berezko titulua zegoenean, 188 izan ziren. Eta, orain, 87 tesi ditugu matrikulatuak”.

Prestakuntzarekin batera, ikerketa da Hegoaren lanaren oinarrietako beste bat. “Hasieratik, gizarteari baliagarri izango zaion ezagutza sortu nahi izan dugu, ezagutza praktikoa”, dio Koldo Uncetak. Filosofia horrekin jaio ziren Dokumentazio Zentroa eta Liburutegi Digitala. Edonork erabil ditzake, eta bien artean funts espezializatu handia biltzen dute: 20.400 erregistro bibliografiko, 6.500 liburu fisiko eta 1.100 deskriptoreko tesauro propio bat. Gainera, 2007tik 2016ra, deskargak modu esponentzialean areagotu dira. Orain dela hamar urte, 15.905 agiri deskargatu ziren, eta 2016an, berriz, 1.262.353; deskarga horietatik % 51 Latinoamerikan egin ziren, % 17 Euskal Autonomia Erkidegoan, % 23 estatuko gainerako erkidegoetan, % 6 Europan eta % 3 munduko gainerako herrialdeetan.

Geroari so: diziplinaz haraindiko ikerketa

Institutuak erronka bat du aurrerantzean: Hegoa espirituari eustea eta, era berean, hala ikerketak nola argitalpenak zabaltzeko teknologia digitala erabiltzea. “Halaber, lankidetzaren eta garapenaren arloan ikertzen duten gazteak erakarri nahi ditugu, gaitasun teknikoa eta profesionala dutenak, aldaketa handiak eta egungo desberdinkeriak kritikoki aztertuko dituztenak, zalantzazko mundu honetan, non iparraldean hegoalde asko baitago, eta hegoaldean, iparraldea”, adierazi du Hegoako gaur egungo zuzendariak.

Gainera, institutuko taldeak garapenari buruzko ikasketen lan arloak zabaldu nahi ditu, gaur egungo eskari sozialei erantzute aldera. “Giza eskubideek, ekologiak eta ingurumenak, eta kanpo eta barne politika koherente eta lotetsien garapenak beste leku batzuk hartu dituzte gure gizartean. Gero eta beharrezkoagoak dira ekonomia sozial eta solidarioa, bakea eraikitzeko eta gatazka armatuak, memoria, indarkeria eta erreparazioa tratatzeko estrategia berriak. Eta ez dugu ahaztekoa generoa eta garapena lanerako espazio garrantzitsua direla”, dio Koldo Uncetak.

Pérez de Armiño: “Gure erronka idealismoari eta entrega gaitasunari eustea da”

Alde horretatik, Hegoak zeharkako eta diziplina askotako azterlanak egiten ditu, irtenbide irekiak behar dituzten gatazketan argi egiteko. Bi zuzendariak bat datoz: “Arazoak ezin dira diziplina akademiko baten barruan sailkatu. Lanerako eta ikerketarako bideek diziplinaz haraindiko irtenbideak ekarri behar dituzte”. Ildo horretatik, eskatzen dute ANECAk institutuan egiten duten ikerlana aitor dezala, diziplinaren kontzeptua inposatzen duten muga akademikoak hauts daitezela, eta ‘garatzeko bidean diren azterlanei’ beste herrialde batzuetan –Britainia Handian, esaterako– ematen zaien garrantzi berbera eman dakiela.

Hegoa Euskal Herriko Unibertsitatearen eta 1987an sortutako Hegoa elkartearen arteko institutu mistoa da. Koldo Uncetaren atzetik, Pedro Ibarra eta Luis Guridi izan ziren zuzendari, eta gaur egun Karlos Pérez de Armiñok betetzen du kargu hori. 30 urte hauetan, garapenarekin eta lankidetzarekin lotutako arloetan prestakuntza eman, ikertu eta aholkatu du, eta Dokumentazio Zentro bat dauka, nazioarteko lankidetzaren eta garapenaren esparruan ezinbesteko erreferente dena.