euskaraespañol

UPV/EHUk, Musikenek eta Tecnunek ‘Campusari musika eta hitza jarri’ kultur lehiaketa atera dute

El objetivo es promover la convivencia entre su alumnado

  • Albisteak

Lehenengo argitaratze data: 2017/11/27

Irudia
Argazkia: Raúl Antón, Miren Iñarga eta Agustin Erkizia. UPV/EHU

‘Campusari musika eta hitza jarri’ kultur lehiaketa aurkeztu dute, Universidad del País Vasco / Euskal Herriko Unibertsitateak (UPV/EHU), Tecnun-Nafarroako Unibertsitateak eta Musikene - Euskal Herriko Goi Mailako Musika Ikastegiak sortua eta hiru erakunde horietako edozein ziklotako ikasleentzat antolatua.

Lehiaketako parte hartzaileen taldeak 2-4 ikaslek osaturikoak eta mistoak izango dira, hau da, gutxienez bi taldekide erakunde antolatzaile desberdinetakoak izango dira. Talde bakoitzak musika eta literatur testuen arteko konbinazio bat edo batzuk proposatuko ditu. Musika, berriz, Youtubeko grabazio baterako estekaren bidez aurkeztu beharko da. Bestalde, literatur testua bi hizkuntza ofizialetako edozeinetan idatzi ahal da; asko jota 300 hitz izango ditu, eta erabilitako musika nolabait aipatu beharko du. Era berean, hitzak eta/edo musika unibertsitateko bizitzaren edozein alderdiri buruzkoak izango dira. Hiru sari emango dira konbinazio onenentzat: 400, 300 eta 200 euro, eskolako materiala erosteko. Lanak aurkezteko epea 2017ko abenduaren 31n bukatuko da.

Lehiaketa aurkezteko ekitaldian parte hartu dute Agustin Erkiziak, UPV/EHUko Gipuzkoako Campuseko errektoreordeak; Raúl Antónek, Nafarroako Unibertsitateko Tecnuneko zuzendariak; Miren Iñargak, Musikene - Euskal Herriko Goi Mailako Musika Ikastegiko zuzendari nagusi eta akademikoak; eta, Antonio Casadok UPV/EHUko Gipuzkoako Campuseko Unibertsitateko Hedakuntzarako zuzendariak.

UPV/EHUko Gipuzkoako Campuseko errektoreorde Agustin Erkizia pozik agertu da lehiaketa hau antolatu dela eta: “Oso gustura gaude bide honi ekin izanarekin, asko baitugu besteengandik ikasteko. Aukera batzuk esparru ezagunak eta familiartekoak ematen digun konfort gune horretatik ateratzera ausartuz gero baino ez zaizkigu etorriko. Kontuan izan behar dugu giza harremanak garrantzitsuak direla berrikuntzak sorrarazteko, ez soilik teknologiaren arloan, baita kulturaren eta arteen arloan ere. Lehiaketa hau lehen urratsa da, apala baina esanguratsua, gure erakundeetako edozein ziklotako ikasleen lankidetza saritzeko”.

Raúl Antón Nafarroako Unibertsitateko Tecnuneko zuzendariak ere lehiaketaren garrantzia azpimarratu du: “Unibertsitateari taldean lan egitea eta campuseko bizitzaren aberastasun hori kontakizunen eta musikaren bitartez adieraztea dagokio. Izugarri pozten nau Musicampus proiektuak; izan ere, besteak beste, UPV/EHUrekin eta Musikenerekin batera landutako ideia bat da”.

Bestalde, Miren Iñargak, Musikene - Euskal Herriko Goi Mailako Musika Ikastegiko zuzendari nagusi eta irakasleak, oso ontzat jo du lehiaketa: “Gipuzkoako unibertsitateetako ikasleak Musicampus proiektu sortzaile eta motibagarriaren bueltan elkartzeak gazteen arteko elkarlana eta sormena bultzatzen ditu; izan ere, bestelako jarduera artistikoekin taldean lan egiteko aukera ematen du, hala nola literaturarekin eta musikarekin. Musikeneri, gainera, kontuan hartuta Gipuzkoako Campusera heldu berri dela, lehiaketak bide emango dio hezkuntza eta gizarte arloan gehiago sakontzeko eta etorkizunean unibertsitate artean lankidetzan aritzeko.

‘Campusari musika eta hitza jarri’ lehiaketak kultura, erakundeen arteko harremanak eta hiriko unibertsitateko ikasleen artean bizikidetza ona sustatu nahi ditu.

Informazio gehiago: https://www.ehu.eus/eu/web/gipuzkoa/musicampus