euskaraespañol

Arkitekturako 5. mailako hogeita hamar ikaslek, Montpellierren erakutsi den instalazio bat sortu dute

Taldean lan egin zuten behin betiko proiektua diseinatzeko. Hamabost proposamen artean aukeratua, Architectures Vives jaialdian aurkeztua izan zen

  • Kronika

Lehenengo argitaratze data: 2017/12/13

Irudia

Arkitekturako bosgarren mailako ikaslek, profesional gisa gainditu beharko dituzten erronken, beren proiektuak gauzatzeko aurkituko dituzten zailtasunen inguruko ideia bat eskaini dien esperientzia bat bizitu dute. Gazte horiek bizi berri duten esperientzia hori UPV/EHUko Arkitektura Goi Eskola Teknikoak eta Montpellierreko Arkitektura Goi Eskola Nazionalak sinatu duten titulazio bikoitzeko hitzarmenaren lehen ondorioetako bat da. Bordeleko Arkitektura Eskolarekin batera hasitako bideari jarraiki, hitzarmen berri hau 2017/2018 ikasturtean hasi gara aplikatzen.

Montpellierreko Arkitektura Goi Eskola Nazionalak Architectures Vives jaialdia antolatzen du urtero, hiriko zenbait plaza instalazio artistiko ezberdinez betez. Lanen aukeratzea lehiaketa bidez egiten da. Antolatzaileek, ordea, bi gonbidapen egiteko aukera dute eta gonbidapen horietako bat, aurten, UPV/EHUko Arkitektura Goi Eskola Teknikoarentzat izan da.

Donostiako ikastegian Paisaiaren Arkitektura irakasgaia ematen duen Mario Sangalli irakasleak eta Proiektuen Esperimentazio Laborategia irakasgaiko irakasle Iñigo Viarrek beren proposamenak garatzeko gonbitea egin zieten beren ikasleei. Berrogeita hamar ikasle inguruk erronka onartu zuten eta, taldetan banatuta, hamabost proiektu aurkeztu zituzten.

Esku-hartzeak aire zabalean egin behar ziren eta Montpellierreko erdigunean, eraikin batzuen artean dagoen eta sarbidea tunel baten bidez duen patio bat esleitu zitzaien. Gaia emozioa zen nahiz eta irakasleen ustez, gai orokorregia zen: “instalazio mota honi loturiko osagaia baita”, azaldu du Mario Sangalli irakasleak. Honek, Arkitekturako ikasleen inplikazioa nabarmendu du ere.

Prozesu guztia hausnarketa eta praktika ariketa bat izan zen ikasleentzat eta proiektua asmatzeko unetik bertatik, zailtasunak gainditzen hasi behar izan zuten. Irakasleek, emozioaren gaia abiapuntutzat hartuta, proiektua zertxobait zaildu nahi izan zuten eta Kantauri eta Mediterraneo itsasoen arteko erlazio bat ezartzea eskatu zieten ikasleei. Lana, ondorioz, argiaren inguruan gauzatu zen.

Aurkeztutako proposamenak oso ezberdinak izan ziren. Gipuzkoako airea globo handitan garraiatu nahi izan zuten batzuek; zeruari markoa jarri besteek. Beste proposamen batek espazioa labirinto batez bete nahi zuen, hitz bat osatuz. UPV/EHUko Arkitektura Goi Eskola Teknikoko zuzendari Juan Jose Arrizabalaga eta Santos Bregaña artista izan ziren epaileak eta lau finalistak aukeratu zituzten. Ondoren, ikasleek berek erabaki zuten Montpellierrera igorriko zen proiektua. Aukeratutako lana hiru osagaitan oinarritzen zen: patioa sarbidetik ikustea galarazten zuen horma bat; ate altu bat, oinezkoaren kuriositatea pizteko; eta ispilu plano bat zoruan, zerua islatu ahal izateko.

“Ordura arte, ez zen alde handirik sumatu beste unibertsitate lan gehienekiko. Zailtasunak proposamena 1.000 euroko aurrekontu zehatzaz baliatuz maketatik errealitatera igaro behar izan zutenean agertu ziren. Honela, etorkizuneko arkitekto horiek arkitekto profesionalek beren egunerokotasunean izaten dituzten zailtasunak ezagutu zituzten: materiala garraiatzeko garraiobidearen beharrak eta bitarteko, espazio eta denboraren eskuragarritasuna hiri hartako plazan”, azaldu du Sangalli irakasleak.

Enpresa bat balira bezala, bost taldetan banaturiko hogeita hamar bat ikaslek diseinu, eraikuntza, aurrekontu eta erosketa atazak, komunikazioa eta autobus bidaiaren antolakuntza beren artean banatu zituzten. Sangalli eta Viar irakasleez gain, UPV/EHUko Arkitektura Goi Eskola Teknikoko laborategiko teknikari Luis Gurrutxagak eta muntaia iragankorretako koordinatzaile Miquel Baquerok beren laguntza eskaini zuten ere. Sangallik lan egiteko era honek dakarren ikaskuntza nabarmendu du, lau pertsonaren ideia bat pertsona askoren artean garatua behar izan baita. “Praktika antzekoak izan dira eta oso erantzun ona eman dute. Bakoitzak bere eginkizuna zuen baina asko lan egin behar izan dute elkarrekin. Proiektua eztabaidatu eta garatu behar izan dute, gauzak aldatuz eta hori da, funtsean, arkitektura aberasten duena: ideia abstraktuak posible egitea”.

210 ispilu

Behin betiko diseinuak, Falling into the Sky izenekoak, 210 ispilu, egurrezko zenbait modulu, ate gorri bat -eskolatik bertatik aterata, eraikinaren jatorrizko atetako bat baitzen, orain dela urte batzuk desmuntatu izan zena antolakuntza aldaketa baten ondorioz- eta 24 harea zaku aurreikusten zituen. Hori guztia, ikasleak Frantziako hiri horretaraino eramango zituen autobusaren behealdean sartu ahal izateko pentsatua.

Azkenik, hogei bat ikaslek Montpellierrera bidaiatu zuten. Bidaian zehar, Carcassonne eta Valmagne abadia bisitatu zituzten. Bidean jarri aurretik, ordea, azken froga bat egin zuten ikastegiko sarreran arazorik edo ezusterik ez izateko muntaia egiteko unean.

Unai Urrutikoetxea, proiektuan parte hartu zuten ikasletako bat da. Ikaskuntza izan da alderdirik nagusia berarentzat: “Ordura arte oso teorikoa zen dena baina pieza muntatu behar izan genuenez, printzipioz erraza den lan batek ekar ditzakeen zailtasunak ikusten hasi ginen. Ordenagailuan lerro bat baino ez den hori, arazo asko dira muntaia egiterakoan; berdinketa, esaterako, ikusten ez den alderdi bat”. Urrutikoetxeak eta bere taldeak aukeratua izan ez zen beste lan bat aurkeztu zuten. Montpellierretik etorri ostean, argi dauka errefus horren zioa: “Polita oso, baina egin ezina zelaz ohartu nintzen". Talde handi batean lan egiten ikasi duela dio ere, "orain arte ez baitut 30 pertsonako talde batean lan egiteko aukerarik izan”. Esperientzia hain izan da positiboa, ezen ezaugarri berdintsuak dituen Logroñoko Concéntrico jaialdian parte hartzea erabaki duten.

Miriam Sánchez ikasleak, gainera, oso positiboki baloratzen du bere parte hartzea proiektuan. “Oso esperientzia aberasgarria iruditu zitzaidan. Egia esan ez da oso sarritan gertatzen eskolan diseinatzen dugun zerbait gauzatzeko aukera izatea eta oso suspergarria da lan egin duzun eta hainbeste ordu eskaini diozun proiektuetako bat errealitate bilakatzen ari dela ikustea. Gainera, beste herrialde batera joateak, paperean marraztutako ideia zeure eskuekin eraikitzera, ohartarazi egiten dizu zein konplexua den proiektu bat gauzatzea, bere eskala edozein izanda ere. Batik bat, talde-lana nabarmenduko nuke, diseinuaren fasean egindakoa, eta ondoren Montpellierren, eraikuntza fasean. Baita geure eskuekin eraikitzeko eman zitzaigun aukera ere. Oso esperientzia positiboa iruditu zait eta ikasleak animatzen ditut horrelako lehiaketetara aurkeztera, merezi duen esperientzia baita".

Ondokoak dira Montpellierrera joan ziren ikasleak: Maite Aizpuru, Maria Barasorda, Joana Barriocanal, Andrea Burgoa, Ainhoa Cabezon, Alejandra Contreras, Andrea Daraban, Olga Egia, Leire Garcia, Arantza Gonzalez, Irene Gregoris, Rok Lovsin, Cristina Martinez, Diana Matei, Stefania Praf, Amaia Renteria, Viviana Riponti, Miriam Sanchez, Natalia Uribe-Echevarria eta Unai Urrutikoetxea.

Architectures Vives jaialdia

Doako ekitaldi publiko hau 2006. urtean sortu zen Montpellierren eta hiriak dituen interes historikoko gune ezberdinak ezagutzeko aukera ematen du. Edizio bakoitzerako bereziki sorturiko arkitektura instalazio ezberdinen bidez, erdigune historikoa ezagutzeko gonbitea egiten zaie bisitariei, lanak bertan barrena barreiatuta baitaude. Normalean ikusle orokorrentzat itxita dauden eta aste horretan zehar beren ateak irekitzen dituzten etxe zahar batzuetako patioak lotzen ditu ibilbideak, irudi berezia eskainiz bisitariei instalazio iragankorren bitartez.

Edizio bakoitzean gai bat ezartzen da instalazioen ardatz gisa. Aurkezten diren lanak, arkitektura taldeei zuzenduriko nazioarteko lehiaketa batean jasotako proposamenen artean aukeratuak izaten dira. Aurtengo edizioaren gaia arkitekturak, diziplina artistikoa den heinean eraikuntza hutsetik haratago joan eta transmiti dezakeen “emozioa" izan zen. UPV/EHUko Arkitektura Goi Eskola Teknikoak eta Montpellierreko Arkitektura Eskolak sinatu duten Titulazio Bikoitzeko Hitzarmenaren ondorioz, Donostiako ikastegia jaialdian parte hartzera gonbidatua izan zen eta patioetako bat esleitu zitzaion: Hotel des Tresoriers de la Bourse delakoa.

Proiektuari buruzko informazio osagarria

Facebook: https://www.facebook.com/fallingintosky/

Instagram: https://www.instagram.com/fallingintosky/