euskaraespañol

In memoriam: Juan Echevarria Gangoiti

  • Kronika

Lehenengo argitaratze data: 2019/01/28

Irudia

 

Osaba Juan

Abenduaren 25ean, Juan Echevarria Gangoiti hil zen:  nire osaba, gure osaba; izan ere, testu hau ilustratzen duen marrazkiaren egilea, Amenofis modura sinatzen duena, nire anaia da. Osabari diogun estimua eta maitasuna subjektiboa da, baina badaude mugarri izan ziren datu zehatzak ere, eta horiek gure hurbileko iragan kolektiboaren parte dira.

Osaba bilbotarra zen, familia aberatsekoa, baina haren aita Feliciano Echevarría hil zenean, osaba Juan eta haren anaiek gogor lan egin eta sufritu behar izan zuten, haien ama miresgarriak bultzatuta, unibertsitate ikasketak egin ahal izateko.

Ekonomiako karrera oso azkar amaitu zuen, eta 31 urte zituenerako Ekonomiako katedraduna zen. Beste titulu batzuk baino nahiago izan zuen beti hori, eta oraingoan ere horixe bera jaso dute eskelan izebak eta haren seme-alabek.

Amama Piedaden esanetan (haren ama), geldiezina zen, aktibista, “saltsa guztien perrexila”. Horrez gain, errugbi jokalari aitzindaria izan zen: iaz, Munduko Errugbi Txapelketaren harira, tokiko prentsak Bizkaiko lehen errugbi taldearen argazki bat argitaratu zuen, Club Deportivo Bilbaorena. Argazkia 1947koa da, eta San Mamesko zelaiaren gainean ikus daiteke osaba Juan, makurtuta, obala oinetan duela… eder-eder, gainera.

Ekonomiaren Teoria irakasten zuen. Ezagutu ditudan ikasle askok esan didatenez, irakasle ona zen, hizlari aparta, eta bereziki zorrotza. 1966an, Ekonomiako dekanoa izan zen Sarrikon, eta bi urte geroago, Bilboko Unibertsitate Autonomo izeneko unibertsitateko (UPV/EHU bihurtu zen gero) lehen errektorea izan zen. Hark esaten zuen moduan, Euskal Unibertsitate Barrutia ekarri baino lehen, bada Euskadiko egitura ekonomikorako osabak egin zituen ekintzen artean bat nabarmentzekoa iruditzen zaidana: 1959. urte aldera, Mondragon mundu kooperatiboak eskatuta, talde bat osatu zuen ondoren Laboral Kutxa izango zenaren zuzendari izateko dei egin zieten pertsonekin, taldeko enpresen finantzaketari lotuta. Askotan kontatu izan du osabak hori, eta horri buruzko “erreportaje grafiko” bat ere ikusi izan dut (lehengusuek izango dute): formazio hartako ikasleen argazkiak (gaur egun Master esango genioke) beren ikasmahaietan, talde oso formaletan eta baita Gorlizen futbol partidatxoren bat jokatzen ere, atsedenaldietan. Horien artean agertzen dira gure iragan ekonomikoko hainbat pertsona ospetsu, eta Eusko Jaurlaritzako sailbururen bat ere bai.

Unibertsitateen Zuzendari Nagusi izan zen, gero Ogasuneko Zerga Ikuskatzailetzako zuzendaria eta, ondoren, Eraikuntzarako Kreditu Bankukoa. Bilbotar gisa, bereziki harro zegoen etapa horretaz; izan ere, San Mamesko tribunarako kreditua sinatu zuen 1982ko munduko txapelketaren harira.

Osaba librepentsalaria zen, eta independentzia intelektual hori dela eta, UCDn egon zen, eta Bizkaiko diputatu aukeratu zuten 1977ko ekaineko lehen hauteskunde demokratikoetan. Gogoan dut kanpainako atzera-aurrerak, independentea izanik ez zuelako alderdi baten egitura: “O me escaño o me escoño”, esaten zigun iloba bihurrioi. Gogoan dut, era berean, haren umorea, kontatu zidanean zer gomendatu zion Suarez presidenteak zerrendaburuen argazkirako: “Trajea derrigor eta gorbata diskretua”. Bilbotar elegantea izanik, ironiaz kontatzen zuen nola interpretatuko litzatekeen diskrezioa probintzia batean edo bestean…

Amaierarako utzi dut osabak gure hurbileko historiako data erabakigarrietako gertakarietan (77tik 79ra) izan zuen protagonismoa.

Gernikako arbolaren azpian Euskal Parlamentarien Batzarra osatu zenean Estatutua egiteko, hark idatzi zuen une historiko hori jasotzen duen dokumentua. Gorde egin zuen eskuizkribuaren kopia bat, denek sinatutakoa, eta Karmelo Zamalloak itzuli zuen euskarara. Hark zeukan jatorrizkoa. Halaber, Bilboko prentsan haren eskela argitaratu zenean, 40 urte bete ziren osaba protagonista izan zuen beste gertakari batetik. 1978ko abenduaren 29an, Madrilera eraman zuen Estatutuaren testua EAJko diputatu Kepa Larunberekin batera, katalanei aurre hartuta. Aerotaxian joan ziren, eta abioneta ospetsu bihurtu zen, Euskadiko Autonomia Erkidegoa lehen postuan kokatu zuelako betiko protokoloan. Autonomia-erkidegoen banderak agertzen diren guztietan, ikurrina da beti lehenengoa. Eta Lehendakaria da beti presidenteen artean lehenengoa. Sinbolikoa da, baina niri gustatzen zait. Kepa Larunberekin abionetan egin zuen bidaia ospetsu hori argazkitan eta garai hartako prentsan jaso zuten. “Euskadi ganó en el aire la carrera del Estatuto” izenburua erabili zuen El Paisek orain dela gutxi gertakari hura gogoratzeko.

Osabaren beste une gogoangarri bat izan zen Arabako Foru Aldundiko osoko bilkuren aretoan Eusko Kontseilu Nagusiko lehen lehendakaria aukeratzeko egin zen bozketa. Gogoan dut tentsio bereziko eguna izan zela. Kontseilariek bederatzi aldiz jarri behar izan zituzten txartelak hautesontzietan. Lehen zortzietan berdinketa gertatu zen: sei boto Juan de Ajuriaguerrarentzat, eta sei boto Ramón Rubialentzat, eta, azkenean, bederatzigarrenean, osaba Juan abstenitu egin zen, eta Ramón Rubial aukeratu zuten. Gertakari horren ondorioz, kritika asko jaso zituen alderdi nazionalistarengandik. Badakit osabak elkarrizketak izan zituela Martín Villarekin eta Abril Martorellekin, konbentzitzeko Euskadiko indar politikoen korrelazioan nazionalistak nagusitzen zirela. Horregatik mantendu zituen hainbeste berdinketa bozketan, eta konfiantza zuen Ministroen Kontseiluak UCDko gainerako kideei botoa aldatzeko esango ziela. Ez zen hala izan. Berak esaten zuen Juan de Ajuriaguerra jaunak beti ulertu izan zuela. Egia da konfiantza eta konplizitate handiko harremana zutela biek eta osabak miresmen eta errespetu handia ziola. Nire bulegotxoan, badut argazki bat begiratzea gustatzen zaidana. Osaba, Mitxel Unzueta eta Juan agertzen dira, elkarrizketa serio batean. Lehen xedapen gehigarriaz ariko dira agian? Iñaki Anasagastik oparitu zidan.

Beste argazki batean, biok agertzen gara Luis Mari Retolazarekin hizketan. Eskola garaitik ziren lagunak osaba eta Luis Mari. Argazkian, Arkauten gaude, Ertzaintzako lehen promozioaren bulego banaketan. Osaba eta iloba gonbidatu gintuen. Berriro ere han izan zen, sinbolismo handiko ekitaldi batean.

Mugarri publiko horiek gogoratu eta partekatu nahi nituzke UPV/EHUk bere webgunean utzi didan leku honetan. Osaba Juan galdu dugula eta, hark egindako eta bizitako gauzen lekukotasuna uzten dut, haren memoria betikotu dezagun eta gazteek jakin dezaten osaba existitu zela.

 

 

Margarita Uria Etxebarria