2019ko Zientzia Asteak berriro piztuko digu zientziarekiko ilusioa

UPV/EHUren hedapen zientifikoko ekitaldi handiena Bilbon, Barakaldon, Gasteizen eta Donostian egingo da

  • Albisteak

Lehenengo argitaratze data: 2019/11/06

2019ko Zientzia Asteak berriro piztuko digu zientziarekiko ilusioa. Argazkia: Mikel Mtz. de Trespuentes. UPV/EHU
2019ko Zientzia Asteak berriro piztuko digu zientziarekiko ilusioa. Argazkia: Mikel Mtz. de Trespuentes

Zientzia Asteak eskaintza paregabea prestatu du; hain zuzen, doako 200 jarduera baino gehiagotan parte hartzeko aukera egongo da. Askotariko ekintzak antolatu dira: ikastetxeentzako bisitaldiak, txoko zientifikoak, tailerrak, irteera didaktikoak, hitzaldiak, lehiaketak eta dibulgazio ikuskizunak, hala nola Zientzia Club ikuskizuna edo “Jakinduriek mudue erreko dau” BertsoZientzia emanaldia. Hori guztia euskal gizartea zientziaren eta teknologiaren mundura erakartzeko asmoz.

Zientzia Astearen, UPV/EHUko Zientziaren, Teknologiaren eta Berrikuntzaren Astearen, hemeretzigarren edizioa gaur, azaroaren 6an, hasi da.  Bost egunez jarduera ludiko eta pedagogikoz beteriko egitaraua eskainiko du, publiko guztiei zuzendua. Jarduera horien guztien xedea da euskal gizartea zientziaren eta teknologiaren mundura erakartzea, eta zientzia entzuteko, dastatzeko, behatzeko, usaintzeko, ukitzeko eta zientziarekiko ilusioa izateko gonbita egitea. Zientzia Astea Bilbon, Gasteizen, Donostian eta Barakaldon egingo da.

Nekane Balluerka UPV/EHUko errektoreak, Cristina Uriarte, Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza sailburuak, eta Patxi Juaristi UPV/EHUko Bizkaiko Campuseko errektoreordeak inauguratu dute jarduera. UPV/EHUko errektorea den Nekane Balluerkaren hitzetan: “Bi dira Zientzia Astea antolatzera bultzatzen gaituzten helburuak, urtero nabarmentzen ditugunak: batetik, zientzia gizartera hurbiltzea, haur eta nerabeei bereziki, eta bigarrenik, bokazio zientifiko-teknologikoak piztea. Euskal Herriko Unibertsitatea ahalegin handia egiten ari da zientzia eta teknologiaren dibulgazioaren arloan. Zientzia Astea da dibulgazioaren, kultura zientifikoa sustatzearen, aldeko ahalegin horren adibide esanguratsua. Horretarako hurbiltzen dugu gure jarduera hirietako erdiguneetara”.

Cristina Uriarteren iritziz: "UPV/EHUk bultzatzen dituen horrelako ekimenak funtsezkoak dira zientzia gure ikasleengana hurbiltzeko. STEM (Science, Technology, Engineering and Mathematics) irakaskuntzak ikusarazten eta beste diziplina batzuekin erlazionatzen laguntzen dute; zientzia, matematika, teknologiak gure bizitzaren funtsezko zati dira, eta, horregatik, kultura zientifikoa izateaz gain, gure gazteek erakargarriak direla ikusi behar dute. Eusko Jaurlaritzatik STEAM Euskadi estrategia bultzatzen dugu, ikasle guztiek, eta bereziki neskek, beren kultura zientifikoa zabaldu ahal izan dezaten, horrela gai horietan interesez murgilduz eta kasu batzuetan alor horietan bokazioak pizteko helburuarekin".

200 doako jarduera

Edizio honetarako, Zientzia Asteak eskaintza paregabea prestatu du, doako 200 jarduera baino gehiagorekin.  Bertaratzen direnek aukera izango dute askotariko jardueretan parte hartzeko: txoko zientifikoak, tailerrak, irteerak, erakusketak, bisita gidatuak, lehiaketak eta abar. Horrez gain, zientzia, musika eta umorea uztartzen dituzten Zientzia Clubeko bakarrizketez gozatzeko aukera izango dute. Aurten, gainera, “Jakinduriek mundue erreko dau” izeneko BertsoZientzia emanaldia ere izango dugu, zientzia eta bertsolaritza bateratzen dituena.

Jarduera guztiak doakoak dira, eta tailerretarako, txangoetarako eta bisita gidatuetarako baino ez da beharrezkoa izena ematea. Jarduera asko beteta badaude ere, oraindik badaude plaza libreak beste batzuetan. Izen-ematea doakoa da, eta hemen aurki daiteke izena emateko moduari buruzko informazio guztia eta egitarau osoa: www.zientzia-astea.eus.

Halaber, Zientziaren, Teknologiaren eta Berrikuntzaren Asteak bisita antolatuak eskaintzen ditu Bigarren Hezkuntzako ikastetxeentzat. Ekimen horren arrakasta itzela izan da; hain zuzen, hiru egun baino gutxiagotan agortu dira txanda guztiak. Horrenbestez, azaroaren 6tik aurrera, Euskadi osoko milaka ikasle baino gehiago gerturatuko dira Zientzia Astearen egoitzetara, eta, bertan, matematikaren, arkeologiaren, astronomiaren edo genetikaren txokoak ezagutuko dituzte, besteak beste. Publiko orokorra ere gertura daiteke txokoetara, irekita egongo baitira Zientzia Asteak irauten duen bitartean.

Zientziaren arlo guztiak edonoren eskura, lau egoitzatan banatuta

Bilboko Bizkaia Aretoa – UPV/EHUn, 63 jarduera egingo dira azaroaren 6tik 10era bitartean. Zientziaren eta ezagutzaren askotariko arloekin lotutako 21 txoko egongo dira: matematika, bioteknologia, garunaren funtzionamendua, superbakterioak, ingeniaritza, etab. Horrez gain, 17 tailer egingo dira, zeinetan bakterio txikienetatik hasi eta planetak ezagutzeraino iritsiko baikara, jolas eta esperimentuen bidez. Urtero bezala, Zientzia Astea Bizkaia Aretotik kanpora aterako da; hain zuzen, 13 ibilbide didaktiko daude antolatuta eta, horien bidez, Punta Begoñako sekretuak ezagutuko ditugu edo gizateriaren historia deskubrituko dugu Bilboko itsasadarrean barrena ontziz gabiltzan bitartean.

Zientzia Astea Barakaldoko Clara Campoamor Zentro Zibikoan ere egingo da, Bilboko egun berberetan. Azaroaren 9an (larunbata) publiko guztientzako jarduera zientifiko-teknologiko ugari izango ditugu, Zientzia Azoka egingo baita. Esploratzeko irrika sentitzen dutenek aukera izango dute Gorostizako urtegiko edo Ramon Rubial Lorategi Botanikoko sekretuak ezagutzeko.

Bestalde, Zientzia Astea Donostiako Tabakaleran egongo da azaroaren 7tik 9ra bitartean, robotikari, geometriari, astronomiari, nanozientziari eta energia berriztagarriei buruzko jarduera, jolas eta erakusketak ekarriko dituzten 17 txoko eta 13 tailerrekin. Besteak beste, espazioko zaborraren arazoa ezagutarazteko tailerrak egongo dira, irteera geologikoak egino dira Donostiako kaleetan barrena eta aukera izango dugu Aquariuma, Zumaiako flyscha eta Albaola Itsas Kultur Faktoria ezagutzeko.

Gasteizen, Zientzia Astea Bibat Museoan egingo da azaroaren 7tik 10era; bertan, 12 txoko eta 18 tailer egongo dira eta, horien bidez, nanoteknologia, elikadura eta halako gaiak landuko ditugu modu dibulgatiboan, baita kriminalistika ere, frogak prozesatuz, detektibeak bagina bezala. Silexa zizelkatzeko eta historiaurrean bezala artea sortzeko aukera izango dugu. Zenbait irteera ere egingo ditugu, txakolin-upeltegi bat, dolare bat eta San Pedro mendiko hondar arkeologikoak ezagutzeko.

Aurten, Zientzia Astea berritasun garrantzitsu batekin dator: “Jakinduriek mundue erreko dau” izeneko BertsoZientzia ikuskizuna. Emanaldi horretan bat egingo dute itxuraz batere loturarik ez duten bi diziplinak, zientziak eta bertsolaritzak, beren ohiko mugak zeharkatu eta publiko berriengana iristeko asmoz. Ekimen hori UPV/EHUko Kultura Zientifikoko Katedrak sortu zuen, eta zenbait urte daramatza Euskal Herriko herrietan zehar mugitzen. Aurten, Zientzia Astearen barruan, lehen aldiz etorriko da Gasteizera eta Donostiara. Kike Amonarriz gidari dutela, hainbat zientzialarik hitzaldi laburrak emango dituzte gori-gorian dauden gaiei buruz. Hitzaldi horiek inspirazio iturri izango dira ondoren bat-batean abestuko duten bertsolarientzat. Horrez gain, bertaratuen ezagutza maila ere neurtuko da, modu nahiko bitxian, eta parte hartzaileen jakituriak saria izango du. Azaroaren 7an (osteguna) Bilbon izango da, 18:30ean, azaroaren 8an (ostirala) Donostian, 19:00etan, eta azaroaren 9an (larunbata) Gasteizen. Sarrera doakoa izango da, leku guztiak bete arte.

Zientzia Asteko egitaraua osatzeko, ikuskizun zientifiko batez gozatzeko aukera izango dugu bost hirietan, eta hiru lehiaketa jarriko dira abian: Argazkigintza Geologikoaren XI. Lehiaketa, Lipograma Matematikoen Lehiaketa eta Arte Plastikoen Lehiaketa Zientifikoa. Bestetik, aurreko urteetako arrakasta ikusita, Zientzia Clubez gozatzeko aukera izango dugu aurten ere, gai eta bakarrizketari berriekin. Umorea, musika eta, noski, zientzia dira Zientzia Club formularen hiru osagaiak. Horren barruan, UPV/EHUko zenbait adituk gai zientifikoei buruzko hitzaldi laburrak eskainiko dituzte. Lau saio egingo ditu Zientzia Clubek: azaroaren 7an (osteguna), Barakaldon; azaroaren 8an (ostirala), Gasteizen; eta azaroaren 9an (larunbata), Bilbon eta Donostian.  Sarrera doakoa izango da, leku guztiak bete arte, eta ikuskizuna 19:00etan hasiko da.

Zientzia Asteak UPV/EHUk antolatu du, hauen laguntzarekin: Eusko Jaurlaritza, Arabako Foru Aldundia, Gipuzkoako Foru Aldundia, Donostiako Udala, Gasteizko Udala, Barakaldoko Udala, BBK, Bibat Museoa, Tabakalera, Euskotren, Metro Bilbao eta Vital Fundazioa.