null

2030ean zer elikadura-sistema jasangarri izan nahi dugun hausnartzeko proiektua

Europako Fit4Food2030 proiektuaren bidez, ikerketaz eta berrikuntzaz ari dira gogoetan elikadura-sistemako euskal eragileak UPV/EHUk gidatuta

  • Ikerketa

Lehenengo argitaratze data: 2019/12/26

2030erako elikadura-sistema jasangarria lortzeko moduari buruz ari dira hausnartzen elikadura-sistemarekin lotutako euskal eragileak (CC BY-3.0-ES 2012/EJ-GV/Irekia-Eusko Jaurlaritza/Mikel Arrazola).

UPV/EHUko Finantza Ekonomia II Saileko bi ikertzaile dira Fit4Food2030 europar proiektuaren gidari EAEn. Proiektu honen helburua da Europar Batzordeari proposatzea zer ikerketa eta berrikuntza sustatu behar dituen, 2030ean Europan elikadura-sistema jasangarri bat izateko. Elikadura sistemarekin lotutako Euskal Herriko hainbat eragile, maila desberdinetakoak, topaketak egiten ari dira hausnarketa hori egiteko. Hurrengo saioa urtarrilaren 16an izango da.

Zer nolako ikerketak eta berrikuntzak bultzatu behar ditugu, 2030ean elikadura-sistema jasangarri bat izateko? Horren inguruan ari dira hausnartzen hainbat eragile, Fit4Food2030 europar proiektuaren barnean (Horizon 2020), UPV/EHUko Finantza Ekonomia II Saileko Mirene Begiristain eta Goiuri Alberdi ikertzaileen gidaritzapean. Mota askotako eragileak ari dira parte hartzen hausnarketa-saioetan: erakunde publiko eta pribatuak (besteak beste, BFA, HAZI, Neiker, AZTI, Ihobe, Euskadiko Elikaduraren Clusterra, UPV/EHU, TNI, Orkestra, Elika eta Leartiker), sindikatuak (EHNE eta ENBA), elkarteak (ENEEK, Bizilur, EHKOlektiboa, Ekoizpen Urduña, D’elikatuz, Openbide, Arrels a taula…) eta abar.

Lehenengo hausnarketa-saioan, elikadura-sistema jasangarri bat lortzeko erronkak finkatu dituzte parte-hartzaileek. UPV/EHUko ekonomia-doktore Mirene Begiristainek azaldu du zenbait mailatako erronkak ezarri dituztela: “Adibidez, ekoizpen-mailan, ekoizpen-ereduen edo baserrien erreleboa da erronka nabarmena, baita tokiko produktuen balorizazioa eta araudiak ere. Bestalde, nutrizioaren arloan, curriculumean elikadura-hezkuntza sartzea aipatu zen, eta osasun-sisteman nutrizio-adituek parte hartzea, baita nutrizioaren inguruko komunikazioa sustatzea ere. Jasangarritasunaren arloan, hornidura publikoarekin lotutako zer irizpide eta helburu ezarri behar diren; ekoizpen-inguruneak eta lurra nola babestuko ditugun; sektorea edo instalazio berriak nola sustatuko ditugun. Gobernantzari lotutako erronkak ere finkatu ziren: Hirigintza Antolamenduko Plan Orokorraz eta Europako nekazaritza-politikez jardun genuen, edo nola sor ditzakegun eskualdeko elikadura-kontseiluak…”.

Eragileen arteko elkarlana eta Europar Batzorderako gomendioak

Fit4Food2030 europar proiektua hiru mailatako laborategietan dago egituratuta. Hirietako laborategiei City labs esaten zaie, eta “hirietatik zer nolako ikerketa eta berrikuntza bultzatu behar diren lantzen dute”, dio Begiristainek. Eskualde edo estatu mailako laborategiak Policy labs dira, eta “gobernantza-maila horretatik, alegia, herrialdeetatik lantzen da gaia”. Horietatik guztietatik proposatzen diren gomendioak “Europa mailan gai horietan ikertzen dabiltzan aholkulari adituen talde batek aztertzen ditu, Think Tank izeneko egituran, Europar Batzordeari hainbat gomendio helarazteko”, azaldu du.

Hemen, guztira, hiru hausnarketa-saio egingo dituzte. Bigarren saioa urtarrilaren 16an izango da, eta aurreko saioan ezarritako erronkak ikerketa eta berrikuntzarekin lotzea dute helburu. Hirugarren saioan (uda aurretik egitea aurreikusita dago), “Europar Batzorderako gomendioak definitzeaz eta Euskadin 2030ean elikadura-sistema jasangarri bat izateko zer ikerketa- eta berrikuntza-arlo behar ditugun definitzeaz gainera, gure asmoa litzateke hori guztia proiektu jakinetara ekartzea eta zer finantziazio-iturri lor daitezkeen zehaztea. Halaber, nahiko genuke topaketen ondorioz eragile batzuen arteko elkarlana sustatzea. Oso garrantzitsua da hausnarketaren emaitzak, alegia, hemengo beharrak, Europara eramateaz gainera, ikerketa-zentro eta erakunde publikoek eta pribatuek eta ikertzaileek kontuan hartzea, eta ikerketa horietako batzuk aktibatu ahal izatea lankidetzaren bidez eta gaur egun eskura izan daitezkeen eskumen edo baliabideak erabiliz”, adierazi du UPV/EHUko ikertzaileak.

Begiristainek oso arrakastatsutzat jotzen ditu topaketa hauek; izan ere, “askotan elkartzen ez diren hainbat erakunde eta eragile elkartzea lortu dugu, oso ikuspegi desberdinekoak batzuk: nekazaritza-sindikatuak, nekazaritzarekin lotutako gizarte-eragileak, ikerketa-zentroak, Eusko Jaurlaritzan gai hauetan erabakiak hartzen ari diren erakundeak, etab.”. Gainera, aldarrikatu du lehen sektoreak iraun dezan behar-beharrezkoa dela “berrikuntza eta ikerketaren betaurrekoak jantzita izatea, 2030ean zer nolako elikadura-sistema nahi dugun jakiteko. Ideia berriak eta berrikuntza behar ditugu, ez bakarrik teknologiaren ikuspegitik, baita ikuspegi sozial eta ekonomikotik ere. Zer prozesu sozial, baliabide eta kudeaketa-eredu ekonomiko behar ditugun, zer nolako aliantzak eraikitzen ditugun… Berrikuntza soziala funtsezkoa da lehen sektorean hezurdura sendo bat garatu ahal izateko”.

 

Informazio osagarria

UPV/EHUko Finantza Ekonomia II Saileko ikertzaileak dira Mirene Begiristain (ekonomian doktorea) eta Goiuri Alberdi (nutrizioan doktorea); biak proiektuaren EAEko gidari. Eusko Jaurlaritzaren Nekazaritza, Arrantza eta Elikadura Sailaren eta Osasun Sailaren babesa eta UPV/EHUko errektore Nekane Balluerkaren babesa du proiektuak.

Fit4Food2030 europar proiektuaren koordinatzailea Vrije Universiteit (VU) Amsterdam da, eta Europako erakunde ugarik hartzen dute parte ikerketa honetan.