euskaraespañol

2030erako Euskadiko elikadura-sistema iraunkorrerako Ikerketa eta Berrikuntza Estrategiaren aurkezpena

Noiz eta non

2021/06/28, 15:00

Deskribapena

Fit4Food2030 proiektuaren helburua Europako elikadura-sistemaren premiazko aldaketa babestea da, ikerketaren eta berrikuntzaren (I+B) ikuspegitik. Horretarako, plataforma bat sortu da (hiri, eskualde/herrialde eta Europa mailan) Europako Batzordeari informazioa helaraziz, I+B 2030 estrategia bat ezartzeko, gizartearen balioak, beharrak eta itxaropenak kontuan hartuta.

Plataforma horren barruan, eta UPV/EHUko Finantza Ekonomia II Saileko Mirene Begiristain eta Goiuri Alberdi ikertzaileen zuzendaritzapean, Euskadin politika laborategi bat eratu zen. Hainbat eragilek hiru topaketetan parte hartu zuten 2019ko urrian, 2020ko urtarrilean eta azkena 2020ko urrian. Han lortutako emaitzak argitaratu berri dira 2030ean elikadura-sistema jasangarri baterako Euskadiko ikerketa- eta berrikuntza-estrategia gisa.

Erakunde publiko eta pribatuak (besteak beste, BFA, HAZI, Neiker, AZTI, Ihobe, Euskadiko Elikaduraren Clusterra, UPV/EHU, Orkestra, Elika eta Leartiker), sindikatuak (EHNE eta ENBA), elkarteak (ENEEK, Bizi lur, Ekoizpen Urduña, d’elikatuz, Openbide, …), etab., Euskadiko Politika Laborategi honetan parte hartu dute. Hiru saiotan, eragileek gogoeta egin ahal izan dute elikadura-sistema jasangarria lortzeko gure herrialdean ditugun erronkei buruz eta horiei irtenbidea emateko moduari buruz.

Estrategia dokumentua UPV/EHUko ADDIn artxibo digitalean eskuragarri izango da modu irekian.

Estrategia-proposamenak 12 erronka eta 31 ekintza-plan ditu. Ekintza-plan horiek gauzatzeko, diziplinarteko lana behar da. Erronka batzuk landutako dimentsio batean baino gehiagotan aipatu dira. Nabarmentzekoa da ekoizleen lana ikusarazteko erronka, bai lehen sektorerako sarbidea errazteko, bai lehiakortasuna handitzeko. Ekoizpenari laguntzea erronka nagusia izan zen, bai elikadura-estrategien eta politika publikoen bidez, bai lurra eskura jarriz, horiek baitira belaunaldien arteko erreleboa lantzeko erraztasunetako batzuk lehen sektorean.

Hezkuntza ere estrategia horren oinarrietako bat da; izan ere, berrikuntzaren oinarria da elikadura-sistemaren barruan trantsizio ekosozialak bermatzeko. Gogoetek agerian utzi dute, halaber, gune eta gobernantza-eredu berriak behar direla eragileen eta sektoreen artean. Ildo horretan, eskualde mailan elikadura-estrategiak eraikitzearen garrantzia azaleratu da, bideorriak finkatzen baitituzte. Legediaren berrikuntza ere behin baino gehiagotan aipatu izan da, hala nola higiene-baldintzak malgutzeko legedia osatu beharra eta hurbileko elikagaien salmentari buruzkoa.

Euskadiko Politika Laborategitik eratorria den estrategia hau berrikuntza sozialetik du asko, paradigma-aldaketaren beharrarekin bat datorrena. Beraz, Euskadiko politiken lehentasunak berrikuntza sozialaren eremu horretan kokatu beharko lirateke, eta ez hainbeste berrikuntza teknologikoan, planteatutako erronkei aurre egin ahal izateko.

Mirene Begiristain eta Goiuri Alberdi ikerlariek euskal gizartearen esparru ezberdinetara iritsi nahi dute estrategia honen hedapen eta zabalkundearekin. Izan ere, hemen jasotzen den estrategia iparrorratza izan daiteke, datozen urteetan arlo publikoan zein pribatuan ikerkuntzan eta berrikuntzan garatuko diren ekintzak aztertu eta ebaluatu ahal izateko.
Horrenbestez, funtsezkotzat jotzen dute estrategia hori zabaltzea, eta ekainaren 28an, 15:00etan, estrategia aurkezteko ekitaldia egingo dute, dokumentuaren xehetasunak aurkezteko eta elkarrizketa jarrai dezan.

Webinarrera sartzeko esteka https://us02web.zoom.us/j/85744768425