euskaraespañol

3.400 pertsona inguruk parte hartu dute UPV/EHUko Ikertzaileen Gauean

Ekimenaren bigarren edizioak ingurumena eta iraunkortasuna izan ditu hizpide, Bilboko hainbat gunetan edo online formatuan antolatutako dozenaka jardueretan

  • Albisteak

Lehenengo argitaratze data: 2021/09/28

Ikertzaileen Gaua
Koldo Martin, Álvaro Campos eta Gonzalo Diarce ENEDI ikerketa-taldeko kideek gure etxebizitzak nola hobetu azaldu zuten Eraginkortasun energetikoa eraikuntzan izeneko txokoan. Argazkia: Tere Ormazabal. UPV/EHU.

Ia 3.400 pertsonak parte hartu dute Euskal Herriko Unibertsitateak antolatutako Ikertzaileen Europako Bigarren Gaueko jarduera programa zabalean. Aurten, programa nabarmendu egin da ekintza askotxo aurrez aurrekoak izan direlako, kontuan hartu behar baita joan den edizioan muga soziosanitarioak ezarrita genituela. Ospakizuna Europako Itun Berdearekin egon da loturik eta UPV/EHUko 100 ikertzailetik gora bildu ditu Ikerketaren Gizarte Zabalkunderako Zuzendaritzak sustatutako 50 bat ekintzatan.

Jarduera nagusia irailaren 24an egin zen, ostiralarekin, Europa osoan bezala. Egun horretan, Bilboko Areatzako kaia zientziaz bete zen Ikertzaileen Europako Gau Azokari esker. Ia 1.400 pertsona hurbildu ziren bertara, eta UPV/EHUko taldeek iraunkortasunari eta ingurumenari buruz egindako ikerketak eta proiektuak ezagutu zituzten arratsaldeko 5etatik gaueko 9etara. Hori guztia 16 etxolatan jarri zen ikusgai, baita Bilboko María Bihotza plazako hiri osasuna txokoa ere.

Era berean, arrakastatsua izan da online hitzaldiak eskaini dituen Zientzia Zirkularra programa, hogei euskal udalerritako ia hogeita hamar ikastetxetako ikasgeletara UPV/EHUko ikertzaileak eraman dituena. Guztira, lehen, bigarren eta batxilergoko 1.850 ikaslek baino gehiagok parte hartu dute irailaren 22an, 23an eta 24an, sarean emandako 26 hitzaldien bidez. Programa honen helburua ikasketa zientifikoak unibertsitatez kanpoko ikasleen artean zabaltzea eta genero-oztoporik gabeko karrera zientifikoaren aukeraketa sustatzea izan da.

30 euskal ikastetxek eta 1.859 ikaslek baino gehiagok parte hartu dute Zientzia Zirkularra online programan

Programako bi jarduera handi horietaz gainera, hitzaldiak, erakusketak edo kaleko antzerkia ere izan dira, eta, zalantzarik gabe, Zientzia eta ikertzaileak hurbildu dituzte herritarrengana, ikerketaren eta eguneroko bizitzaren arteko lotura praktikoki erakutsiz.

Aurtengo edizioko jarduerak amaitu badira ere, irailaren 30era arte Bilbora hurbiltzen denak Fotovoz Bilbao erakusketa ikusteko aukera izango du (Expogela Bilbao Historikoa, San Frantzisko kalea, 32). Erakusketa hori UPV/EHUko Erizaintzako eta Osasun Sustapeneko Ikertaldeak antolatu du, eta bertan jasotzen da irudietan elikagaien inguruneak osasunean duen eragina.

"Harro eta eskertuta gaude Ikertzaileen Europako II. Gauean egindako jardueretan parte hartu duten UPV/EHUko pertsona guztiekin. Batez ere, ilusioz eta gaitasun osoz gure herritarrei transmititu dietelako ikerketa zientifikoaren beharra eta ikerketa horrek garapen iraunkor eta ekitatiboa lortzearekin duen lotura", adierazi du Guillermo Quindósek, Zientzia eta Gizarte Garapenaren eta Transferentziaren arloko errektoreordeak.

Jarduera guztiak Europar Batasuneko Marie Sklodowska Curie Programaren proiektu bati esker antolatzen dira. Programa hori G9 unibertsitate taldeko ̶ ̶ Oviedo, Kantabria, Gaztela-Mantxa, Extremadura, Balear Uharteak, Nafarroa, Zaragoza eta Euskadiko unibertsitateek osatutakoa ̶ partzuergoari eman zitzaion.