euskaraespañol

UPV/EHUn tituludun gazteak laneratzen laguntzeko ekimen berria

  • Albisteak

Lehenengo argitaratze data: 2021/12/15

Irudia
3R GAZTEA programaren aurkezpen ekitaldia. Argazkia: Tere Ormazabal. UPV/EHU

Euskal Herriko Unibertsitateko Ekonomia eta Enpresa Fakultatean 3R GAZTEA programa aurkeztu da, UPV/EHUn graduatu berri diren 90 pertsonari laguntza aktiboa emateko programa berria, prestakuntzatik lan-merkatura igarotzea errazteko. Ekitaldian parte hartu dute Teresa Laespada Bizkaiko Foru Aldundiko Enplegu, Gizarteratze eta Berdintasuneko diputatuak eta Fernando Tapia Ikasle eta Enplegagarritasunaren arloko errektoreordeak. Ekitaldian izan dira, halaber, Jon Barrutia, Ekonomia eta Enpresa Fakultateko dekanoa; Susana González, Bizkaiko Enpleguko foru zuzendari nagusia; eta Erlantz Allur, UPV/EHUko Praktiken, Prestakuntza Dualaren eta Enplegagarritasunaren arloko zuzendaria.

Teresa Laespada Bizkaiko Foru Aldundiko Enplegu, Gizarteratze eta Berdintasuneko diputatuak esku-hartzean azpimarratu duenez, 3R GAZTEA “UPV/EHUn tituludun gazteak laneratzen laguntzeko ekimena da, gradua lortu eta lehenengo minututik, jakin badakigulako titulazioaren eta lehen enpleguaren artean zenbat eta denbora gehiago igaro orduan eta zailtasun eta oztopo gehiago sortzen direla”.

Fernando Tapia Euskal Herriko Unibertsitateko Ikasle eta Enplegagarritasunaren arloko errektoreordeak adierazi duenez, “3R programa erabat bat dator Euskal Herriko Unibertsitateko ikasleen eta gazte tituludunen enplegagarritasuna hobetzeko gure jarduera ardatzarekin, eta, alde horretatik, tresna berria da gure unibertsitatean graduatzen diren ikasleen talentua zaintzeko prozesu garrantzitsuan. Hori horrela da gure ustez talentua zaintzea eta enplegagarritasuna hobetzea elementu banaezinen binomioa osatzen dutelako”.

3R GAZTEA programa Bizkaiko Foru Aldundiak bultzatu eta finantzatutako ekimena da, Bizkaiko Foru Aldundiko Enplegua, Gizarteratzea eta Berdintasuna Sustatzeko Saileko programaren esparruan (Lan Berri), eta azken hiru ikasturteetan Euskal Herriko Unibertsitatean titulua lortu duten pertsonei zuzenduta dago, 30 urte artekoei, Bizkaian erroldatuta eta langabezian badaude.

Gazteak laneratzen laguntzeko ekimen honek hiru fase ditu: alde batetik, laneko orientazioa, banakako egoeraren diagnostikoa eta laneratze prozesuan pertsonen aholkularitza, motibazioa eta laguntza ematea; bigarren fasea lan-aktibaziora bideratuta dago, eta helburua enplegua aktiboki bilatzeko teknikak aplikatzea da, hala nola sare sozialak, enplegu atariak eta curriculum bideoa, besteak beste. Era berean, hautaketa prozesuen azterketa egitea da, lan-merkatuaren egoerari eta enplegu politika aktiboei buruzko informazioa ematea da, baita indarrean dagoen lan-araudiari buruzkoa ere; eta, azkenik, hirugarren fasea, lan-bitartekaritzan oinarritua, laneratze ibilbidean parte hartzen duten pertsonei laneratzeko laguntza ematean datza, enpresekin topaketak eginez (enplegu foroak) eta eskaintzak erakartzeko planak garatuz. Enplegu eskaintza potentzialak ere identifikatzen dira, baita lanpostuak eskuragarri dituzten jarduera ekonomikoko sektoreak ere.

3R GAZTEA programari buruzko informazio gehiago:

enplegubizkaia@ehu.eus / 94 601 79 73 / 94 601 36 81