euskaraespañol

Klima aldaketa eta giza eskubideen inguruko formazio berezia jasoko dute UPV/EHUko 40 ikaslek

Gipuzkoako Foru Aldundiak eta Unibertsitateak antolatu dute ‘Jauzi handia’ programaren 2. edizioa, gazteen artean kultura demokratikoari lotutako jarrerak bultzatzeko

  • Albisteak

Lehenengo argitaratze data: 2020/02/26

Irudia
Jauzi handia programaren parte hartzaileak. Argazkia: UPV/EHU

Gaur hasi eta datozen lau hilabeteetan, Euskal Herriko Unibertsitateko 40 ikaslek klima aldaketa eta giza eskubideen inguruko formazio berezia jasoko dute, Jauzi handia programaren bigarren edizioan. Gipuzkoako Foru Aldundiak eta Euskal Herriko Unibertsitateak elkarlanean antolatutako egitasmo honen helburua da gazteen artean kultura demokratikoa eta giza eskubideekiko konpromisoa sustatzea.   

Lau tailer elebidun antolatuko ditu aurten Jauzi Handia ekimenak klima emergentziaren eta giza eskubideen inguruan. Gaur bertan hasi da Euskal Herriko Unibertsitateko Gipuzkoako Campusean eta ekainean amaituko da ikasleek beraiek antolatutako ekitaldi batekin. 2018tik bultzatzen du egitasmoa Gipuzkoako Foru Aldundiak Euskal Herriko Unibertsitatearen laguntzaz, gazteen artean kultura demokratikoa eta giza eskubideekiko konpromisoa bultzatzeko asmoarekin.

Urtero, pil-pilean dagoen gai bat ardatz harturik, haren inguruko formazioak eta eztabaida saioak antolatzen dira. Honela, aurtengoan ingurumenaren aldeko portaerak eta klima aldaketaren inguruko kontzientziazioa izango dira abiapuntu, gazteek beraiek aukeratu dutelarik beren interesekoa den gaia. Entzute aktiboa, errespetuzko eztabaida, ikuspegi kritikoa edota aniztasun politikoaren aldeko jarrerak izango dira, besteak beste, landuko dituzten gaitasunak.

Formakuntza jardunaldiez gain, deliberaziorako eta eraldaketarako bost sorkuntza saio eskainiko dituzte Mikel Arrizabalaga eta Verena Hammes adituek; hauen bitartez, ikasleek berrikuntzarako eta talde lanerako gaitasunak indartu ahal izango dituzte. Ekainean amaituko da ekimena programako parte hartzaileen proiektuen aurkezpenarekin, ikuspegi praktiko batetik autokudeaketarako gaitasuna ere gara dezaten.

Aurtengo edizioan Unesco Etxea, Baketik eta Agirre Lehendakaria Center-ek lagunduko du egitarauaren antolakuntzan. Hain zuzen ere, gaurko lehen ikastaroa ALCko zuzendariak berak gidatu du, Juan Jose Ibarretxe lehendakari ohiak, alegia.

Giza Eskubideen eta Kultura Demokratikoaren zuzendari Ion Gambrak adierazi duenez, “politika eta alderdi politikoekiko mesfidantzak gora” egin duela ikusita, Jauzi Handiak politika gazteengana gerturatzea du helburu. “Beren bizitzetan eragina duela senti dezaten bultzatu nahi dugu, erakundeetan eta elkarrizketa politikoan konfiantza berreskuratu dezaten, gatazkak konpontzeko eta bizikidetzarekin konprometitzeko bide legitimoak diren neurrian”, azaldu du Gambrak.

“Antolatuko diren prestakuntza eta deliberazio saioen bidez, ikasleek errealitate politikoari buruzko gaiak hobeto ezagutzen dituztela sentitzea nahi dugu”, azpimarratu du. Gainera, “bizitza kalitatearen eta naturaren arteko lotura gogoraraziko dieten balioak” ere landuko dituztela esan du.

Bestalde, Euskal Herriko Unibertsitateko Gipuzkoako Campuseko Hedakuntza zuzendaria den Antonio Casadok azpimarratu du programa honen beste helburu bat: “ikastegiez gaindiko gazteen arteko harremanak eta zeharkako gaitasunak bultzatzea. “Unibertsitate kultura ez datza aisialdirako ekitaldiak programatzean: hitzaldi eta tailer praktiko hauen bitartez, campuseko sorkuntza guneetan ikasleen formakuntza integrala bultzatu nahi dugu”.