euskaraespañol

4.300 pertsonak gozatu zuten Ikertzaileen Europako Gaueko Azokaz

  • Albisteak

Lehenengo argitaratze data: 2023/10/03

Argazkia: Mitxi. UPV/EHU.

Bilboko Areatza zientziaz bete zen joan den ostiralean. 4.300 pertsona inguruk hartu zuten parte Ikertzaileen Europako Gaueko Azokan.  20 stand jarri ziren, eta bertan, 100 zientzia-adituren eskutik, osasunarekin lotutako jarduerez (eta natura- eta hiri-inguruneak bertan duen eraginaz) edo ozeanoak eta basoak aztertzeko eta zaintzeko teknikez gozatu zuten ikusleek. Era berean, "La UPV/EHU investiga en cáncer" erakusketa ikusi ahal izan zuten, eta ikerketa-lanetan erabiltzen diren tresnak gertutik ezagutu zituzten. Hori guztia Confluence taldearen musikak girotuta (bluesa, rock amerikarra).

Gainera, Calar Altoko Almeriako Behatokitik egin zen urrutiko behaketaz gozatu ahal izan zen Bizkaia Aretoan. Jarduera horretan 150 pertsonak baino gehiagok hartu zuten parte, eta UPV/EHUko Zientzia Planetarien Taldeko ikertzaileek gidatu zuten.

Guillermo Quindós Garapen Zientifiko Sozial eta Transferentziarako errektoreordeak ikertzaileek transmititzen zuten "grina eta berotasuna" azpimarratu zuen: "Zoragarria izan da bertaratutakoekin partekatzen zuten ilusioa ikustea, beren esperientziaren partaide eginez. Argi dago bere grinak herritarrak kutsatu dituela, zientziarekiko interesa eta estimu sakonena sortuz. Ekitaldi hau plataforma bat izan da herritar guztien artean interesa eta hezkuntza zientifikoa sustatzeko ".

UPV/EHUk Go for the Missions! Europako proiektuaren testuinguruan antolatu du ekimen hau, (G9Missions), Unibertsitateen 9. taldeak (G-9) sustatua. Ikertzaileen Europako Gaua kontinenteko 370 hiritan baino gehiagotan ospatzen da.