euskaraespañol

5.654 pertsona aurkeztuko dira azaroan zehar UPV/EHUren lan kontratudun pertsonalerako 23 hautaketa prozesuetara

  • Albisteak

Lehenengo argitaratze data: 2019/11/08

Irudia
Argazkia: Laura López. UPV/EHU

Aurreko astelehenean, azaroak 4, hasi ziren UPV/EHUko administrazio eta zerbitzuetako langile finko gisa sartzeko hautaketa-probak. Lehiaketa-oposizioaren hautaketa-sistema erabiliko da, 2016 eta 2017ko lan-eskaintza publikoen ondoriozko 23 hautaketa-prozesuetan. Guztira, 77 lanpostu eskaini dira. Sei prozesutan desgaitasuna duten pertsonentzako txanda bat dago.

Probak arratsaldero egingo dira, egun baliodunetan, azaroaren 29ra arte, Unibertsitatearen lokaletan, zehazkiago, Bilboko Hezkuntza Fakultatean eta Zientzia eta Teknologia Fakultatean. 6.000 eskabide baino gehiago jaso dira, eta 5.654 pertsona onartu dira.

UPV/EHUko gerente Lore Bilbaok azaldu duenean, «Euskal Herriko Unibertsitateak urte asko daramatza administrazio eta zerbitzuetako langileentzako lan-eskaintza publikorik egin gabe. Zehazkiago, lan-kontratudun langileen kasuan, horrelako eskaintza bat egiten den lehen aldia da. Funtzionarioen kasuan, azken LEPa duela 10 urte baino gehiago egin zen. Horren ondorioz, lan-kontratudun langileen % 80 eta funtzionarioen % 50 inguru behin-behinekoak dira, eta plantillaren zati handi bat prekaritate finkatu moduko batean geratu da».

«Prozesu hauek datozen hilabeteotan amaituko dira eta espero dugu, horiekin eta 2018ko LEParekin eta 2019rako urtea amaitu baino lehen onartuko denarekin batera, UPV/EHUko administrazio eta zerbitzuetako langile gehienen egoera egonkortzea», esan du Bilbaok.