euskaraespañol

829 ikaslek 317 artikulu berri gehitu dituzte Euskarazko Wikipediara eta 716 hobetu dituzte

  • Albisteak

Lehenengo argitaratze data: 2018/06/27

Irudia
Estibaliz Alkorta, Jon Zarate, Bingen Zupiria,Galder Gonzalez eta Edurne Agirre. Argazkia: Eusko Jaurlaritza

Eusko Jaurlaritzak eta Euskal Wikilarien Kultura Elkarteak iaz sinatu zuten akordioari esker, Euskal Autonomia Erkidegoko unibertsitateetako 829 ikaslek 317 artikulu berri gehitu dituzte azken ikasturtean Euskarazko Wikipediara eta, halaber, beste 716 artikulu hobetu dituzte. Bingen Zupiria Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuak prozesu honen berri eman du gaur goizean, Euskal Herriko Unibertsitatearen Donostiako Carlos Santamaria Zentroan izandako prentsaurreko batean. Unibertsitate publikoa, hain zuzen ere, protagonista izan da dinamika honetan eta lan gehiena  fakultate honetako ikasleek egin dute (parte hartu duten ikasleen % 94 UPV/EHUkoak dira). Hitzarmen honen baitan, halaber, 817 artikulu berri gehitu dira antolatu diren lehiaketen bidez, eta 8-13 urte bitarteko haurrentzako Txikipedia ekimena sortu da.

Zupiria sailburuarekin batera izan dira UPV/EHUko Euskararen eta Etengabeko Prestakuntzaren arloko errektoreorde Jon Zarate, Eusko Jaurlaritzako Euskara Sustatzeko zuzendari Estibaliz Alkorta, eta, Euskal Wikilarien Kultura Elkartearen izenean, Galder Gonzalez eta Edurne Agirre elkarteko kideak. “Munduan gehien irakurtzen den entziklopedia da Wikipedia eta hedapen harrigarria dauka euskal gizartean. Egunero-egunero 70.000 euskarazko artikulu irekitzen dira euskaldunon tablet, mugikor edota ordenagailuetan. Hori dela eta, funtsezkoa da eduki anitza izatea, kalitatezkoa eta zehatza”, adierazi du Zupiriak.

Sortu edo hobetu diren artikulu askok lotura zuzena dute iaz sinaturiko akordioari esker abian jarri zen ‘Kalitatezko 1.000 artikulu 12-16 urteko ikasleentzat’ proiektuarekin, hitzarmenaren ardatza. Ekimen honen jatorrian ‘Wikipedia guztiek eduki beharreko 1.000 artikuluen zerrenda’ eta antzeko nazioarteko proiektuak daude. “Hasiera batean 1.000 artikulu hobetzeko erronka jarri genuen, baina laster ikusi genuen zenbaki zehatz hori baino harago joango ginela, eta arloz arlo zehazten joan gara. 1.710 artikulu daude zerrendan, eremu guztietakoak. Ikasturtearen hasieratik, unibertsitateetako ikasleekin batera eta beste bide batzuen bitartez, ehunka artikulu berri egin dira edo hobetu dira; horietako asko zerrenda horretan dauden gaiak dira eta beste askok lotura zuzena dute zerrendan dauden gaiekin”, azaldu du Galder Gonzalezek.

Horrela, momentu honetan 1.710 artikulu horietatik 264 egiteke daude eta 781 laburrak dira (5.000 byte baino gutxiago). “Akordioa 2019ko abendura arte luzatuko da, eta epe horretan egin gabe daudenak burutu beharko ditugu, laburrak diren asko luzatzen saiatuko gara eta gainontzekoak ere hobetzeko ahalegina egingo dugu, beti baitago hobetzeko tartea. Horrez gain, 1.710 gai horiekin erlazionatutako gaiak ere gehituko ditugu”, azaldu du Zupiriak. Adierazi duenez, zerrenda horren baitako 1.710 artikuluen luzera, batez beste, % 24 hazi da azken urtean zehar. 

Unibertsitatearen parte-hartzea

Proiektu hau burutzeko eta helburuak betetzeko, metodologia zehatz bat sustatu da 2017-2018 ikasturtean zehar. Lehendabiziko pausoa egin beharreko lan guztia argitaratzeko lekua prestatzea izan zen. Horretarako, ‘Hezkuntza Ataria’ izeneko gunea sortu zen. Atari dinamiko honek 1.710 artikuluen zerrendarako sarbide erraza eskaintzen du, baita lehiaketen jarraipenerako banerra, ikasleentzako baliabideak eta egiten ari diren proiektuen jarraipen loturak ere. Sortu zenez geroztik 7.000 bisitatik gora jaso ditu.

Euskarazko Wikipedia elikatzeko prozesuan parte hartzen zuten lagunei bidea errazteko asmoz, tutorialak eta esku-orriak ere euskaratu dira. Laguntza orrialdeak ere gaurkotu dira, editatzen ikastea errazagoa izan zedin. Ekimenaren nondik norakoak azaltzeko, proiektuaren dinamizatzaileek 46 ikastaro eman dituzte fakultate ezberdinetan 2017-2018 ikasturtean.

Unibertsitateekin batera egin edo hobetu diren lan gehienak UPV/EHUko ikasleen parte-hartzeari esker egin dira. Gutxienez 829 ikaslek hartu dute parte (askok talde-lana egin dutenez, ziurrenik gehiago izan dira), eta egin edo hobetu diren 1.033 artikulu horien bitartez (317 egin eta 716 hobetu) milioi bat hitz baino gehiago gehitu dira Euskarazko Wikipediara. Artikulu horiek 256.000 ikustaldi izan dituzte sei hilabetetan eta 330 irudi berri ere gehitu zaizkie.

Prozesu honetan parte hartu duten ikasle gehienak unibertsitateko laugarren mailan daude (% 52,6), eta beste % 21,1 hirugarren mailan dago. Ikasleen % 85 baino gehiagok balorazio ‘ona’ edo ‘oso ona’ egin du ariketa honetaz, eta guztien % 94,7k errepikatzeko prest daudela esan dute.

Euskarazko Wikipedia gaur

Euskarazko Wikipediak 294.000 artikulu ditu gaur egun eta 25.895.000 artikulu irakurtzen dira urtero (egunero 70.000 euskarazko artikulu irekitzen dira). Iazko ekainean Eusko Jaurlaritzaren eta Euskal Wikilarien Kultura Elkartearen artean akordioa sinatu zenetik 12.410 artikulu berri sortu dira, horietako asko lankidetza honek ahalbidetu dituen bideei esker. Akordioa hiru urtekoa da (2017-2019) eta Eusko Jaurlaritza 200.000 euro inbertitzen ari da urte bakoitzean Euskarazko Wikipedia hobetzeko.

Munduko entziklopediarik irakurriena da Wikipedia, eta mundu zabaleko 300 hizkuntzatan argitaratzen da. Artikulu gehien dituzten hizkuntzen artean 31. postuan dago euskara, iaz zegoen postu berean. Hala ere, kalitateari dagokienez hiru postu igo ditu eta 52. postuan dago gaur egun.