euskaraespañol

M8: 'Emakumeak lehen lerrora'

UPV/EHUk zazpi lankide omenduko ditu Emakumeen Nazioarteko Eguneko ekitaldi instituzionalean berdintasunaren alde hartutako konpromisoagatik

  • Erreportajeak

Lehenengo argitaratze data: 2022/03/03

Irudia
De izquierda a derecha: Mertxe Larrañaga, Bego Vicario, Lucía Gallego, Marta Macho Stadler, Arantzazu Burgos eta Deñe Larrabeiti. Argazkia: Egoi Markaida. Komunikazio Bulegoa. UPV/EHU.

Astelehenean, martxoaren 7an, <a href="https://www.ehu.eus/es/-/acto-institucional-para-conmemorar-el-dia-internacional-de-las-mujeres">Euskal Herriko Unibertsitateak ekitaldi instituzional bat</a> egingo du, Emakumeen Nazioarteko Eguna dela eta. Oraingo honetan, Bizkaia Aretoan izango da ospakizuna, eta, bertan, omenaldia egingo zaie unibertsitate honetako emakume batzuei, “emakumeen eta gizonen arteko berdintasunaren alde duten konpromisoagatik eta genero indarkeriaren aurka borrokatzeko egiten duten etengabeko lanagatik”.

https://www.pikaramagazine.com/Aurten Bizkaiko Campusari eman zaio lekukoa, eta han lan egiten duten lankideen artetik hautatu dituzte omenduko diren emakumeak: Arantza Burgos Fernández (Ingeniaritza eta Arkitektura); Bego Vicario Calvo (Arteak eta Humanitateak); Deñe Larrabeiti (AZPko langilea); Lucía Gallego (Osasun Zientziak); Marta Macho Stadler (Zientziak); Mertxe Larrañaga (Gizarte eta Lege Zientziak); eta, hilondoan, Lucía Martínez Odriozola. Emakume horiek guztiek ezagutza feminista zabala dute, eta ekarriko dizkiguten gogoetak unibertsitateko arlo bakoitzak emakumearen egoerari dagokionez izan duen bilakaerari buruzkoak izango dira.

Deñe Larrabeiti Mendikute

Administrazio eta Zerbitzuetako Pertsonala (AZP).
Eraldaketa Digitaleko eta Komunikazioko Errektoreordetzaren idazkaria.

Deñe Larrabeiti

“Duela 28 urte hasi nintzen UPV/EHUn. Nire lehen lantokia Bilboko Ingeniaritza Eskolako idazkaritza izan zen. Garai hartan Escuela de Ingenieros de Bilbao (Bilboko Ingeniarien Eskola) deitzen zen; beraz, gaztelaniaz, gizonak bakarrik barne hartzen zituen”, kontatu digu Deñe Larrabeiti AZPko langileen ordezkariak.

Bere ustez, aldaketa txiki baina esanguratsu hori Euskal Herriko Unibertsitateko beste lan esparru batzuetan ere ikusi da. “Garai hartan oso bestela zegoen antolatuta AZP. Funtzionarioen artean eskolazainak eta administrari laguntzaileak zeuden nagusiki. Oro har, lehenengoak gizonezkoak ziren, eta bigarrenak, emakumezkoak”.

“Duela hamabost urte arte –edo hogei asko jota– ez zituzten erdi mailako eta goi mailako titulazioko plazak gehitu ezta administrari laguntzaileen plazak ireki ere –azaldu du Larrabeitik–, ordura arte emakume askok egin zuten lana nolabait aitortzeko. Lan horiek beren eskumenaren eta erantzukizunaren oso gainetik zeuden, baina erdi-mailako edo goi mailako kategoria horietan langilerik ez zegoelako egin behar ziren. Ez ziren ez aitortuak ez ordainduak, baina horiei esker kudeatzen zen unibertsitatea”.

Hainbeste denbora igaro ondoren, “esan dezakegu AZPko langileak asko profesionalizatu direla, eta, gaur egun, UPV/EHUko buruzagitza eta ardura postu asko emakumeek betetzen dituztela”, ondorioztatu du Campuseko Berdintasun Batzordeko kide eta mugimendu feministako militanteak.

Arantzazu Burgos Fernández

Ingeniaritza eta Arkitektura.
Sistemen Ingeniaritza eta Automatika Saileko irakaslea (Bilboko Ingeniaritza Eskola).

Arantxa Burgos

Arantzazuk azaldu duenez, “ingeniaritzaren eta teknologiaren arloan aurrerapausoak egin dira emakumeen egoeraren bilakaerari dagokionez, baina oraindik ere oso arlo maskulinizatua da; izan ere, emakumeen presentzia % 20koa da, gutxi gorabehera, eta, gainera, pertsonen edo planetaren zaintzarekin zerikusia duten diziplinetan kontzentratzen da”. Arantzazuk hainbat ekimen feministatan parte hartu du; Bilboko Ingeniaritza Eskolako lehen berdintasun batzordearen sustatzailea izan zen, eta “Babel” Munduko Emakumeak elkarteko kidea da.

“Azken urteotan ahalegin handiak egin dira teknologia maskulinotasunarekin lotzen duten genero estereotipoak eraisteko, emakumeen erreferenteak eta haien ekarpen sozial eta historikoa berreskuratzeko eta agerian jartzeko, hizkuntza eta irudi ez-sexistak erabiltzeko eta abarrerako, eta, zenbait aldaketa gertatzen ari diren arren, ez dira nahikoa eraginkorrak izan gaur egungo joerak aldatzeko”.

Arantzazuk zera azpimarratu du: “Lanean jarraitu behar dugu, alde batetik, emakumeak zientzian eta teknologian sar daitezen sustatzeko, gizartea eraldatzeko tresna garrantzitsuak direlako, eta, bestetik, gure gizarteak dituen erronka garrantzitsuei aurre egiten lagunduko diguten eta iruditeria berriak sortzeko aukera emango duten begiradak txertatzeko”.

Begoña Vicario Calvo

Arteak eta Giza Zientziak.
Eskultura eta Arte eta Teknologia Saileko irakaslea (Arte Ederren Fakultatea).

Begoña Vicario

“Txikia nintzenean, Euskal Herriko animaziozko zinema erabat maskulinizatutako lurraldea zen. Bere eremu txikian, lehen film laburrak eta luzeak egin ziren 1960ko hamarkadaren amaieran, baina ez zen emakumerik ikusten lidergo postuetan”, azaldu du Vicario zinemagile eta ikertzaileak (beste gauza batzuen artean).

“90eko urteetatik aurrera aldaketa izugarria ikusi dugu sektorearen feminizazioari dagokionez, eta nahiz eta oraindik ezin dugun esan aldaketa erabatekoa edo behin betikoa dela ez ‘egile’ film laburrean ez industrian, animaziozko zinemaren panoraman emakumeak protagonista dituzten filmografia interesgarri batzuk agertu dira”, baieztatu du emakumeak zinematografiaren munduan bizi duen egoera ikertzen duen adituak.

“Beharrezkoa da hurrengo belaunaldietako neskei ikus-entzunezko lanbideetan trebatzeko aukera ematen jarraitzea; bereziki, soinuarekin, argiztapenarekin edota efektu bereziekin zerikusia duten lanbideetan, oraindik ere mutilak baitira nagusi. Ekoizpen, zuzendaritza eta, batez ere, gidoi ikasketetan, hala ere, feminizazio nabarmena hauteman daiteke. Lantaldeetan zenbat eta parekotasun handiagoa izan, orduan eta emakume gehiago animatuko dira unibertsitate eremuko proiektuetatik harago ere ekoiztera eta zuzentzera”, proposatu du Vicariok.

Lucía Gallego Andrés

Osasun Zientziak.
Immunologia, Mikrobiologia eta Parasitologia Saileko irakaslea (Medikuntza eta Erizaintza Fakultatea).

Lucía Gallego

Gallego “Emakumeak Medikuntzan” Foroko presidentea da (foroak helburu du genero joerak identifikatzea eta horiek zuzentzeko proposamenak egitea). “Azken urteotan iraultza bat bizi izan dugu osasun zientzietan, agerian geratu direlako eta zuzentzen hasi direlako zenbait genero joera; zehazki, gaixotasunei aurre egiteko moduari dagokionez emakumeen eta gizonen artean zientifikoki identifikatutakoak”, adierazi du.

“Horrek esan nahi du –argitu du– kontuan hartu behar dela arrisku-faktoreei, sintomatologia klinikoari, gaixotasunen prebalentziari, tratamenduei eta osasun-zerbitzuetatik jasotako osasun-arretari ematen zaien erantzuna. Hala ere, oraindik ere laguntza behar da emakumeen osasuna hobeko kudeatzeko eta hori irakaskuntzaren, ikerketaren, politiken eta osasun programa egokituen bitartez egiteko, betiere genero gaiei behar bezalako arreta ematen bazaie eta emakumeen eta gizonen arteko berdintasuna eta ekitatea sustatzen bada. OMEren estrategiari jarraituz, eta ibilbide-orritzat 5. GJHa (genero berdintasuna) eta 3. GJHa (osasuna eta ongizatea) izanda, munduko osasun erronkei aurre egitea eta Medikuntzak emakumeen osasunari kalterik egin ez diezaion lortzea ahalbidetuko da”.

Marta Macho Stadler

Gizarte eta Lege Zientziak.
Matematika Saileko irakaslea (Zientzia eta Teknologia Fakultatea).

Marta Macho

Mujeres con ciencia” blogaren editoreak zera dio: “Matematika Gradua nahiko paritarioa izan da beti. Seguru asko, karrera irakaskuntzara bideratuta egon delako; izan ere, sektore hori feminizatua da, baita unibertsitate mailan ere”.

Hala ere, dibulgatzaile zientifikoaren ustez: “Joera hori aldatzen ari da; hain zuzen ere, hori erakusten dute Hezkuntza eta Lanbide Heziketa Ministerioko Berdintasun Unitateak emandako datuek. 1994/1995 eta 2006/2007 arteko ikasturteetan matrikulatutako emakumeen ehunekoa gizonena baino handiagoa zen Matematika Graduan. Hala ere, 2018/2019 ikasturtean, karrera horretan matrikulatutako emakumeak guztizkoaren % 37,13 baino ez ziren. Hain zuzen ere, ia edozein sektoretako enpresak matematikan graduatutako pertsonak eskatzen ari diren unean, mutilek gradu hori ikastea erabakitzen dute, eta neskek, aldiz, atzera egiten dute. Zergatik ez dituzte horrelako ikasketa arrakastatsuek gizonak bezain beste erakartzen emakumeak?”, galdetu dio bere buruari. “Zenbat emakumezko talentu galdu den!”, kexatu da.

Mertxe Larrañaga Sarriegi

Gizarte eta Lege Zientziak.
Ekonomia Aplikatua Saileko irakaslea (Ekonomia eta Enpresa Fakultatea).

Mertxe Larrañaga

UPV/EHUko Berdintasun Unitateko lehen zuzendariaren ustez: “Langileen eta ikasleen datuak aztertuta, bilakaera positibotzat jo daiteke, baina unibertsitatearen eremuan desberdintasun sozioekonomiko ia guztiak errepikatzen dira”.

Irakaskuntzari dagokionez, zera dio Larrañagak: “Irakasgai espezifikoak falta dira, eta, ziurrenik, nazioarteko agendaren eta gizarte sentsibilizazioaren aldetik, genero ikuspegia txertatu da zenbait ikasgaitan. Era berean, gero eta azterlan eta artikulu gehiago argitaratzen ari dira genero ikuspegiarekin”.

Ikertzaileak gomendio hau eman du etorkizun hurbilari begira: “Komeni da bereziki ahulak diren kolektiboetan oinarritutako azterlanak indartzea eta kontuan izatea krisi garaiek atzerapausoak izateko arriskua dakartela itxuraz finkatuta dauden aurrerapenetan”.

Lucía Martínez Odriozola. (1958-2021)

In memoriam.
Kazetaritza Saileko irakaslea (Gizarte eta Komunikazio Zientzien Fakultatea).

Lucía Odriozola

Aurten, Unibertsitateak omenaldi sentitua egin nahi izan dio Luciari, abuztuan hil zena. Genero Ikuspegia duten Kazetarien Nazioarteko Sareko koordinatzaile eta BEGIRA/Publizitate eta komunikazio ez sexista erabiltzeko Aholku Batzordeko kide izan zen, besteak beste; berdintasunaren aldeko militantzia izan zuen, eta hori lan egin zuen komunikabide guztietan islatu zen: bai kolaborazioetan, bai sortu zituenetan, hala nola Pikara aldizkari feministan.