euskaraespañol

UPV/EHUaren adierazpena

A 25: Emakumeen aurkako Indarkeria Desagerrarazteko Nazioarteko Eguna

Lehenengo argitaratze data: 2022/11/24

Irudia

A 25ean, Emakumeen aurkako indarkeria desagerrarazteko nazioarteko egunean, Euskal Herriko Unibertsitateak, Nazio Batuen Batzar Nagusiaren 1993ko erabakiaren bidetik, beste behin salatu nahi du emakumeek gure inguruan nahiz mundu osoan jasaten duten indarkeria.

Giza eskubideen urraketa suntsitzaileenetako bat da emakumeen aurkako indarkeria, eta, beraz, ezinbesteko helburua da hura desagerraraztea. Hainbat gizonen jokabide onartezinak arbuiatu, gaitzetsi eta ezabatzeko bidean, printzipio horretan oinarritzen dira gure unibertsitateak abian jartzen dituen ekintza eta politikak, beti indarkeria mota ororen aurka egitea helburu: bikotekide sentimentalaren indarkeria; indarkeria bikarioa; sexu abusu eta erasoak; jazarpena eta ziberindarkeria; gizakien salerosketa, genitalen mutilazioa eta haurren ezkontzak.

Emakumeen aurkako indarkeria guztiak antzeman eta tratatu ahal izateko, emakumeen aurkako indarkeria desagerrarazteko ekintza eta politiken aldeko apustuak ezinbestean barne hartu behar ditu bai sentsibilizazioa eta prebentzioa, bai erakundeen arteko koordinazioa eta lankidetza, baita nazio zein nazioarteko programa eta sareetan parte-hartzea ere. Unibertsitatean, ikerketa funtsezko tresna da indarkerien kausak ezagutzeko, baita horiek ezabatzeko eta biktimei erreparazioa emateko soluzioak eskaini ahal izateko ere.

Gure unibertsitatean, Genero Indarkerien aurkako Protokoloa da mota horretako indarkeriaren aurka borrokatzeko tresna garrantzitsuenetako bat. 2018ko ekainaren 7ko Gobernu Kontseiluan onartu zen; haren helburua da unibertsitatean pertsona guztientzako giro segurua sustatzea eta genero indarkeriarik gabeko espazioa bermatzea. UPV/EHUk ez du genero indarkeriarekin lotura duen inolako adierazpenik onartuko, eta eskura dituen neurri guztiak baliatuko ditu horrelako jarrera eta jokabideei aurre egiteko eta behin betiko desager daitezen bultzatzeko. UPV/EHU osatzen duten pertsona guztien erantzukizuna da konpromiso hori beteko dela bermatzea.

Baina protokoloaren xedea horrelako jarrerak zigortzetik harago doa; izan ere, arreta eskaini nahi diegu indarkeria egoerak bizi dituzten pertsonei, prozedura osoan zehar bide-laguntza eskaini nahi diegu, eta horrelako jokabideek beren bizitzan izan ditzaketen ondorioak gainditzen lagundu. Hori horrela, indarkeria egoeraren bat bizitzea egokitzen bazaizu, bakarrik ez sentitzea da gure helburua. Ez dugu trantze estu horretatik bakarrik igarotzerik nahi. Zuekin egon nahi dugu.