euskaraespañol

Xabier Ezeizabarrena

Klimaren krisiari aurre egiteko, zuzenbide global bat behar da

Administrazio Zuzenbideko irakaslea

  • Cathedra

Lehenengo argitaratze data: 2020/09/08

Irudia

Artikulu hau jatorriz The Conversation argitalpenean aurki daiteke.

Klima aldaketaren aurkako borroka, zuzenbidea eta subiranotasuna sakoneko kontzeptu aldaketak izaten ari dira. Asko dira arrazoiak, eta gizartean nahiz horien ordenamendu juridikoetan gertatzen ari diren aldaketa gero eta globalizatuagoekin dute lotura.

Gero eta elkarri lotuago daude legediak, eta nazioarteko mugapen handiak bete behar izaten dituzte, gure kasuan, Europar Batasuneko Zuzenbidea.

Egiatan, subiranotasun historikoaren printzipio klasikoa (Jean Bodin) nabarmen leundu da. Hala, gaur egun ia ez dago estaturik erabat subiranoa denik. Izan ere, besteak beste, oinarrizko eskubideen paradigmak eta nazioarteko itun eta hitzarmenek betebeharrak eta mugak jartzen dizkiete estatu demokratiko guztiei.

Atariko ohar horiekin, planetaren ingurune dinamikan eta horren babesean garrantzia duten potentzialtasunei egin behar diegu aurre. Ekosistemak, natura baliabideak, arrantzalekuak, klima (klimaren ondorioak), eta abar lurralde muga eta muga politiko oroz gaindi daude. Mugaz gaindiko fenomenoa da, halaber, COVID-19aren pandemia lazgarria. Antzera mintza gintezke hondamendi naturalez eta horien prebentzioaz, eta lehorteez.

Ondorio globaleko fenomenoek ez dute lurralde mugarik aitortzen eta ez dituzte tokian tokiko erantzun juridikoak errespetatzen. NBEren klimari buruzko gailurretan guztietan deus gutxi landu den gaia da.

Planeta osoko prozesua

Klima aldaketaren fenomenoaren ondorioak hasiak dira agertzen, besteak beste, munduko ingurumenean, ur gezen eta ozeanoetako uren kalitatean eta gure kostaldeen nolakotasunean. Alegia, Zuzenbidearen aplikazioari lotuta dagoen subiranotasun klasikoaren printzipioa ez da erabat eraginkorra ingurumen gaietan, eta mundu mailako arazo klimatikoei aurre egin ahal izatea zailtzen du.

Nazioarteko Zuzenbideak eta subiranotasun kontzeptu berriek garrantzia hartu dute berriro, ordenamendu juridikoen muturreko erabilera politikoa egin delako.

Nazioarteko sistemak muga sorta bat jartzen dio subiranotasun kontzeptu klasikoari. Horietan nagusiak, giza eskubideak; gaur egun, ingurumenaren defentsari zeharo lotuta daude. Hala, funtsezkoa da urrats irmoak egitea ingurumen osasungarri eta orekatu baterako eskubide subjektiboa izateko. Gizaki guztiak izango ginateke eskubidedun errealak, zernahi zehaztapen edo muga juridikoren gainetik.

Aldaketak subiranotasun kontzeptuan

Egun, subiranotasun kontzeptua estatu ahalguztidunaren ideia atzean uzten hasi da, subiranotasun mugatu edo partekatuko ereduetarantz jotzeko.

Alabaina, iraganeko ideietan erroturiko estaturik bada oraindik orain, eta horien sistemek muzin egiten diete nazioarteko parametroei, edo nahiago dute subiranotasunik ez partekatu. Horren adibiderik argiena Estatu Batuak dira; oro har, batik bat nazioarteko ingurumen babesean, bere subiranotasuna gutxitzearen edo botere politikoa partekatzearen aurkako politikak jartzen dituzte indarrean.

Gainera, Mendebaldea eta merkatu askearen ekonomia globalizatzeak gizarterik babesgabeenetako gobernuak eta politikak indargabetu egin ditu (horien subiranotasuna mugatuta). Mugapen horiek badute garrantzirik ingurumenaren babesean, ordea.

Agintea eta politika publikoak, eta inbertsio, azpiegitura eta garraio politikak ere, kontrolen mende egon behar dira. Muga kuantitatibo eta kualitatibo handiak jarri behar dira, politika horiek barnean har dezaten bertan behera geratzeko aukera, biosferak jasan dezakeenaz harago badoaz. Garapen jasangarriaren printzipio orokorrak aplikatzea da xedea.

Inbertsio erabaki adimentsuak

Halaber, beharrezkoa da inbertsio politikak eta, batik bat, azpiegitura berritara bideratuak, inpaktuen errentagarritasun sozialaren adierazleen arabera zertu daitezen. Alegia, ezinbestekoa da administrazio publikoek euren inbertsioak adierazle objektiboen arabera taxutu eta alderatzeko konpromisoa hartzea.

Horretarako, aukerak aurkeztu, neurtu, zenbatetsi eta konparatu behar dira, errentagarritasun sozial handieneko inbertsio edo azpiegitura hautatu ahal izateko (alegia, enplegu sorrera, ingurumen inpaktua, erabiltzaile kopurua, inpaktua garraioan, zerbitzu publikoaren sorrera, eta abar kontuan hartuta).

Elementu objektibo eta subjektibo sorta bat dugu aurrez aurre, eta horiek lagungarriak izan behar dira administrazio publikoek euren politikak jasangarritasunarekin konprometituta eta hiru esparru kontuan hartuta (erabaki politiko bakoitzaren errentagarritasuna gizartean, ingurunean eta ekonomian) diseinatu eta gauzatzeko.

Aurreko hori agerikoa da, eta teorian nahiz plangintzan hala izatea espero da. Hala ere, praktikan, erabakiak gizarte, ekonomia eta ingurumen errentagarritasuneko adierazleen gainean ziurtasunik batere eduki gabe hartzen direla egiaztatuta dago.

Konturatu behar gara planetaren ingurumen babesa, gizarte jakin baten gainean agintea duen subiranotasun erabatekoan oinarritua, mutazio kontzeptual eta praktikoak izaten ari dela. Horiek ekonomiari, zuzenbideari, ingurumen auziei, klima aldaketari, energia politikari eta arrantza politikari eragiten diete, besteak beste.

Aginte politikoa gauzatzeko errezeta zaharrak ez dira halabeharrez baliozkoak gaur egun. Aginte partekatu, aginte lauso edo sareko aginte moten alde egin behar da, herritarren parte hartze aktiboagoa bultzatzeko.

Natura ez denez meneratzen gure lurralde muga eta muga politikoetara, zuzenbide global eta hertsatzaileago bat diseinatu eta garatu behar dugu Lur planetako ingurumen babesari begira.