euskaraespañol

Achucarro ikerketa zentroak 2022ko Neurozientziaren Eguna ospatuko du

  • Ekitaldia

Noiz eta non

2022/09/27, 11:00

Kokapena

Egoitza - Zientzia Parkea
Sarriena. -48940- Leioa-Erandio (Bizkaia)

Deskribapena

Jakin nahi duzu zer ikertzen duten ikertzaileek unibertsitatean? Achucarro Neurozientziarako Euskal Zentroak ate irekien jardunaldi bat antolatu du irailaren 27an, 11:00etatik 14:00etara, graduko, masterreko eta doktoregoko ikasleek bertatik bertara ezagut ditzaten zentroko eta Bizkaiko taldeen neurozientziari buruzko ikerketa arloak. Ekimenak Achucarro zentroa du abiapuntu, Zientzia eta Teknologia Fakultatearekin, Farmaziako Fakultatearekin eta Medikuntzako Fakultatearekin lankidetzan.

Bisitan, zentroko ikertzaileek beren ikerketa arloen eta aurrerapenen berri emango dute posterren bidez. Era berean, eskatzen duenak hurrengo egunetarako bisita bat hitzartu ahal izango du bere intereseko taldeekin.

Programa:

  • 11:00 Ongietorria.
  • 11:10-13:00 Topaketa Achucarro Neurozientziarako Euskal Zentroko ikertaldeekin. Topaketan, mokadu bat eskainiko da.
  • 13:00-14:00 Hitzaldia: “Hunger controls life” (“Goseak bizitza kontrolatzen du”), Tamas Horvath doktorea (Yale Unibertsitatea, AEB), Ikerbasque ikertzailea

Achucarro Neurozientziarako Euskal Zentroa

Eusko Jaurlaritzak Achucarro zentroa bultzatu zuen 2012an, eta haren patrono fundatzaileak Euskal Herriko Unibertsitatea eta Ikerbasque dira. Zentroaren helburu zientifikoa gaixotasun neurodegeneratiboen (Alzheimer-en gaixotasun eta esklerosi anizkoitza, besteak beste) aurka borrokatzeko terapia eta tresna berriak lortzeko gakoak bilatzea da.

Horretarako, hauek ditu ardatz: burmuin osasuntsu eta gaixoaren biologia neuroglialaren azterketa; informazioaren antolamendua eta prozesamendua zirkuitu neuronaletan; mekanismo genetikoak, molekularrak eta zelularrak ezaugarritzea gaixotasun neurodegeneratiboetan; eta ikerketa translazionala eta garuneko gaixotasunetarako terapia berrien garapena.

Europako Batzordeak 2013an aitortu zion Achucarro zentroari HR Excellence in Research saria, ikerkuntzan diharduten eta kudeaketa bikaina egiten duten erakundeei ematen diena.

Zentroari lotutako ikertaldeek garatzen dituzten ikerketa proiektuez gain, ezagutza transferitzeko jarduerak garatzen ditu zentroak, erakundearekin eta haren helburuekin lotutako interes taldeei zuzenduta; besteak beste, hauetan kolaboratuz: Euskal Herriko Unibertsitateko neurozientzietako masterreko eta doktoregoko programa ofizialetan, ikerketa mintegietan, ikerketa arloko biltzarretan, neurobiologiari buruzko ikastaro aurreratuetan, ikerkuntzan erabiltzen diren teknika eta teknologietan. Horrez guztiaz gainera, dibulgaziozko konferentzien ziklo bat ere egiten du (Achucarro Forum), publiko orokorrari zuzenduta.

Nicolás Achucarro –hortik datorkio zentroari izena eta hari egin nahi dio gorazarre– euskal mediku eta ikertzaile bat izan zen, garuna ikertzeko teknika modernoen aitzindaria.