euskaraespañol

Ikasle bisitarientzako harrera

Kanpoko unibertsitateetako 1.000 ikasle baino gehiago arituko dira UPV/EHUn, gutxien dela, lauhileko batean

  • Erreportajeak

Lehenengo argitaratze data: 2022/09/22

Irudia
Ikasle bisitariak eta erakundeetako ordezkariak Arabako Campusean | Argazkia: Nuria González. UPV/EHU.

Geure arten dira, dagoeneko, unibertsitateko mugikortasun programetako ikasle bisitariak. Mila ikaslek baino gehiagok egingo dute lehenengo lauhilekoa UPV/EHUn, nazioarteko zein SICUE programei esker. Joan den astelehenean, Arabako Campusak egin zuen ongietorri ekitaldi ofiziala; geroago, ostegunean eta ostiralean, Bizkaiko Campusak eta Gipuzkoako Campusak, hurrenez hurren. Erakundeetako eta unibertsitateko ordezkariek eskainitako harrera honi esker, ikasle bisitariek eskutik eskurako informazioa jasotzen dute UPV/EHUn bertan eta, datozen hiletan bizileku izango duten lurraldean eskura izango dituzten zerbitzuen inguruan, bertako ikasle bailiren.

Arabako Campuseko ekitaldian, M. Juncal Gutiérrez Mangado Euskara, Kultura eta Nazioartekotzearen arloko errektoreordea, Manoli Igartua Olaechea Arabako Campuseko errektoreordea eta Borja Rodríguez Ramajo Gasteizko Udaleko Herritarren Partaidetza eta Gardentasun zinegotzia izan ziren.

Arabako Campuseko errektoreordeak gogora ekarri zien bertaratutako ikasleei, berak Birminghamen, Aston Unibertsitatean egin zuela doktorego aurreko egonaldia, bizitzan izan duen esperientziarik politenetako bat izan zela adieraziz. “Beste herrialde batean bizi, adiskidetasun berriak egin, bestelako kultura bat deskubritu, neure burua ere berraurkitu nuen… horiexek gauzak gertatu zitzaizkidan eta zeuei ere, Euskal Herriko Unibertsitatean egingo duzuen egonaldian, halaxe gertatuko zaizkizuela uste dut”, azpimarratu zuen.

Honez gain, gehitu zuen beste unibertsitate batera, herrialde berri batera, mugitzeko egonaldia egitea dela unibertsitateko ikasle bati suerta dakiokeen esperientzia esanguratsuenetako bat dela. “Espero dut gure unibertsitatean izango duzuen egonaldia espero bezain aberasgarri izan dakizuela, bai arlo akademikoan, nola kulturalean, zein pertsonalean, zeuen itxaropen guztiak betez”, amaitu zuen.

Noranzko bikoitzeko mugikortasuna

UPV/EHUko lau ikasletatik batek izaten du nazioarteko mugikortasun esperientziaren bat graduko ikasketetan zehar. Zehazkiago, ikasturte honetan, 2.373 ikasle izan dira gutxienez lauhileko bat atzerriko edo Estatuko unibertsitateren batean aritu direnak, kanpoko unibertsitateetatik gurera etorritakoak 1.072 izan diren bitartean. UPV/EHUk gaur egun 2.000 mugikortasun hitzarmenetatik gora ditu bost kontinenteetako unibertsitateekin. Era berean, hogeita hamar dira jada nazioarteko graduko titulazio bikoitzak, alegia, UPV/EHUk eta atzerriko unibertsitate batek batera eskainitako hezkuntza programak, ikasleek bi gradutako unibertsitate titulua lortzeko aukera dutelarik, bana unean uneko unibertsitate bakoitzean.

«Nazioartean duen izen onagatik erabaki nuen UPV/EHUra ikastera etortzea»

Mugikortasun programa horiei esker, Jorge Aspee, Txileko Santiagoko Unibertsitatetik etorri eta Elikagaien Zientzia eta Teknologiako ikaslea, Arabako hiriburuan izango da lauhileko batean. “Nire unibertsitatean bertan gomendatu zidaten UPV/EHUra etortzea eta Gasteizera ikastera etortzea erabaki nuen, Arabako Campuseko Farmazia Fakultatean emandako gradu horren nazioarteko izen onarengatik. Gainera, Arabako hiriburua aukeratu nuen hiri lasaia delako. Kultura eta herrialdea ezagutu nahi ditut eta lagun berriak egiteko aukera izan”, dio egonaldirako helburu eta asmoak nabarmenduz.

Bere aldetik, Ellis Molinahen Letren Fakultatera etorri da Artearen Historia eta Itzulpengintza ikastera, Nottinghameko Unibertsitatean egin dituen Artearen eta gaztelaniaren historiako ikasketen osagarri. “Vitoria-Gasteiz aukeratu nuen nire hiriaren antza duelako: oso berdea da eta campusa zuhaitz anitzeko parke batetik gertu dago.” Aipatu du biziki eskertzekoa dela bizilekua aurkitzeko eskaintzen den laguntza, Euskal Herriko Unibertsitateak atzerriko ikasleentzat eskainitako laguntzak ezagunak direlarik. Lauhileko bateko egonaldia egingo du eta Internet bidez ezagutu zuen fakultatearen eskaintza.

SICUE programaren barruan, Marta Aldea, Antonio Molina eta Sandra Piñeiro ikasleek Farmazia Fakultatean ikasiko dute ikasturte osoan. Salamancako Unibertsitatetik dator Marta eta bere unibertsitatearen bidez izan zuen eskaintzaren berri. “Ez zen nire lehenengo aukera –aitortu du–, baina orain oso pozik nago. Familia dut, gertu bizi dena, eta oso ondo hitz egin didate.” Jende, herrialde eta kultura berriak ezagutzea eta txangoak dira egonaldian zehar erdietsi nahi dituen helburuetako batzuk.

Antoniok, berriz, hasiera-hasieratik izan zuen argi. Granadako Unibertsitateko ikasle hau Coruñan aritu zen ikastaro bat egiten, duela urte batzuk, eta iparraldea gehiago ezagutu nahi zuen, “Granadatik guztiz desberdina dena, askoz berdeagoa. Gainera, Euskal Herriko jendea eta kultura ezagutu nahi ditut.”

Sandra Piñeiro vigoarrak ere bere unibertsitatearen bidez, Santiago de Compostelako Unibertsitatearen bidez, izan zuen trukearen eskaintzaren berri eta, inguru hauei buruzko erreferentziak zituen familiartekoak bitarte. “Santiagoren antzekoena zen, baina desberdina, eta hemen nago”, dio sinetsita.

Aukera gehiago

Gero eta gehiago dira nazioarteko ikasleak, mugikortasuna egiteko, UPV/EHU aukeratzen dutenak eta, horren ondorioz, ohikoa da egun ikasgeletan ikasle bisitariak ikustea. Shanghaiko ranking ospetsuetan erdietsitako postuari esker, gero eta gehiago dira mundu osoan Euskal Herriko Unibertsitateari erreparatzen dioten ikasleak, egonaldirako helmuga aukeratzeko orduan.

«Mugikortasun-programek gero eta aukera anitzagoak eskaintzen dituzte»

“Mugikortasun programek gero eta aukera gehiago eskaintzen dituzte nazioartekotze esperientzia bizitzeko ikasle, irakasle/ikertzaile eta administrazio eta zerbitzuetako pertsonalarentzat” —adierazi du Euskara, Kultura eta Nazioartekotzearen arloko errektoreordeak —.”Baina, ohiko mugikortasunez gain, UPV/EHUk mugikortasun programa labur eta trinko konbinatuak (BIP) antolatzen ditu, 5 eta 30 egunen bitartekoak, mugikortasun luzeagoak egin ezin dituzten ikasleei nazioartekotze esperientzia emateko helburuaz. Enlight Europako Unibertsitatearen barruan, ikasleek hamaika BIP desberdinetan hartu ahal izango dute parte ikasturte honetan.”

Ongietorri ekitaldiak errepikatu egingo dira Bizkaiko eta Gipuzkoako Campusetan eta, aurkezpenak egin ondoren, ikasle bisitariek jai egitarau batez gozatu ahal izango dute: talo tailerrak, herri kirolak eta musika barne dituena.

“Ohorea da guretzat geure erakundea aukeratu izana, kultura, hizkuntza eta ingurune berri batera bidaiatzeari ekiteko. Hamaika gauza berriez lepo jositako hilabeteak izango dira eta hauen oroitzapenak bizitza osoan iraungo du zeuen gogoetan”, esan zien M. Juncal Gutierrezek Arabako Campusekoan bildutakoei. Eta gauza bera gertatuko zaie Euskal Herriko Unibertsitate osoan bisitari arituko diren gainerako ikasle guztiei.