euskaraespañol

ETE-entzako Berrikuntza Irekiko Unibertsitate-Enpresa Gela sortu da

  • Albisteak

Lehenengo argitaratze data: 2023/04/26

Irudia
ADEGIko zuzendari José Miguel Ayerza eta Gipuzkoako Campuseko errektoreorde Agustín Erkizia hitzarmenaren sinaduraren ostean | Argazkia: UPV/EHU

Euskal Herriko Unibertsitateak eta Gipuzkoako Enpresen Elkarteak (ADEGI) lankidetza hitzarmena sinatu dute ETE-entzako Berrikuntza Irekiko Unibertsitate-Enpresa Gela sortzeko. Akordioa Gipuzkoako Campuseko Errektoreordetzan berretsi dute Campuseko errektoreorde Agustín Erkiziak eta ADEGIko zuzendari José Miguel Ayerzak. Sinatutako hitzarmenaren xedea da prestakuntzako, ikerketako eta berrikuntzako jarduerak egitea, ADEGIren enpresa bazkideen laguntzarekin.

Horrela, ETE-entzako Berrikuntza Irekiko Unibertsitate-Enpresa Gela berriaren helburua da Gradu Amaierako Lanak, Master Amaierako Lanak eta  Doktorego Tesiak (bereziki industriari lotutako doktoregoak) egin daitezen bultzatzea, bai eta praktika boluntarioak ere. Horrez gain, ikastaroak, mintegiak eta prestakuntza jardunaldiak antolatzea aurreikusten da, baita ikerketa zientifikoko eta garapen teknologikoko proiektuak ere. Bestalde, ikerketa zientifikoko eta teknikoko baterako ikerketak egingo dira; horretarako, lan talde mistoak sortuko dira. Gainera, ADEGIk edo bere enpresa elkartuek unibertsitate lanak sustatzera, bultatzera eta garatzera zuzendutako laguntza bekak emango dituzte.

Euskal Herriko Unibertsitateko Gipuzkoako Campuseko errektoreordeak uste du sinatutako hitzarmenak “aukera ematen duela lankidetza ildo berri bat ezartzeko lurraldeko enpresa txiki eta ertainen (ETEak) eta UPV/EHUko ikertaldeen artean, berrikuntza irekirako, lehiakortasun mailetan aurrera egiten jarraitzeko xedearekin. Horretarako, jarduketa protokolo erraz bat diseinatu da, eta, horren bidez, UPV/EHUko ia 300 ikertaldeen eta ETE-en arteko harremana arin ezarriko da.Eskaera kopuru handiena artatzeko xedearekin, koordinazio mekanismo berezia ezarri da hiru campusetako ekintzailetza eta transferentzia zuzendaritzen eta Ikerketaren Emaitzak Eskualdatzeko Bulegoaren (IEEB) zuzendaritzaren artean”.

<0}“ADEGIn ziur gaude hitzarmen honek aukera emango digula enpresari unibertsitatearen ezagutza eta talentua hurbiltzeko, eta enpresa ezagutzara eta talentura hurreratzeko”, nabarmendu du ADEGIko zuzendari nagusi José Miguel Ayerzak. “Enpresa, talentua eta unibertsitatea dira garapen ekonomikoko eta sozialeko oinarrizko hiru euskarriak. Gipuzkoako enpresek behin eta berriz errepikatu izan dute kualifikatutako langileak kontratatzeko zailtasunak dituztela. Unibertsitateak, bere aldetik, funtsezko papera dauka talentuaren prestakuntzan; izan ere, etorkizuneko profesionalak gaitzeko eta lan mundurako prestatzeko arduraduna da. Eta, talentuari dagokionez, argi dago funtsezko baliabidea dela enpresentzako, lehiakorragoak izateko eta errendimendua hobetzeko aukera ematen dielako. Proiektua enpresaren, unibertsitatearen eta talentuaren artean partekatzen da. Horretarako, hitzarmen hau egin da eta espero dugu pertsonei, enpresei eta unibertsitateari, eta, laburbilduz, herrialde osoari eta haren aurrerapenari eta ongizateari onura ekartzea”, esan du, amaitzeko.

ETE-entzako Berrikuntza Irekiko Unibertsitate-Enpresa Gela honen sorrera beste urrats bat da azken hamarkadan hasitako bidean; izan ere, Euskal Herriko Unibertsitateko Gipuzkoako Campuseko ikastegiak eta ADEGIk batera lan egin izan dute berrikuntzarekin eta ezagutza sortzearekin eta eraldatzearekin lotutako jarduerak martxan jartzeko. Jarduera horiek guztiek Gipuzkoaren sustapena eta garapen ekonomikoa eta soziala izan dute helburu, bai eta ikasleen prestakuntza eta inplikatutako sektoreetako I+G+b-ren sustapena ere.