euskaraespañol

Adierazpen-askatasunaren erronkak gorroto-krimenen eta terrorismoa bultzatzearen testuinguruan: «gorroto-diskurtsoaren normalizazioa» edo diskurtso «desatsegin» ororen errepresioa

  • Albisteak

Lehenengo argitaratze data: 2022/04/08

Irudia
Adela Asua eta Manuel Cancio. Argazkia: UPV/EHU

UPV/EHUko Giza Eskubideen eta Botere Publikoen Unesco Katedrak antolatutako Giza Eskubideen Nazioarteko Batzarraren azken egunean, adierazpen-askatasunerako eskubideari dagokionez gaurkotasun handikoa den gai bat aztertu da: gorroto-krimenak eta terrorismoa bultzatzea. Mundu-mailako bi erreferente izan dira bertan: Barbara Perry, Ontarioko Unibertsitate Teknologikoko Giza eta Gizarte Zientzien Fakultateko Gorroto, Diskriminazio eta Estremismoari buruzko Zentroko zuzendaria, eta Manuel Cancio Meliá, Madrilgo Unibertsitate Autonomoko Zuzenbide Penaleko katedraduna.

Perryk gaiaren hurbilketa kriminologiko bat aurkeztu du eta Kanadako agintariek erregistratutako gorroto-delituek gora egin dutela egiaztatu du. Era berean, «online eta offline narratibek eta buruzagi politikoen, hedabideen eta eskuineko estremisten ekintzak ezohiko igoera horietan zer nolako eragina izan duten» jorratu du. Trump efektuak eta Covidaren inguruko teoria konspiratiboek izugarri areagotu dituzte gorroto-diskurtsoak, eta Perry kezkatuta agertu da, horrelako mezuak ugaritzeak «gorrotoaren normalizazioa» eragin dezaketelako.

Bestalde, Canciok «herritar gehienentzat onartezinak diren» diskurtso jakin batzuen gero eta errepresio penal handiagoaz hitz egin du. Europar Batasuneko eta Espainiako Estatuko esparruak aztertu ditu, eta azken horretan hausnarketa egin beharra dagoela nabarmendu du; izan ere, muturreko diskurtso edo diskurtso desatsegin ororen nahasketa oso arriskutsua izan daiteke adierazpen-askatasunerako.

Amaierako hitzaldia eta esker ona

Amaierako hitzaldian, Martin Scheininek, terrorismoaren aurkako borrokan giza eskubideak eta funtsezko eskubideak sustatu eta babesteko errelatore berezi ohiak, aro digitalean adierazpen-askatasunerako itxaropenik ba ote dagoen galdetu du. Sortutako informazioa izugarri azkar hedatzen den garai honetan, eta Internetek milioika pertsonaren bizitzan duen nonahikotasuna errealitate bat izanik, hau ziurtatu du: «potentziala ikaragarria da, baina baita arriskuak eta erronkak ere». Ondorio ekonomikoez ere jardun du hitzaldian, haren ustez ulertezina baita ekonomiaren eta finantzen zati bat ezer ukigarririk ekoizten ez duten edo aktibo ukigarririk ez duten korporazioen eskuetan geratzea.

Antolatzaileek hizlarien parte-hartzea eskertu dute, baita moderatzaileena ere, horiei esker Giza Eskubideen Nazioarteko Batzarra lehen mailako erreferentzia akademiko bihurtu baita. EHUko Giza Eskubideen eta Botere Publikoen Unesco Katedrak eskerrak eman dizkie ikasleei ere, bertan izateagatik eta, batez ere, ekarpenetan izan duten parte-hartze handiagatik.

Arratsaldeko jardunaldia amaitu ondoren, saritutako ekarpenen berri emango dizuegu.  

Zuen esanetara jarraitzen dugu datozen egunotan Batzarrari buruzko informazio gehiago, elkarrizketak edo zehaztapenak nahi izanez gero.

Batzarrari buruzko informazio osoa: Egitaraua – Giza Eskubideen Nazioarteko Batzarra (humanrightscongress.org)