euskaraespañol

Gaurko irudia

Adingabeen % 25 tratu txarren biktima izan dira etxean: UPV/EHUk eta BBK-k graduondokoa abiarazi dute adingabeei tratu ona emateko adituak prestatzeko

Titulazioak prestakuntza emango du ongizate- eta babes-koordinatzaile, adingabearen lege berrian jasota dagoen figura, gisa jarduteko, eta haur eta nerabeen abusu, tratu txar eta babesgabetasun-egoerei aurre egiteko.

  • Albisteak

Lehenengo argitaratze data: 2022/06/07

Irudia
Nora Sarasola, BBK-ko Gizarte Ekintzako zuzendaria, eta Asier Romero, graduondokoaren zuzendaria. | Argazkia: UPV/EHU

Haur eta nerabeekin lan egiten duten profesionalei tratu txarrak pairatzen dituzten adingabeak antzemateko, aintzat hartzeko, horiekin jarduteko eta laguntzeko beharrezkoak diren ezaupideak emateko helburuarekin, UPV/EHUko Hezkuntza Fakultateak ─BBK, Bidegintza GEK eta EDE Fundazioaren lankidetzan, eta Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailaren laguntzarekin─ graduondoko berria sortu du: “Eskolan eta Gizarte Hezkuntzan Tratu Ona eta Haurren eta Nerabeen Babesa emateko aditua”, gero eta konplexuagoa den errealitate honi aurre egiteko ezaupide espezifikoak emate aldera profesionalei.  

Adingabeek jasaten dituzten abusu, tratu txar eta babesgabetasun-egoerei buruzko datuak izugarriak dira: Save the Children-ek kalkulatu du Espainian haurren % 25 etxean tratu txarren biktima izan direla, eta Euskadin, haur eta nerabeen aurkako sexu-indarkeria % 61 handitu zela 2016 eta 2019 artean. 2020an, Haurrak eta Nerabeak Zaintzeko Eusko Jaurlaritzaren Zerbitzua den “Zeuk Esan”ek, dei-kopuruaren marka tristea hautsi zuen, % 23,5 gehituz 2018tik. Joan den ikasturtean, Hezkuntza Sailak 129 eskola-jazarpen kasu detektatu zituen EAEko ikastetxeetan. Estatu mailan, erakunde adituek adierazi dute 4 ikasletik batek jazarpenen bat jasan dezakeela, ziber jazarpenek nabarmen egin dutelarik gora.  

Gero eta gazteagoak diren adinetan kontsultak eta osasun mentaleko arazoak ugaritzea, pobrezia- edo bazterketa-arrisku gero eta handiagoa, eskola-uzte tasak eta haur-pornografiarekin lotutako delituak dira haurren aurkako tratu txarren estatistikak areagotzen dituzten beste faktore batzuk.  

Haur eta nerabeen egoera kezkagarriari ikastetxe eta elkarteetan lan egiten duten profesionalekiko kezka gehitu behar zaio: Eusko Jaurlaritzak iaz egindako diagnostiko baten arabera, irakasleen ia % 66k diote antsietate edo estres-maila handiagoa dutela; Kataluniako Gizarte Hezitzaileen Elkargoaren arabera, berriz, profesionalen % 15 estresagatik bajan egon dira. Era berean, % 68k diote beren ikastetxe edo zentroak ez dituela inoiz arrisku psikosozialak ebaluatu.  

“Datu ikaragarri horiei beste bat gehitu behar zaie, eta horrek zer-nolako helduak garen eta zer gizarte eraikitzen ari garen hausnartzera eraman behar gaitu: tratu txarren biktima diren ikasleei laguntzeko nork esku hartzen duen galdetzen zaienean, Lehen Hezkuntzan % 19,7k eta DBHn % 28,6k esaten dute, batzuetan, inork ez duela esku hartzen”, adierazi du Nora Sarasola BBK-ko Gizarte Ekintzako zuzendariak titulazio berriaren aurkezpenean.  

Bestalde, Asier Romero eta Arantzazu López de la Serna EHUko irakasle eta graduondokoaren arduradun akademikoek honako hau gaineratu dute: "Badirudi datu asko ditugula eta kasu guztiak ezagutzen direla, baina hori ez da ezelan ere egia. Arazoaren tamaina ezagutzeko ditugun datuak oso urriak dira, eta salaketak ez dira icebergaren punta baino”.  

Adingabearen Lege berriak haurren aurkako tratu txarren eta abusuen pandemia horri aurre egiteko ezarri dituen neurrien artean, figura profesional berri bat dago, “Ongizate- eta babes-koordinatzailea” deiturikoa, baina orain arte ez dago hori gauzatzeko profesionalak gaitzen dituen prestakuntza espezifikorik.  

“Graduondoko honekin, haurren kulturarekiko sentikorrak diren profesionalak diziplina edo jakintza-alor anitzetan gaitu gura ditugu, ekitatetik eta berrikuntzatik abiatuta, haurren eta nerabeen babesa sustatzeko edozein indarkeria-motaren aurrean. UPV/EHU eta, zehazki, gure fakultatea erabat prestatuta daude erronka horri aurre egiteko”, azaldu du Asier Romerok.  

Ezin dugu ahaztu gaur egungo haurrak eta nerabeak direla Bizkaiaren etorkizuna. Ezin gara egoera hauei buruz egunero egunkarietan irakurri eta besoak gurutzatuta geratu. Sortu zenetik, BBKren gizarte-ekintzaren konpromisorik sendoenetako bat gazteenen ongizatea izan da, da eta izango da. BBK Familyn, adibidez, gurasoei laguntzen diegu seme-alabak hazten eta hezten, lehen mailako adituen eskutik, prestakuntza eta aholkularitza emanez. Badakigu gaur egun zaila dela gazteenak heztea. Horren haritik, uste dugu prestakuntza funtsezkoa dela maila guztietan gizarte-gaitz larri honen norabide aldaketa sustatzeko”, adierazi du Nora Sarasolak.  

Adingabeekin lan edo behar egiteaz arduratzen diren era guztietako jendeari zuzenduta, titulazio berria UPV/EHUren 2022-2023 ikasturterako berezko tituluen eskaintzaren barruan emango da, Bilboko Hezkuntza Fakultatean. Gaztelaniaz eta euskaraz egingo da, eta formatua erdipresentziala izango da. Lekua 25 lagunentzat bakarrik dago eta aurreinskripzioa egiteko epea maiatzaren 23an ireki zen. Aurreinskripzioak UPV/EHUren berezko tituluen webgunean bertan egin ahal izango dira, edo graduondokoaren helbideetara mezu elektroniko bat bidaliz: Asier Romero (a.romero@ehu.eus) edo Arantzazu López de la Serna (arantzazu.lopez@ehu.eus).