euskaraespañol

Fabrikazio Aeronautiko Aurreratuko Zentroak bi urte bete ditu, 200 proiektu baino gehiagorekin

Ekimen publiko-pribatu honek industria prozesuak ikertzeko eta emaitzak enpresetara zuzenean transferitzeko aukera ematen du

  • Albisteak

Lehenengo argitaratze data: 2019/12/03

Aeronautikako Fabrikazio Aurreratuko Zentroak bi urte bete ditu, 200 proiektu baino gehiagorekin
Aeronautikako Fabrikazio Aurreratuko Zentroak bi urte bete ditu, 200 proiektu baino gehiagorekin

Euskal Herriko aeronautikaren eta makina erremintaren arloko enpresa taldearen baterako erronka hau fruituak ematen ari da dagoeneko. Ekimenak Eusko Jaurlaritzaren Ekonomia Garapen eta Azpiegitura Sailaren, Bizkaiko Foru Aldundiaren eta Euskal Herriko Unibertsitatearen laguntza jasotzen du.

Fabrikazio Aeronautiko Aurreratuko Zentroaren (FAAZ) lan onaren erakusle dira bere 78 enpresa bazkideak eta martxan dauden 200 proiektu baino gehiago; proiektu horien artetik, % 75 produkzio prozesuetan ezarrita daude, edo ezartzeko fasean. Proiektuen emaitzen inpaktua agerikoa da superaleazioen fabrikazio prozesuen hobekuntzan, euskal makina erreminten prozesu berrietan, ikuskaritza eta neurketa prozesuen hobekuntzan, konektibitatean eta prozesuen digitalizazioari lotutako gaietan, eta beste esparru askotan.

Norberto López de Lacalle FAAZeko zuzendariak eta UPV/EHUko irakasleak bi urte hauen balantzea egin du: “FAAZ enpresen beharretatik hurbil egongo ziren ikerketak egiteko sortu zen, bai aeronautikako turbinaren bai makina erremintaren arloan. Enpresa hain gertutik ukitzen duten maila horietan lan egiteak eguneroko harreman bat eskatzen du konpainiekin, ongi zehaztutako mugarriak definitzeko. Zentro hau adierazle ona da gure unibertsitatean egindako lanek ahalbidetzen duten itzulketa sozioekonomiko garrantzitsua ikusteko; hala, balio kontserbadore bat emate aldera, 2 urte hauetan, inbertitutako euro bakoitzeko lau euro inguru itzuli dira, produktibitatearen hobekuntzara edo akatsen murrizketara”.

Egunerokoan, I+G+B eta fabrikazio aurreratua uztartzen ditu FAAZek. Hala, gaurko motorren belaunaldi berriak, Europar Batasunaren Clean Sky II programetan eta ITP Aero enpresa partaide den proiektuetan garatzen ari direnak, aldi berean dira erronka eta aukera zentroarentzat.

FAAZek diziplina anitzeko lan talde bat dauka, prestakuntza maila handiko 14 teknikarik osatutakoa; talde horri doktoregoan edo prestakuntzaren etaparen batean dauden ikasleak batu behar zaizkio, baita LH eredu dualean egiten ari diren 7 ikasle ere. Taldea enpresako teknikariek eta unibertsitateko ikertzaileek osatzen dute. Proiektuak garatzea da zentroaren egitekoa, alabaina maila anitzeko prestakuntza aukerak ere oso garrantzitsuak izan daitezke.

Alfredo López Díez ingeniariak, ITP Aeroko Ingeniaritza Aurreratuko zuzendaria eta zentroarekin lan egin eta kolaboratzen duten 78 enpresen taldea kudeatzailea ere badenak, erronka horiei aurre egiteko modua azaldu digu: “Ezin dugu ahaztu kutsadura eta zarata gutxiagoko motor eraginkorragoak egiteko sektore osoaren lanak tamaina handiko esfortzu kolektibo bat irudikatzen duela. Europa dago esfortzu horren buruan. I+G estrategietan bazkideen arteko lankidetza eta sinergia biltzea da FAAZen ezaugarrietako bat. UPV/EHUk ere prestakuntza handia ematen du aeronautikako eta makina erremintako enpresa ikasgeletan”.

Doktoregoko ikasleek ingurune horretan egiten dute beren doktorego lanaren parte bat. Emaitza jakintza berri bat da, industria doktoregoa deritzon horren baitan gure inguruneari balioa eman nahi diona. Hala, zentroari lotuta eta enpresen interes errealei lotuta, doktorego tesiak egiteko 7 proiektu daude, aldizkari zientifiko garrantzitsuetan argitaratutako hainbat lan ere eman dituztenak. Tesi horietako bat Felipe Marínena da, zeinak Brasileko –haren jatorrizko herrialdea­– beka bat baitu. Marín fresatze prozesuak lantzen ari da, osagai birakarien bost ardatzetan. “Nire lana prozesu ereduen eta algoritmoen erabilerara bideratzen da, erreminten ibilbideak leuntzeari begira. FAAZen hainbat aukera proba ditzaket aleazio errealen gainean eta benetakoetatik oso gertu dauden makinetan” azaldu digu.

“Hori da FAAZen egitekoa, proiektuak eta proiektuak egitea, baina horiek egin eta transferentzia emaitza onak lortzen diren bitartean… beste gauza batzuk ere egiten dira: prestakuntza aurreratua, doktorego tesiak, epe ertainerako balizko industria interesei bideratutako ikerketa, euskal teknologia zentroen sistemekiko lankidetza estua, Europako beste zentro lider batzuekiko harremanak, eta harreman ona sektoreko taldeekin”, argitu du López de Lacallek.

Informazio gehiago: https://www.ehu.eus/es/web/CFAA/home