null

Nekazaritza jasangarria: ekoizpena hobetzea berotegi-efektuko gasak gutxituz

Gutxieneko laborantzako sailetan ongarri eta inhibitzaileak erabiltzeak zer ingurumen- eta ekoizpen-abantaila dituen ebaluatu du UPV/EHUk

  • Ikerketa

Lehenengo argitaratze data: 2020/01/22

Mario Corrochano-Monsalve. Argazkia: UPV/EHU.

UPV/EHUko NUMAPS taldeak aztertu du zer onura dituen ongarri amoniakalekin batera nitrifikazio-inhibitzaileak erabiltzeak. Gari-sail batean egin da ikerketa, laborantza-sistema konbentzional bat gutxieneko laborantzako sistema batekin alderatuz. Horretarako, hainbat parametro neurtu dira, hala nola aleen ekoizpena eta kalitatea, nitrogenoaren erabileraren eraginkortasuna eta berotegi-efektuko gasen emisioak.

Zorutik eskura daitekeen nitrogenoak mugatzen du laboreen hazkundea, landareen elementu primarioetako bat baita eta haren gabeziak nekazaritza-errendimendua murriztea eragiten baitu. Hori dela eta, nahitaezkoa da zoruari nitrogenoa ematea, ongarri nitrogenodunak erabiliz. Gerta liteke, ordea, laboreak eraginkortasunez ez erabiltzea zoruan zabaldutako nitrogenoa. Horrek, nekazaritza-sektoreari galera ekonomiko handiak eragiteaz gainera, ingurumen-arazoak ere sortzen ditu, besteak beste, nitratoen lixibiazioaren ondorioz urak eutrofizatzea eta zoruko mikroorganismoek nitrogeno-oxidoak sortzea (oxido nitrikoa eta oxido nitrosoa). Bereziki garrantzitsua da oxido nitrosoaren emisioa (N2O); izan ere, berotegi-efektuko gas horrek CO2-ak baino 265 aldiz indar handiagoa du berokuntza globala eragiteko.

Nekazaritzan gertatzen diren nitrogeno-galera horiek murrizteko, “norabide bat izan behar du ikerketa agronomikoak: ongarri nitrogenodunen erabilera optimizatzea nekazaritzako jardunbide hobeak garatuz, lixibiazioa eta gas-galerak prebenitzen eta laboreen errendimendu eta kalitaterik onena lortzen laguntzeko”, azaldu du Mario Corrochano-Monsalve doktoregai eta UPV/EHUko NUMAPS (NUtrition MAnagement in Plant and Soil) taldeko ikertzaileak. Horren harira, ikerketa bat egin dute ikertzaileek “nitrifikazio-inhibitzaileen erabilera ardatz harturik”. Inhibitzaile-mota horrek nekazaritzako lurzoruetan bizi diren hainbat bakterioren aktibitatea murrizten du; bakterioek, hazteko, ongarriek emandako nitrogeno amoniakala erabiltzen dute, eta labore-landarearekin lehiatzen dira hura eskuratzeko. “Inhibitzaileak erabiltzeak aukera ematen du landareak denbora gehiago izan dezan zoruko nitrogenoa xurgatzeko eta aminoazido eta proteina gisa asimilatzeko, eta, hala, nitrogeno gutxiago galtzen da nitrato eta gas nitrogenodun gisa”, azaldu du ikertzaileak.

 

Nekazaritza eraginkor baterantz

Ikertzaileek esperimentu bat egin dute landa-eremuan, “ikusteko zer eragin duen ongarri amoniakal batek nitrifikazio-inhibitzaile mota batekin konbinatuz (3,4-Dimetilpirazol sukzinikoa, DMPSA), bi laborantza-sistematan:  laborantza konbentzionala (sakoneko golde belarridun bidezkoa) eta gutxieneko laborantza (gutxieneko goldatzea eta haziak zulotxo txikietan sartzea)”, deskribatu du Corrochano-Monsalvek. Lursailen segimendu zorrotza egin zuten; izan ere, “sail bakoitzean, zenbait neurketa egin genituen: gari-ekoizpena, ogi-irin gisa duen kalitatea, zoruaren nitrogeno-edukiaren bilakaera eta landutako zoruaren berotegi-efektuko gasen emisioa (BEG) (CO2, N2O eta CH4). Halaber, analisi genetikoak egin genituen, ikusteko nola aldatzen ziren zoruko bakterioen populazioak, nitrogenoaren oxidazioa/erredukzioa, eta, ondorioz, BEGen emisioa eragiten dute bakterioen populazioak”, zehaztu du ikertzaileak.

Hauxe da ikerketaren ondorio nagusia: “Laborantzaren eraginkortasuna hobea izan zen nitrifikazio-inhibitzailea gutxieneko laborantzarekin konbinatuta erabiliz, BEGen emisioa murriztu baitzen ekoizpenari kalterik eragin gabe —azaldu du Corrochano-Monsalvek—. Ikerlanaren alderdirik berriena izan da egiaztatzea gutxieneko laborantza-sistemarekin landutako sailetan bakterio jakin batzuen populazioaren hazkundea bultzatu duela nitrifikazio-inhibitzaileak erabiltzeak; zehazki, N2O-a nitrogeno molekularrera (N2) —atmosferan dagoen nitrogeno-formarik ugari eta geldoenera— erreduzitzen duten bakterio-populazioak hazi dira. Hala, gas-forman galtzen den nitrogenoak ez luke kalterik eragingo”. Araban egin da ikerketa, eta hango klima mediterraneo hezean, “hezetasun-maila handiak izaten ditugu zoruan, hazkuntza-zikloaren une askotan, eta horrek nitrogeno-galerak handitzea eragin dezake lixibiazioaren ondorioz. Dena dela, hezetasun-maila handi horrek ere oso ingurune anaerobikoa sortzen du, eta hori lagungarri da nitrogeno-oxidoak N2-ra erreduzitzen laguntzeko —erantsi du—. Espero izatekoa da nitrifikazio-inhibitzaileak erabiltzeak aukera ematea ongarri gutxiago erabiltzeko, eta horrek ingurumen-inpaktua murrizteaz gainera dirua aurrezten lagunduko lieke nekazariei”.

“Nekazaritzak, beste sektore askok bezala, gero eta eraginkorragoa izan beharra dauka. Nekazaritza jasangarri bat lortzea da helburua, elikagai-segurtasuna (elikagaiak guztiontzat) eta gutxieneko ingurumen-inpaktua konbinatuko dituena —ondorioztatu du—. Orain arte, eremu geografiko bakoitzaren araberako gomendio orokorrak egiten ziren (ongarri-kantitatea, formulazio kimikoa, aplikatzeko unea eta modua, fitosanitario-motak, etab.). Hala ere, egokiena zera da: gomendioak kasuan kasuan egitea. Eta horretarako joera handituz doa. Izan ere, eremu geografiko bereko lursail bakoitzak ere baditu bere bereizgarriak. Egokiena litzateke lursail bakoitzean aurrez analisiak egitea laborantza-kanpaina bati ekin baino lehen, zehazki zer behar dituen determinatu eta baliabiderik ez xahutzeko”.

 

Informazio osagarria

Mario Corrochano-Monsalveren doktore-tesiaren zati da ikerketa hau. UPV/EHUko Landare Biologia eta Ekologia Saileko NUMAPS ikerketa-taldeko ikertzailea da. Ikerketan erabili den nitrifikazio-inhibitzailea 2-(3,4-dimetil-1H-pirazol-1-YL) azido sukzinikoaren (DMPSA) isomero-nahaste bat da, Eurochem Agro Iberia SL enpresak ekoitzia. Ikerketa honetan erabili diren finka esperimentalak Arkauten daude (Araban) (Neiker-Tecnaliarekin lankidetza).

Erreferentzia bibliografikoa