euskaraespañol

Euskal Herriko Unibertsitateko Filosofiako irakaslea

Agustín Arrieta: «Gaizki ezkontzen da filosofia egun nagusitzen ari diren merkatu-balioekin»

  • Elkarrizketa

Lehenengo argitaratze data: 2020/02/20

Irudia
Agustín Arrieta Urtizberea. Argazkia: UPV/EHU

Euskal Herriko Unibertsitateko Filosofiako irakaslea da Agustin Arrieta Urtizberea. “Gogoeta bide irekiak. Fikzio, egia, balio eta hezkuntzari buruzko saiakera filosofiko bat” argitaratu berri du, eta gizartean bolo-bolo dabiltzan gaiak landu ditu liburuan. Liburuaren bukaeran ikusi du lotura handiak daudela liburuaren hasieran ustez independenteak ziren gaien artean, eta horrekin gustura ageri da.

Egia merkealdian al dago?

Bai, hori da gutxi gorabehera liburuaren planteamendua. Gaur egun, asko hitz egiten da egia osteko aroaz, eta nik uste dut gai garrantzitsua eta larria dela. Badago halako mespretxu bat egiarekiko, eta mespretxu hori era askotara adierazten da; baina ez dago bakarrik egiarekiko mespretxua: balio epistemiko deitzen diren objektibotasuna, ebidentzia, neutraltasuna… horrelako kontzeptu guztiak, zuk esan bezala, merkealdian daude, eta liburuan kezka azaltzen dut. Iruditzen zait bide arriskutsu bat dela hori, eta ez dakit norantz goazen bide horretatik.

Hizkuntzak egiten gaitu gizaki. Baina giza hizkuntza naturala edo kulturala da?

Erdibideko planteamendu bat egiten dut: bolada batean, hizkuntzaren gaineko eztabaidetan, nagusi ziren biologia aldera jotzen zutenak , eta, hor, hipernaturalismoa azaldu zen, hizkuntzari dagokionez;gero, penduluak beste aldera jo du, eta hiperkulturalismoa nagusitu da, hizkuntza zeharo kulturala dela pentsatzea. Nik hizkuntzaren auzia eta pertzepzioaren auzia aztertzen ditut liburuan, eta uste dut muturreko bi jarrera horiek bide okerretik doazela eta erdibidean dagoela erantzuna. Liburuan, eztabaidarako proposamena egiten dut: hari-mutur asko garatu eta jorratu behar dira oraindik. Baina tesia hau izango litzateke: ez hipernaturalismoa, ez hiperkulturalismoa.

«Egia, objektibotasuna, ebidentzia eta halako kontzeptuak merkealdian daude, eta bide hori arriskutsua da»

Zientziak nolako ezagutza eskaintzen digu?

Esango nuke ezagutza horren erdigunean dagoen kontzeptua justifikazioa dela. Zientzian, justifikatu behar dira tesiak, hipotesiak, teoriak, eta justifikazioa da muina; zientziak beti eskaini behar du justifikazioa. Justifikazio horiek izan daitezke kalitate handiagokoak edo txikiagokoak, eta eztabaida handiak egon daitezke, baina beti da justifikazioan oinarritzen den ezagutza.

Umoreak zer arrisku ditu?

Ikuspuntu etiko-politiko batetik hitz egiten da umoreari buruz askotan, eta mezu zentsuratzaile asko eta asko entzuten dira egungo gizartean. Nik, printzipioz, adierazpen-askatasuna maximizatzeko joera daukat. Baina egon daitezke mugak, jakina. Azken finean, adierazpen-askatasuna beste balio etiko-politikoekin konbinatu behar da, esate baterako justiziarekin; eta batek daki, agian, adierazpen-askatasunaren eskutik etor daiteke injustizia.

Umorearena oso auzi zaila da; oso zaila da koherente izatea. Oso erraza da umore-mota bat zentsuratzea, eta, gero, beste umore-mota baten aurrean isilik egotea, askotan modu inkoherente batez; nik koherentzia hori zaindu nahi dut. Liburuan esaten dudana da testuingurua oso inportantea dela. Tortura-kasu baten adibidea jartzen dut, non torturatua izan den pertsona batek umorea egiten duen torturarekin, testuinguru batean eta helburu batzuekin. Nire ustez, erabat onargarria da umore-mota hori. Jakina, umore hori edo txiste hori torturatzaileetako batek egingo balu, noski, umorearen inguruko beste ebaluazio bat egin beharko litzateke, eta nik ez nuke baztertuko zentsuratzeko aukera, batez ere umore-mota horrek kalte handia egin dezakeelako, injustizia ekarri dezakeelako. Beraz, adierazpen-askatasuna maximizatzeko aukera babestu nahi dut, baina ez dut baztertzen umorea oso kaltegarria izatea, batez ere umorearen jomugan talde ahul bat dagoenean. Gaur egun, niri iruditzen zait oso mingarria dela, esate baterako, etorkinen eta errefuxiatuen gainean zenbait forotan zabaltzen den umore-mota. Hori ez da iraingarria, kaltegarria da, pertsonen eskubideen kontrako bide bat da.

«Filosofiak eragina izan du justizian, Frantziako iraultzan, feminismoaren sorreran… Zerrenda oso luzea da»

Zer gertatzen da filosofiarekin, beti bere garrantzia aldarrikatzen ibili behar izateko?

Filosofiak ez dauka zuzeneko aplikazio bat, eta hori da arazoa. Zuzeneko eta bat-bateko aplikazioak nahi dituen gizarte batean bizi gara. Errentagarritasuna eta produktibitatea dira gure hezkuntza-sistemaren eta gure sistema politikoaren balio nagusiak; filosofia eta humanitateak, orokorrean, egoera oso zailean daude. Niri gustatzen zait esatea filosofiak jorratzen dituen auziak oso inportanteak direla: ea zeinek esaten didan justizia kontzeptua ez dela inportantea; justizia kontzeptua betidanik aztertu da filosofian. Gogoeta horiei ezin zaie eskatu bat-bateko aplikagarritasunik, eta hori da arazoa: egun nagusitzen ari diren merkatu-balioekin gaizki ezkontzen da filosofia, eta gaizki ezkontzen dira diziplina asko eta asko. Epe luzeari begira, nork esaten du filosofiak ez duela eraginik izan? Frantziako iraultzan, feminismoaren sorreran... Zerrenda oso luzea da. Beste ikuspuntu orokorrago batetik, epe luzetik begiratzen baldin bazaie diziplinei, orduan, segur aski, bestelako mapa bat finkatzen da.