euskaraespañol

Aktibatu programa jarri da abian euskararen erabilpena suspertzeko

  • Albisteak

Lehenengo argitaratze data: 2018/02/23

Irudia

Farmazia; Hezkuntza eta Kirol Fakultatea; Informatika; Hezkuntza, Filosofia eta Antropologia; Gizarte eta Komunikazio Zientzien; eta Bilboko Hezkuntza Fakultateak aukeratu dira ekintza horren proba pilotuan parte-hartzeko.

Modu batean eta bestean, unibertsitatea sarritan agertzen da, hizkuntzaren erabilerarekin zerikusia duen gune esanguratsu gisa. Hala, besteak beste, gero eta ikasle gehiagok aukeratzen dute unibertsitate ikasketak egiteko euskara. 

Baina errealitatea ez da arrosa kolorekoa, gazte askok euskara eskolarekin lotzen dute eta nabarmentzen dute handik kanpo ez dutela kontsideratu ere egiten euskaraz egitea. Egoera iraultzeko, Aktibatu programa jarri du martxan Euskararen eta Etengabeko Prestakuntzaren arloko Errektoreordetzak. Farmazia Fakultatean, Hezkuntza eta Kirol Fakultatean, Informatika Fakultatean, Hezkuntza Filosofia eta Antropologia Fakultatean, Gizarte eta Komunikazio Zientzien Fakultatean eta Bilboko Hezkuntza fakultatean abiaraziko da ekimena, eta horren xedea izango da ikasleak, baina baita administrazio eta zerbitzuetako langileak eta irakasle- ikertzaileak ere aktibatzea eta prestatzea, beren eguneroko harremanetan hizkuntza ohiturak aldatu eta euskaraz egin dezaten ulertzen duten guztiekin.

Gauzak horrela, jakina da zenbait gazte eta langilek aukera murritzak dituztela ikastetxetik edo lanetik kanpo euskara erabiltzeko. Batzuetan ez dutelako euskaldun oso askorik inguruan eta, beste batzuetan,  inguruko euskal hiztunek erdara euskara baino hobeto dakitelako.

Hala, dela gaztelaniak duen hiztun kopuru handiagatik, dela gizarte mailan daukan prestigio handiagatik, edota ohituragatik nabarmentzekoa da, ikasle eta langile euskaldunek gaztelaniara pasatzeko duten joera. Egoerari buelta emateko asmoarekin Aktibatu dinamikaren zutabeak izango dira segidako helburuok:, hizkuntza ohiturak aldatzea, euskal hiztun aktiboak sortzea,  praktika eraginkorrak identifikatzea eta, aitzinaldean, ikastegietako eremu informaletan Euskararen presentzia eta erabilera handitzea.

Eusle metodologia

Hurrengo egunetan Aktibatu programaren baitan Eusle metodologia era zabalean ezagutaraziko da UPV/EHUko hiru campusetan. Unibertsitateko eremu guztietan euskararen presentzia eta erabilera handitzeko testuinguru egokiak sortu nahi dira, eta horiek sortzeko hizkuntza-ohituren aldaketa-prozesuak bultzatu behar dira, eta Eusle metodologia horretarako tresna egokia dela frogatu dute zenbait ikerketek.

Metodologiaren lehenengo aurkezpena datorren astelehenean izango da Leioan, hilaren 26an, 14:00etan, Bilboko Hezkuntza Fakultateko Juliana Agirrezabala aretoan. Bestalde,  Gipuzkoako (Informatika Fakultatean, 12:00etan.) eta Arabako (Hezkuntza eta Kirol Fakultatea, k2M mintegian 12:00etan) saioak izango dira martxoaren 1ean eta martxoaren 13an, hurrenez hurren.

“Euskararen garapen eta hazkunde iraunkorra bermatu behar ditugu, bizikidetza lortu nahian ekitatea oinarri izanik. Hizkuntza eskubideak babesten ditugun heinean kohesio sozialari mesede egiten ari gara. Euskal hiztunek erdal hiztunen aukera berdinak izateko, hau da, hizkuntza ekitatea lortu nahi baldin bada, instituzioek proaktiboki euskara gehiago erabilia izateko politikak planteatu behar ditugu”, aitatu du Jon Zaratek,  Euskararen eta Etengabeko Prestakuntzaren arloko errektoreordeak.

Hainbat ekintza abiaraziko dira xede hori gauzatzeko, besteak beste, hurrengo ekintzak: euskaraz matrikulatzeko kanpaina ferietara eraman; ikasle, irakasle eta administrazio eta zerbitzuetako langileei  euskara suspertzeko ekimen hau aurkeztu; eta plangintzan lagunduko duen sarea sortu: prestakuntza espezifikoa jaso duten kideek ikastegiko euskara batzordeari lagunduko diote plangintza garatzen eta euskararen zirkuituak sortzen.

Halaber,  Lehen Hezkuntzako graduan, “Gozatu euskaraz unibertsitatean” aktibitate didaktikoa garatuko da. Youtuberra sortzea da helburua; hau da, ikasleak youtuberrak izango dira, eta hor hizkuntza jarrerak zer diren, egindako azterketetatik ateratako ondorioak eta euren bizi-eskarmentua unibertsitatean hizkuntzari dagokionez azalduko dute.

Bukatzeko, 2018an zehar, EHUskaralari deialdiaren bitartez euskararen erabileraren igoeran eragiteko helburua duten ekimenen xehetasunak eta gakoak ezagutzeaz gain, dagoeneko aktibazio dinamikak burutu dituztenen esperientzia ere partekatuko da.

 “Ezagutzaren ikuspuntutik gehiengo euskalduna izanik, erabilera komunitateak sortu eta euskararen erabilera zeharo handitzea izan behar da Euskal Herriko Unibertsitatearen helburua. Euskararen etorkizuna jokoan dago eta gauden bidegurutzean biderik zuzenena aukeratu behar dugu elkarlanean. Beraz, Eman ta zabal zazu euskara!”, gaineratu du Zaratek.