euskaraespañol

2007ko Fisikako Nobel sariduna eta UPV/EHUko ikerlaria

Albert Fert: «Baditut lankidetza-ideiak materia kuantikoaren propietate berriak aurkitzeko»

  • Elkarrizketa

Lehenengo argitaratze data: 2020/02/05

Irudia
Albert Fert. Argazkia: UPV/EHU

Albert Fert Nobel sariduna UPV/EHUn hasi da lanean. Bere ikerketari esker nabarmen handitu ziren disko gogorren edukiera eta aplikazioak, eta, orain, askoz ere energia gutxiago erabiltzen duten mikroprozesagailuen belaunaldi berri bat lortu nahian ari da. Laborategian lanean jarraitzen du, ezin da gelditu. Nobel Saria eskuratu eta geroko bere lana aurretikoa baino hobea dela dio.

Zer dela eta Euskal Herriko Unibertsitatea?

Ikerketaren kalitateak eta lankidetzan lan ona egiteko aukerak erakarri ninduten. Unibertsitatearekin, DIPCrekin eta nanoGUNErekin dagoeneko martxan dauden proiektu onek aukera bikainak eskaintzen dituzte hemen.

Zer ekarpen egingo diozu unibertsitateari?

Baditut zenbait ideia. Zertan datza ikerketa? Ikerketak berekin dakar ideiak izatea, fisikaren mundua arakatzeko zer norabide hartu jakiteko. Beraz, badakit zer egiteko aukera dagoen hemen, eta baditut ideiak lankidetzan aritzeko, materia kuantikoaren propietate berriak aurkitu eta aurrera egin ahal izateko.

Zer erronka izango dituzu ikerketan, datozen urteotan?

Iaz babes topologiko deritzonean jardun nintzen. Eta, orain, baditugu zenbait ideia, bi dimentsioko materialen efektu topologikoen, efektu erlatibisten, ingurukoak.

«Informazio-teknologiek hegazkinek baino elektrizitate gehiago kontsumitzen dute»

Zu ez zara ohiko Nobel sariduna, laborategian lanean jarraitzen duzu.

Bai, hala da. Ezin naiz gelditu (barrez). Hori da egin nahi dudana. Nobel saridunetan, zenbait kategoria bereizten dira, jende-kategoriak bereizten diren bezalaxe (barrez). Nire ikerketaz gustatzen zaidana da iruditzen zaidala, Nobel Saria eman eta gero, 2012 eta 2013an, sormen handia izan nuela. Ideia ugariko garai oparoa izan nuen duela zazpi urte, Nobel Saria jaso ondoren. Beraz, esango nuke Nobel Saria eskuratu eta geroko nire lana hobea dela aurretikoa baino (barrez).

Horrek elkarrizketaren izenbururako balio du...

Ez, harroegia litzateke.

Zure ikerketari esker nabarmen handitu ziren disko gogorren edukiera eta aplikazioak, eta, orain, askoz ere energia gutxiago erabiltzen duten mikroprozesagailuen belaunaldi berri bat lortu nahian ari zara lanean.

Bai. Horixe da gaur egungo fisikarien erronketako bat. Izan ere, kontuan hartuta zenbat handitu den adimen artifizialeko eragile guztiek kontsumitzen duten energia, kontsumo hori murriztera behartu behar dugu planeta. Ekoizten den energiaren ehuneko 10 inguru kontsumitzen dute informazio-teknologiek, airean doazen hegazkinek baino askoz ere gehiago. Beraz, ezin dugu bide horretan jarraitu, kontuan hartuta zenbaterainoko hedapena espero den informatikan, mundua, objektuak, jendea eta abar konektatu ahal izateko. Beharrezkoa da elektronika-mota berri bat sortzea.

«Ordenagailuen kontsumoa 10 aldiz murriztea da erronka»

Ordenagailuen kontsumoa murrizteko erronkan, gehienez zenbat murriztera irits gaitezkeela amesten duzu?

10eko faktore batean murriztera.  

Egingarria dela uste duzu?

Bai, gaur egun, horretan ari gara lanean: nanoGUNEko talde bat, eta nire taldea bera, halako proiektuetan ari gara  Intelekin lankidetzan, bakoitza bere aldetik. Nire ustez, itzela da Intelen asmoa.