euskaraespañol

Alex Gurrutxagak Euskadi Literatura Saria irabazi du

UPV/EHUko irakasleak Xabier Leteri buruzko euskarazko saiakera batengatik lortu du

  • Kronika

Lehenengo argitaratze data: 2021/10/22

Alex Gurrutxaga Muxika
Alex Gurrutxaga Muxika. Argazkia: Nuria González. UPV/EHU.

Alex Gurrutxaga Muxika Euskal Herriko Unibertsitateko Hizkuntzaren eta Literaturaren Didaktika Saileko irakasleak irabazi du 2021eko Euskadi Literatura Saria, euskarazko saiakera modalitatean, ‘Xabier Lete. Aberriaren poeta kantaria’ idazlanagatik.

Sariaren epaimahaiak nabarmendu duenez, Alex Gurrutxagaren lanak “ekarpen handia egiten du, Xabier Lete poetari eta haren lanari buruz. Gure poeta handietako bat ezagutzeko aukera ematen du, bere ideiak plazaratzen ditu eta, gainera, bere kantuak eta kontzertuak garai hartako giro eta pentsamenduarekin lotzen ditu”.

Alexander Gurrutxaga Muxika (1988) euskal literaturan doktorea da eta, gaur egun, irakasle da UPV/EHUko Hezkuntza eta Kirol Fakultatean. Euskal Filologia eta Literatura Konparatzailea ikasi zituen, eta Lourdes Otaegi irakaslearen zuzendaritzapean eskuratu zuen doktoretza, ‘Xabier Leteren poetika: aldaeren azterketa eta bilakabidearen irakurketa bat’ izeneko tesiarekin. Xabier Leteren eta Lourdes Iriondoren artxiboa aztertu eta katalogatu zuen, eta 2012-2021 bitartean UPV/EHUko Memoria Historikoa Literatura Iberiarretan ikerketa talde kontsolidatuko kidea izan da. Artikuluak argitaratu ditu, besteak beste, euskal poesiaz, memoria historikoaz, eta haur eta gazte literaturaz. Dibulgazio eremuan, literatur kritikari gisa kolaboratu du, hala hitzaldi-solasaldi formatuan nola artikuluak argitaratuz (Berria, Erlea, Euskadi Irratia, etab.). Une honetan Txori kantazale proiektuan ari da lanean Joana Otxoa de Alaiza piano-jotzailearekin (Eusko Ikaskuntza-Laboral Kutxa saria). ‘Literatura Unibertsala (Batxilergoa 1)’ testuliburuaren egileetako bat da, eta ‘100 euskal sinbolo’ liburua euskaratu du.

“Topikoa da hau esatea, baina, egia denez, esan behar dut ez nuela saria espero; besteak beste, iaz hainbat saiakera interesgarri eta on atera zelako euskaraz”, aitortu du albistea jakin ondoren.

UPV/EHUko irakasleak aintzatespen berezia izan du bere obra argitaratzea ahalbidetu duten pertsona guztientzat. “Saiakera hau argitaratu ahal izateko jende askok lagundu dit. Liburuaren bukaeran jarri dut zerrenda bat (gaur luzatu egin beharko nukeena). Ez dakit zerrenda horrek justizia egiten dien, izen batzuk urregorriz idatzi beharko bainituzke, sentitzen dudan esker onaren neurria emateko”.

“Ikerketa egiteak poza eman zidan. Gero, ikerketa hori saiakera bihurtu eta liburu gisa ateratakoan, poza oso handia izan da. Orain, sumatzen dut liburuak, bere akats eta gabezia guztiekin ere, hondar aletxo bat jarri duela gure aurrekoek egin zuten hori (hain barruan duguna, hain inportantea dena) transmititzeko, eta poza erraldoia da”, gehitu du.

Aurtengo Euskadi Literatura Sariak azaroaren 18an banatuko dira, Gasteizko Artium Museoan egingo den ekitaldi batean.