euskaraespañol

Gaurko irudia

Gipuzkoako Foru Aldundundiak eta UPV/EHU lankidetzan arituko dira alga toxikoen eraginari aurrea hartzeko

  • Albisteak

Lehenengo argitaratze data: 2022/05/18

Irudia
Jose Ignacio Asensio eta Inmaculada Arostegui sinadura ostean | Argazkia: GFA

Ingurumen Departamentuak 43.600 €-ko konpromisoa hartu du Euskal Herriko Unibertsitatearekin azterlan bat egiteko, Gipuzkoako kostaldean Ostreopsis alga toxikoen jarraipena egin eta lurraldean izan dezakeen eraginari aurrea hartzeko.

Gipuzkoako Ingurumeneko diputatu Jose Ignacio Asensiok eta Euskal Herriko Unibertsitateko (UPV/EHU) Ikerketaren arloko errektoreorde Inmaculada Arostegui Madariagak lankidetza hitzarmen bat sinatu dute azterlan bat egiteko, Gipuzkoako kostaldean Ostreopsis alga toxikoen jarraipena egin eta horrek gure lurraldean izan dezakeen eraginari aurrea hartzeko.

Aurreko denboraldian, laginak jaso ziren euskal hondartza guztietan aurkitu ziren Ostreopsis mikroalgak, eta kontzentrazio handiak izan zituzten zenbait kasutan. Jose Ignacio Asensiok azpimarratu duenez, «Gipuzkoako itsasertzaren kudeaketa jasangarriaren barruan, aurrea hartzeko neurri berriekin jarraitzen dugu, uneoro gure hareatzeen osasuna, segurtasuna eta jasangarritasuna bermatzeko.»

Mikroalga toxiko horiek mikroorganismo fotosintetiko txikien multzo bat dira, eta, beren izaeragatik, ondorioak izan ditzakete gizakien osasunean, intoxikazioengatik, arnasbideetako gaixotasunengatik, azkuragatik, larruazaleko erupzioengatik eta abarrengatik. Mikroalgen banaketa tropikala izan da nagusiki, ur beroekiko afinitate handiagoa dutelako. Alabaina, klima aldaketak ozeanoen tenperatura handitzea eragin du, eta, horren ondorioz, espezie horiek gure kostaldean agertu dira. Ingurumeneko diputatuak azpimarratu duenez, «aurrea hartzeko neurriak jarriko ditugu abian mikroalga horien jarraipena egiteko, horrela arrakastaz gainditu ahal izango baitugu klima aldaketak eragindako egoera berri hau, eta gure herritarren osasuna eta segurtasuna zaindu ahal izango baitugu uneoro».

UPV/EHUko errektoreordeak zehaztu duenez, «Gipuzkoako Foru Aldundiaren eta euskal unibertsitate publikoaren arteko lankidetza honi esker, Gipuzkoako kostaldean alga toxiko horien ingurumen jarraipen sistematikoa egin ahal izango da, eta metodo molekularrak erabiliko dira espeziearen karakterizazio taxonomikoa egiteko, toxikotasun handiko espezieak dauden egiaztatuz.» Horrela, helburu bikoitza beteko da: pertsonen osasuna eta segurtasuna zaintzea eta espeziearen ezagutzan aurrera egitea.

Ikerketa egiteko, UPV/EHUko Zientzia eta Teknologia Fakultateko ikertzaileek (Sergio Seoane irakasleak, besteak beste) Ostreopsis generoari buruzko ingurumen-azterketa eta -jarraipen sistematikoa egingo dute Gipuzkoako kostaldean, 2 urteko epean, espeziearen egoera erreala ezagutzeko urteko sasoi guztietan. Itsasbeheran, laginak hartuko dira itsasertzeko 4 zona esanguratsutan. Laginketa guztietan ur zutabearen eta makrofitoen laginak hartuko dira, ondoren analizatzeko. Gainera, datu fisiko-kimikoak hartuko dira, hala nola uraren tenperatura, gazitasuna, pH-a eta oxigeno-kontzentrazioa. Era berean, uraren itxurari buruzko oharra idatziko da.

Aztertu beharreko taldeetako bat mikroalga bentonikoena da; horiek garatzeko argi naturala behar dutenez, sakonera txikiko uretan egoten dira, normalean, substratuaren gainean. Horregatik, askotan urertzetik oso hurbil egoten dira, baina igeri egin dezakete.

Jose Ignacio Asensio diputatuak adierazi duenez, «Ingurumeneko eta Obra Hidraulikoetako Departamentuak erabaki du Gipuzkoako itsasertzean alga toxikoen jarraipena sustatzea, giza osasunerako arriskutsua izan baitaiteke klima aldaketak eragindako uraren tenperaturaren igoeraren ondorioz». Ildo horretan, gogorarazi behar da Gipuzkoako klima aldaketaren aurka borrokatzeko - Gipuzkoa Klima 2050 Estrategiak bere helburuen artean duela klima aldaketak lurraldean dagoeneko eragiten dituen inpaktuetara egokitzea, arreta berezia jarriz itsasertzean eta kostaldean.