euskaraespañol

Alicia Alonso, Jakiundeko hautetsitako kide berria

Harez gain, beste hiru kide urgazle izango ditu akademiak

  • Albisteak

Lehenengo argitaratze data: 2019/11/26

Irudia
Alicia Alonso. Argazkia: UPV/EHU

Alicia Alonso UPV/EHUko Biofisikako eta Nanobioteknologiako irakaslea Jakiundeko hautetsitako kide berria izango da. Jakitun berria Biologia arloko diziplinakoa izango da.  Hautetsitako kideak gehiengo osoz aukeratzen dira, beren arlo profesionaleko bikaintasunagatik aintzatetsitako merezimenduen arabera, eta ahotsa eta botoa dute.  «Oso pozik nago. Izen handiko akademikoek nire lana aintzatetsi dute eta, gainera, akademia honek hainbat diziplina barnean hartzen dituenez, nireaz oso bestelakoak diren arloetako izen handiko profesionalak ezagutu ahal izango ditut, bai eta haiekin kolaboratu ere, eta hori aberasgarria da», esan du Alonsok.

Gainera, beste hiru irakasle ere sartuko dira akademiara.  Iván Igartua Ikasketa Klasikoetako saileko irakaslea eta David Mecerreyes Ikerbaskekoa kide urgazle izango dira. Eta Ion Errea Fisika Aplikatuko saileko irakaslea kide urgazle gazte.  Kideok Jakiunderen jardueretan laguntzen dute, baina ez dute gobernu organoetan parte hartzen. Gai zientifiko, tekniko, literario edo artistikoetan duten gaitasunagatik aukeratzen dituzte, eta prestakuntza nabarmena dute. Ahotsa dute, baina ez botoa.

Jakiunde Zientzia, Arte eta Letren Akademia da, eta 2007an eratu zen Donostian, Eusko Ikaskuntzaren ekimenez eta unibertsitateen babesarekin.  Jakintzaren gizartea bultzatzeko ekimenak diseinatzea, ebaluatzea eta horien buru izatea du helburu. Bai eta zientzien, arteen eta letren arteko ezagutza trukea bultzatzea eta ikertzeko eta sortzeko askatasuna sustatzea ere.

2020ko udaberriko hurrengo osoko bilkuran gauzatuko da irakasleen izendapena.