‘The European Foundation for Alcohol Research (ERAB’) erakunde itzaltsuak hurrengo bi urtean Europa osoan finantzatuko dituen zortzi ikerketa-proiektuak hautatu berri ditu.
Alkoholismoari buruzko Europako ikerketa fundazio nagusiak UPV/EHUren proiektu bat finantzatuko du
Pertsona kalteberen artean prebentziorako jomuga berriak deskubritzeko balioko du, eta alkoholaren gehiegizko kontsumoa tratatzeko
- Albisteak
Lehenengo argitaratze data: 2018/11/28
Hautatutako lanen artean, “Susceptibility to alcohol dependence, a role for the matricellular protein hevin” dago eta, hain zuzen, haren Luis F. Callado da ikertzaile nagusia, UPV/EHUko Neuropsikofarmakologia taldekoa.
Proiektuan parte hartzen du, halaber, Amaia M. Erdozainek, ikertalde berekoa. Ikerketa hau Vincent Vialou doktorearen ikertaldearekin lankidetzan egingo da, Pariseko Pierre et Marie Curie Unibertsitateko Neuroscience Paris Seine zentrokoa. Ikerketak pertsona kalteberen artean prebentziorako jomuga berriak deskubritzeko balioko du, eta alkoholaren gehiegizko kontsumoa tratatzeko.
Alkoholaren kontsumo kaltegarria munduko osasun arazo nagusietako bat da, hala gizartearen aldetik nola ekonomiaren aldetik. Izan ere, Burmuinaren Espainiako Kontseiluaren txosten berri baten arabera, alkohol kontsumoak eragindako ondorioek ia 6.000 milioi euroko urteko kostua dute estatuarentzat.
Ikerketa biomedikoa ahalegin oso handia egiten ari da etanolak burmuinean ondorioak eragiteko duen mekanismo zehatza argitzeko. Luis F. Calladok eta Amaia M. Erdozainek parte hartzen duten ikerketa alkoholismoaren kontra borrokatzeko ahalegin handi batean kokatzen da.
Zehazki, Europako fundazioak 70.000 € esleitu ditu proiektu hori garatzeko. Jomuga berriak deskubrituko ditu pertsona kalteberen prebentziorako, eta gehiegizko alkohol kontsumoa tratatzeko.
Burmuina, ekintza toxikoz kaltebera
“Egun, badakigu alkohola substantzia toxiko bat dela eta, gehiegi kontsumituta, kalte garrantzitsuak eragin diezazkiokeela giza gorputzari. Erasana okerren daramaten organoetako bat giza burmuina da, bereziki kaltebera baita abusuko droga guztien ekintza toxikoaren eraginpean. Alkoholak eragiten dituen kalteei buruz gero eta gehiago dakigu egunero, baina artean hobe ezagutu behar ditugu kalte horiek eragiten dituzten mekanismoak. Ezagutzen ditugunean, saihestu ahal izango ditugu, edo konpentsatu, eragindako kalteak albait gehien txikitzeko”, esan du Luis F. Calladok, UPV/EHUko Neuropsikofarmakologiako taldekoa.
Aurrerapen zientifikoei esker, epe luzera tratamendu farmakologiko berriak eskuratu ahal izango ditugu, seguruagoak eta eraginkorragoak, alkoholismoa tratatzeko; izan ere, Calladoren arabera, alkoholaren kontsumo kronikoari uzteko egun erabiltzen diren baimendutako tratamendu farmakologikoek “oso arrakasta tasa” txikia dute.
“Medikamentu berri eraginkorragoak moldatu behar dira, alkohola kontsumitzeari utzi nahi dioten pertsona alkoholikoen proportzio handiago batek uzteko aukera izan dezan. Horretarako, beharrezkoa da adikzio prozesu horretan lan egiten duten mekanismoak hobe ezagutzea, farmako berriak diseinatu ahal izateko eta, hartara, alkohola eraginkortasun handiagoz saihesteko”, Calladok azaldu duenez.
Horrek garrantzi handia izango luke alkoholismorako tratamendu farmakologiko seguru eta eraginkorragoak eskueran izateko eta, batez ere, alkoholaren dependentzia agertzeko baliozko kalteberatasuna duen biomarkatzaile bat garatu dezake.
“Psikiatriako diagnostiko arazoetako bat da oinarritzeko froga objektiborik ez edukitzea (odol analisiak, erradiografiak, etab.), eta klinikoaren iritzi subjektiboan oinarritzea. Horregatik, zenbaitetan, medikuen arteko kontraesanak daude paziente beraren diagnostikoari buruz. Beraz, erronka handienetako bat da gaitzean aldatuta dauden parametro biologiko objektiboak aurkitzea, gaitz horiek batere zalantzarik gabe diagnostikatu ahal izateko, eta horiek errazen zein pertsonari erasan diezaioketen detektatzeko ere balioko dute”.
Calladok azaltzen duenez, alkoholismoaren zelulako mekanismoek “zati batean gutxienez” esan nahi dute “sinapsiaren plastikotasuna eta morfologia” aldatu egiten direla (sinapsia neurona bi edo gehiagoren arteko komunikazio mekanismoa da, gorputzeko funtzio bat koordinatzera bideratutako nerbio bulkada bat transmititzen duena).
“Badakigu burmuinaren zelulaz kanpoko matrizeak neuronen arteko sinapsien edo komunikazio guneen funtzionamendu egokian parte hartzen duela. Zelulaz kanpoko matrizeko proteinek ezin besteko eginkizuna dute burmuinaren garapenean; une horretan, kopuru handian espresatzen dira, eta zenbait fenomeno erregulatzen dituzte, adibidez, neuronen migrazioa, desberdintzea eta hazkundea, eta sinapsiaren eraketa. Callado eta Erdozainen proiektuak proteina horietako baten azterketari heltzen dio: hevina; haren berezitasuna da maila altutan espresatzen dela burmuin helduan, eta sinapsia egonkortzen parte hartzen du”.