euskaraespañol

Gaurko irudia

Maitena Urberuaga Erce

Amagandiko edoskitzea: lehen ortodontzia-aparatua

Odontologia Graduko irakasle elkartua

  • Cathedra

Lehenengo argitaratze data: 2022/07/15

Irudia

Artikulu honen jatorrizko bertsioa The Conversation webgunean aurkitu daiteke.

Bularra ematea karga emozional handiko ekintza da: ama-umeen arteko lotura afektiboa errazten du, eta horrek biei egiten die mesede. Umetxo lasai, seguru eta zoriontsu egongo da bularra dedikazioz ematen zaionean.

Abantailak baino ez: amaren esnea da elikagai egokiena bizitzako lehen sei hilabeteetan. Eraginkorra eta merkea da, tenperatura egokian egoten, ez du germenik eta beti dago erabilgarri. Ama-esnearen propietate nutritibo eta immunologikoei esker, haurrek gaixotasun infekziosoak saihesten dituzte bizitzako lehen urteetan, eta murriztu egiten du haien heriotza-tasa.

Baina, gainera, bularra emateak haurtxoen ahoan hezurrak eta muskuluak behar bezala garatzen laguntzen du, ikusiko dugun bezala.

Engranaje perfektua

Funtzio fisiologiko konplexua da, baina neurologikoki oso ondo engranatua. Edoskitzeak estimuluak banatzen ditu ezpainetan, mihian, sudur-hobietan, ahoaren inguruko muskuluetan, eta masailezurraren eta garezurraren arteko artikulazioan. Muskulu-kitzikadura horrek gorputzaren zenbait zati eta funtzio hazten eta garatzen laguntzen du, hala nola aurpegiaren beheko herena, aho-barrunbea, sudur- eta arnasa-bideak, fonazioa, mastekatzea eta irenstea.

Zurrupatzeko sena edo erreflexua amaren umetokian gaudenetik dugu presente. Jaio aurreko ekografiek jada erakusten dute fetua behatz bat zurrupatzen: erditu ondoren elikatzeko beharrezkoa den erreflexua da.

Amaren besoetan, jaioberriak gosea ase nahi izaten du. Zurrupatze hori zapuzten bada, ez da pozik geratuko, eta ordezkoak bilatu ahal izango ditu: hatza zurrupatu, txupete bat erabili, ahoan objektuak sartu, azazkalak hozkatu eta ilea, mihia edo ezpainak zurrupatu. Ohitura horiek, denboran iraunez gero, hazkunde desegokia eragin dezakete.

Erditze aurreratuak eta buru handiagoak

Bularra ematearen berezitasunak eboluzioaren ondorio dira, zeinaren bidez definitu baitzen giza buruaren anatomia.

Gure arbaso primateak zuhaitzetatik jaitsi ziren eta jarrera tentea hartu zuten, eta horrek egiturazko aldaketa garrantzitsuak ekarri zituen. Grabitate-zentroa pubisaren azpian geratu zen, eta aldakako hezurrek abdomeneko organoen pisua jasan behar izan zuten.

Erditze-kanalak eboluzionatu egin zuen: hodi labur eta zuzena izatetik, sabel-barrunbearen eta baginaren arteko angelu bat eratzeraino. Eta, aldi berean, garuna handitu egin zen funtzio konplexuagoak egiteko. Horrek ekarri zuen giza buru handiagoa izatea eta erditzean aurrera egiteko kanal zailagoa edukitzea.

Nola konpondu zuen eboluzioak kanal belaundu baten eta neurri handiagoko buru baten arteko desberdintasuna? Jaiotza aurreratu egiten da: fetua bere kabuz arnasa hartzen eta deglutitzen duenean irteten da mundura, eta bizitzako lehen urtean osatzen du heldutasuna. Era berean, masailezurrak posizio atzeratuagoa du goiko masailezurrarekiko (6-12 milimetro), eta horrek erraztu egiten du erditzea.

Nola hartzen da bularra?

Lehenengo fasean, haurrak titiburua eta bularreko areola hartzen ditu mingainaren atzealdearen eta ahosabai gogorraren artean (aurrealdean, hortzen ondoan). Hermetikoki ixten ditu ezpainak eta masailezurra pixka bat jaisten zaio, eta horrek hutsune bat sortzen du ahoaren aurrealdean. Mihiak eta ahosabai bigunak (atzeko aldean) arnasbideen eta digestio-bideen sarrera ixten dute.

Bigarren fasean, masailezurra aurreratu egiten da. Aurrerabide natural horrek altuera berean ipintzen ditu beheko eta goiko hortzoiak. Esnea bularretik ateratzeko, haurrak masailezurra titiburuaren kontra sakatzen du, estutu eta aurretik atzerantz igurzten du. Titiburua luzatu egiten da, eta ahosabai gogorra eta biguna lotzen ditu. Orduan, mihiak zopa-koilara itxura hartzen du eta aurreko aldea goratu egiten da. Esnea ahosabai biguneraino irristatzen da.

Azkenik, degluzio-erreflexua hasten da, arnasbidea ixten duen kartilago batek kontrolatuta. Haurtxoak xurgatu, deglutitu eta sudurretik arnasten du, sinkronizazio perfektuarekin. Ariketa nekagarria da: askotan, bularreko haurrak ez du hartualdia amaitzen, lo geratzen da egindako ahaleginetik osatzeko.

Eta zer gertatzen da edoskitze artifizialean?

Biberoiarekin elikatutako haurrak ez ditu ixten ezpainak indar berarekin. «O» bat osatzen dute, eta ez dute sortzen aho barneko hutsunea. Mihia tetinarekin zanpaturik geratzen da ahoaren behealdean; ez da altxatzen ahosabaia ukitzeko. Aurrerantz mugi daiteke esne-fluxua erregulatzeko, baina laua izaten jarraitzen du. Ez dago mugimendu peristaltikorik; masailezurrak ez du aurrera egiten. Irensteko, haurtxoak ezpainak bereizten ditu, tetina askatu eta ahotik arnasa hartzen du.

Elikadura artifizialean, muskulu bukzinatzaileek bakarrik egiten dute lan –putz egiteko erabiltzen ditugunak, alegia–. Horrek eragotzi egiten du goiko masailezurra zabaltzea, eta, ondorioz, leku gutxi geratzen da hortzetarako eta mihirako. Gainerako muskulatura ia ez da tonifikatzen, eta aho-arnasketa gailentzen da: inguruabar kaltegarria hezurrak eta aurpegiko muskulatura behar bezala hazteko.

Edoskitze artifizialak eta xurgatze ez-nutritiboko ohiturek % 50era igotzen dute maloklusioak garatzeko arriskua (goiko hortzak eta behekoak behar bezala bat ez etortzea), eta zaildu egiten dute hortzen arkuen garapen harmonikoa.

Hozkada gurutzatuak gerta daitezke; hozkada irekiak ahoaren aurreko aldean, mingaina beti goiko eta beheko hortzen artean; hortzak pilatzea... Gainera, haur batzuek ezpainetako hipotonia garatzen dute, hau da, ez dute erabat ixten ahoa, ez dakitelako eta ezin dutelako asmatzen sudurretik arnasa hartzen.

Laburbilduz, esan daiteke bularra ematea, onura nutritiboak, immunologikoak eta emozionalak emateaz gainera, lehen ortodontzia-aparatua dela. Masailezurraren aurrerapen naturalak hobetu egiten du hezur maxilarren arteko erlazioa, eta mihia trebatu egiten da posizio egokia hartzeko. Horrek saihestu egiten du maloklusioak garatzea eta, ondorioz, hortzetarako etorkizuneko espaziorik eza.

Bularra ematea funtsezkoa da sudur-arnasketa eraginkorra ezartzeko, eta, ondorioz, muskuluak eta degluzioa ondo garatzeko. Hartara, beste hainbat tratamendu saihestuko ditugu gerora, hala nola ortodontzia, kirurgia, logopedia, psikologia, etab.