euskaraespañol

Amaia Santa Cruz ikaslea, Ekonomista Kontularien I. Nazioarteko Topaketan saritua

Bere Master Amaierako Lanak nazioko enpresa arloan informazio ez finantzarioaren hedapenari heltzen dio

  • Albisteak

Lehenengo argitaratze data: 2019/06/11

Irudia
Amaia Santa Cruz ikaslea. Argazkia: Joel de Francisco. UPV/EHU

Amaia Santa Cruz Urgoiti ikasleak aurkeztutako “Nazioko enpresa arloan informazio ez finantzarioaren hedapena“ Master Amaierako Lanak (MAL) lehenengo saria jaso du Ekonomista Kontularien I. Nazioarteko Topaketan. Amaia UPV/EHUko Ekonomia eta Enpresa Fakultatean ematen den Kontuen Ikuskaritza eta Goi Mailako Kontabilitatea unibertsitate masterreko 2017-2018 promozioko ikaslea da. Finantza Ekonomikoa I Saileko irakasle Javier Corral-Lagek zuzendu du lana. “Egindako ahaleginaren aitorpena da eta norberaren motibazioari eta gogobetetasunari oso modu positiboan laguntzen dio” adierazi du Santa Cruzek. Espainiako Ekonomisten Elkargo Nagusiak antolatu du ekitaldia eta Zaragozan egin da 2019ko maiatzaren 16an eta 17an.

Duela gutxi argitaratu da abenduaren 28ko 11/2018 Legea, informazio ez finantzarioari eta aniztasunari buruzkoa, eta, harrezkero, enpresa askok ekonomia informazioaz gain, gizarte eta ingurumen arloko informazioa ere eman behar dute, baina ez da zehazten zein parametrori buruzko datuak eman behar dituzten.

Hori dela eta, MALak Kontabilitateko eta Enpresa Administrazioko Espainiako Elkarteak (AECA) egindako Txosten Integratuko adierazleekin bat etorriz informazioa ematea erabakitzen duten IBEX 35eko enpresen iraunkortasun maila aztertu du, reporting ez finantzarioaren betetze mailan oinarrituta. Aztertutako enpresa ezagunenen artetik BBVAk du puntuazio altuenetako bat; Inditexek, berriz, puntuazio txikienetako bat.

Ikerketa egiteko datuak hautatutako enpresen ikerlanen eta erakunde nagusien (besteak beste Global Reporting Iniciative (GRI)) zein Integrated Reporting-en (IR) Txosten Integratuaren ereduaren bidez bildu dira.

Nolanahi ere, ikerlanean hainbat gap hauteman dira. Garrantzitsuenetako bat da enpresa sarea eta administrazio publikoak konbentzitzea gizarte eta ingurumen arloko informazioa ematearen garrantziaz, baina lanabes edo adierazle berberak erabilita. Halatan, ahalbidetu egingo litzateke informazio ez finantzarioa konparatzea eta egiaztatzea. “Euren datu ez finantzarioak hobetu ditzakete eta hobetu egin behar dituzte” dio Corral-Lagek.

Santa Cruzek defendatzen du ez dagoela enpresek euren egoera ez finantzarioak egiteko bete behar duten araudi esparru erkide, zehatz, bateratu eta derrigorrezko bat; beraz, horrek zaildu egiten du konparaketa. Beharrezkoa litzakete euren “izen ona” hobetu eta “arloko aitzindariak” bihurtzeko. Eredu homogeneorik ez dagoenez, “beharrezkoa da aurrerapausoak ematea reporting finantzarioaren (tradizionala/ekonomikoa) parekatze handiago baterantz” adierazi du amaitzeko Santa Cruzek.

Campus Bizia Lab:

MAL hori UPV/EHUko Iraunkortasunaren arloko Zuzendaritzak antolatutako Campus Bizia Laben esparruan egin zen. Programa horren helburuetako bat da ikasleen artean iraunkortasunaren erronkei erantzuten dieten proiektuak sustatzea, eta Gradu Amaierako Lanen (GRAL) eta MALen bidez gauzatzen da.