euskaraespañol

Ana González-Pinto irakaslea, Espainiako Medikuntzako Errege Akademiaren Obieta 2021 sariduna

Erakunde sanitario prestigiotsuak psikiatra bilbotar eta Medikuntza eta Erizaintza Fakultateko irakaslea saritu du bere ibilbide profesionalagatik

  • Albisteak

Lehenengo argitaratze data: 2022/01/12

Irudia
Ana González-Pinto EHUko Psikiatriako katedraduna. Argazkia: Nuria González. UPV/EHU

Espainiako Medikuntzako Errege Akademiak (RANME) «Ibilbide profesionalaren Obieta 2021 Saria» eman dio Ana González-Pinto Arrillaga doktoreari. Sari hau RANMEk, bere Fundazioaren bidez, urtero ematen duenetako bat da, eta helburu du «Espainiako medikuntzako profesionalei lana, ahalegina eta ibilbidea aitortzea». Guztira 23 sari dira, eta 8 kategoriatan banatzen dira: RANME, Ibilbide Profesionala, Medikuntza Orokorreko Medikua, Irakaskuntzako Ibilbidea, Komunikazioa, Ikerketa, Medikuntzako Lizentziatua eta Doktoregoa. González-Pinto doktoreak Madrilen jaso du saria, 2022ko urtarrilaren 11n egin den ekitaldian.  

Profesional polifazetikoa

UPV/EHUko Medikuntza eta Erizaintza Fakultateko Arabako Irakaskuntza Unitateko dekanordea, Ana González-Pintok joan den martxoaren 23an lortu zuen Unibertsitate honetan Psikiatriako katedra. Osasun Mentaleko profesional entzutetsu hori Osakidetzaren Arabako ESIko Psikiatriako zerbitzuburu izendatu berri dute; orain arte jarduneko zerbitzuburua zen. 

Gainera, Eusko Jaurlaritzaren Zientziako aholkularia izan da, eta, gaur egun, erakunde horretako Osasun Mentaleko Aholku Batzordeko idazkaria da; horretan, halaber, erkidego honetan jarrera suizida prebenitzeko estrategia egin zuen lantaldekoa izan zen. Gaur egun, Espainiako Psikiatria eta Osasun Mentaleko Fundazioko presidentea da, eta Espainiako Psikiatria Biologikoko Elkarteko presidentea izan zen.

Ana González-Pinto doktoreak ikerketa ibilbide luzea du. CIBERSAMeko G 10 taldeko ikertzaile nagusia da –dozenaka ikertzaile gazte prestatu dira bertan–. Gainera, ikerketa bikaintasuneko sare horretako nahasmendu bipolarreko arloa koordinatu du. Halaber, nahasmendu bipolarraren, lehen gertakari psikotikoen eta kalamuaren arloan egindako ikerketengatik nabarmendu da. Gaur egun, gaixotasun mentalaren prebentzioan dihardu eta prestakuntza ematen du eskoletan, Kronikgunetik zuzentzen duten Uprigh proiektuarekin. Gainera, 600 artikulu eta liburu asko idatzi ditu.

Madrilgo Ramón y Cajal ospitalean hasi zuen ibilbide profesionala; han egin zuen Psikiatriako BAMEa, Jerónimo Saiz irakaslearen tutoretzapean. Gero, Durangoko Osasun Mentaleko zentroaren arduraduna izan zen, Bizkaiko Osasun Mentaleko Sarean. Geroago, Gasteizera joan zen eta, bertan, Arabako Unibertsitate Ospitaleko psikiatra izan zen, eta lau seiurteko eman ditu ikerketan. 

Psikiatra da herentziaz; izan ere, Bilboko medikuen familia batekoa da. Bere senideetako bat, aitona, Psikiatriako lehen irakasle eta Bilboko Medikuntza Fakultateko –1936an sortu zen oraingo zentroaren aurrekaria izan zena– fundatzaileetako bat da, hots, Rodrigo González-Pinto.

Espainiako Medikuntzako Errege Akademiaz (RANME)

Espainiako Medikuntzako Errege Akademia zuzenbide publikoko erakunde zientifiko bat da; 1861. urtean sortu zen, eta Espainiako Institutuaren barruan dago.

Helburu du, besteak beste, Espainiako Gobernua eta gainerako erakundeak aholkatzea medikuntzarekin, osasunarekin eta osasungintzarekin lotutako gaietan; zientzia medikoa zabaltzen laguntzea eta hori sustatzea, urte liburuak argitaratzearen, saioak hedatzearen ta lan zientifikoei sariak ematearen bidez; bere funts bibliografikoak digitalizatzea, Liburutegi Birtualean; medikuntzako terminoen hiztegi bat egitea eta eguneratzea; eta Espainiako medikuntzaren museo bat bultzatu eta garatzea.