Andrazkoen okupazioa lan merkatuaren buru, 2017an 18.000 pertsona baino gehiago enplegatuta

Euskadi lan txostenak nabarmentzen ditu 2017an zehar enplegatutakoak gehitu direla eta langabetuak gutxitu, 2016koa ia bikoiztuz

  • Albisteak

Lehenengo argitaratze data: 2018/01/30

Gaur goizen, Bilbon aurkeztu da UPV/EHUren Euskadi 2017 Lan Txostena. Sara de La Rica txosteneko zuzendariak azpimarratu du enpleguaren hazkuntza batez ere emakumeen artean izan dela. Era berean, aipatu du gehitu ere gehitu dela lan merkatuan hasi diren gazteen kopurua, Euskal Herriko Autonomia Erkidegoko lan merkatuaren adina “apur batean” gaztetuz.

Txostenak ohartarazten du, arinki bada ere, Euskal Autonomia Erkidegoko populazio landuna gaztetu egin dela

Ikertzaileak -UPV/EHUren Ekonomia eta Enpresa Fakultateko Ekonomia katedradunak- zehaztu du populazio aktiboaren inkestak (PAI) 13.800 enplegatu gehiago jaso dituela eta, 17.900 langabetu gutxiago, 7.900 pertsona izanik lanik ez dutenak. “Enplegatuen gehikuntza eta langabetuen jaitsiera ia bikoiztu egin dira 2016ko datuekin erkatuz gero” esan du pozarren Sara de la Rica irakasleak.

Txostenean, hala ere, ohartarazten da “behin-behinekotasunaren hazkundea kezkagarria dela” Euskal Autonomia Erkidegoan, bertako tasa % 23tik % 26ra igo delarik. Bien bitartean, apur batez jaisten bada ere, partzialitatea mantendu egiten da Espainiako altuenen artean. Txostenak plazaratzen duen beste adierazle ezkor bat da iraupen luzeko langabeziari dagokiona. “Egia bada ere iraupen luzeko langabezia tasa Euskal Autonomia Erkidegoan nabarmen jaitsi dela, % 64tik % 60ra, jaitsiera hau beste lurralde batzuetan gertatu dena baino txikiagoa eta Erkidegoak buru dirau atal honen eraginari dagokionean” zehaztu du ikerketaren zuzendariak.

2017ko analisia:

Populazio aktiboaren inkestak (PAI) 3.700 pertsona heldu gehiago erregistratu ditu autonomia erkidegoan 2017an, 16 urtetatik gorakoen artean 1.818.500 pertsonatako kopurura iritsita. Honako hau da lan banaketa:  % 50,4a lanean da, % 43,7a ez-aktiboa da eta gainerakoa, % 5,9a, langabea. Azken hamabi hiletan, ez-aktibotasunaren portzentajea egonkor mantendu da, okupazioaren maila arinki goratu den bitartean (puntu portzentual bat baino gutxiago), langabetuen eraginari hozkatxo bat kenduta. Kopuru absolutuetan, azken hamabi hiletan, PAIk 13.800 enplegatu gehiago erregistratu ditu, 17.900 langabetu gutxiago eta 7.900 pertsona ez-aktibo gehiago, lanik ez eta lan bila ari ez direnak, bai ikasten ari direlako bai erretiroa hartuta daudelako edo, egoera hauetan egon gabe, lanik ez dutenak eta lanik bilatzen ez dutenak (langabetu gogogalduak, etxeko lanean ari diren pertsonak edo beste).

Bai enplegatuen gehikuntza nola langabetuen jaitsiera nabarmen handiagoa da, duela urtebete behatutakoarekin parekatuz gero. Honetara, berretsi egiten da Euskal Autonomi Erkidegoaren lan egoera hobea dela termino agregatuetan eta tinkoago egiten du 2016an baino.

Langabezia tasa

Gure erkidegoan, PAIren arabera, azken hamabi hil hauetan jaitsi da langabetuen tasa % 12,5etik % 10,6ra. Euskal Autonomia Erkidegoa da, Nafarroarekin batera, berriro portaera onena agertzen duen lurraldea, estatu osoko langabetuen tasari dagokionean.

Landunak

Euskal erkidegoak 915.900 landun dauzka. Aurtengoan, emakumeen pisua gehitu egiten da langabetuen artean. Hauxe, esperantzarako datua da emakumeentzat, enplegua berreskuratzen hasi zenetik, pisua galtzen ari baitziren etengabe landunen artean. Irudi lezake enpleguari zegozkion jarduera dinamikoek profil maskulinoagoa zutela. Izatez, azken hamabi hil hauetan, PAIren arabera, gizonezko enplegatuen kopurua 480.000tatik 482.700etara gehitu da; berriz, emakume enplegatuen kopurua 422.100etatik 433.200etara iragan da. Ondorioz, euskal erkidegoko enpleguaren guztirako gehikuntza azken hamabi hiletan, andrazkoena izan da, bereziki.

Gaztetu da, arinki bada ere, Euskal Autonomia Erkidegoko populazio landuna. Gehiago dira, puntu portzentual bat gehiago dira, azken urte honetan, 25 urtetatik beherakoak lana duten pertsonen artean, gainontzeko helduen kaltetan. Aurrerapen txikia da, baina garrantzitsua oso, baldin eta, denborak aurrera egin ahala, mantentzen bada. Hartara, gure gazteek presentzia handiago izanen dute lanaren munduan. Positiboa da gazteentzat eta positiboa da erkidegorako gero eta lan populazio zaharragoa baitu.

Gero eta gehiago dira gure erkidegoko enplegatuen artean goi mailako hezkuntza duten pertsonen kopurua. Azken hamabi hiletan, hauen eragina % 55etik % 57era igo da – 2 puntu portzentual. Euskal erkidegoko giza kapitalaren goi prestakuntza da gure lan merkatuaren baliorik handienetako bat eta, dudarik gabe, lana aurkitzeko bermea.  Inportantea da gure gazte GUZTIEK goi mailako hezkuntza izan dezatela lortzea, bai lanbide hezkuntzan nola unibertsitatearen arloan. Inportantea ere bada prestakuntza hau bertako lan merkatuen premietara egoki dezagun.

Nekazaritza praktikoki desagertua da Euskal Autonomia Erkidegoko enpleguari dagokionean (guztirako enpleguaren % 1a baino gutxiago), zerbitzuen sektoreak irentsita, langileen % 71a hartzen baitu. Euskal erkidegoko enpleguan ez da aldaketa esanguratsurik sumatzen eraikuntzaren sektorearen arloan, ez eta industriarenean ere. Lehenengoak langile guztien % 5a hartzen du eta industriakoak % 23ri eusten dio.

Kezkatzekoa da erkidegoko soldatapekoen arteko behin-behinekotasunak azken hamabi hiletan izan duen gehikuntza, % 23tik % 26ra igonik. Datu honek aldatu egiten du, nolabait, azken hiruhilekoetan sumatu den joera, behin-behinekotasunak hazteari utzia baitzeukan. Une hauetan ditugun behin-behinekotasunaren tasak estatu mailakoen parekoak dira, orain arte azpitik nabarmen egon garen bitartean. Beste alde batetik, Nafarroa edo Madril bezalako erkidegoek, esaterako, behin-behinekotasun baxuagoak (bereziki Madril) agertzeaz harago, beheranzko joera aski garbia dute.  Behin-behinekotasuna egiazko oztopoa da gizarte berreskurapena gauza dadin, enplegu egonkorrak lortuaz. Datu horiek ez dira batere onuragarriak.

Zatikako jardunaldiak beherantz segitzen du erkidegoan, nahiz eta arinki izan. Nolanahi ere, partzialitate tasarik handienak dituzten erkidegoen artean gaude oraindik ere, % 17an, guztirako nazionalean zatikakotasunaren tasa %14ª den bitartean.

Langabeak

Euskal Autonomia Erkidegoak egun 108.300 langabe dauzka, iragan den urtean baino, zehatz-mehatz, 17.900 gutxiago. Kolektibo honen osaeran izan diren aldaketa adierazgarriak ondoko hauek dira:

Txikiagoa da emakumeek langabeen kolektiboan duten presentzia, landunen artean izandako eraginaren beste aldea besterik ez delarik. Emakume langabeen kopurua 10.000 pertsonatan gutxitu da aurten -61.100etatik 51.500etara-, gizonezkoen jaitsiera txikiagoa den artean -65.100etatik 56.800etara. Beste alde batetik, INEren tauletan agertzen da euskal erkidegoan sumatu den inaktibotasunaren gehikuntzaren % 90a gizonezkoena izan dela azken hamabi hiletan. Honek esan gura du emakumeen langabezian sumatu den jaitsiera, ia osotasunean, okupazioaren gehikuntzari zor zaiola.

Iraupen luzeko langabeziak hiru puntutan jo du behera - % 64tik % 61era. Jaitsiera nabarmena bada ere, buru segitzen dugu espainiar lurraldeen artean iraupen luzeko langabeziaren eraginari dagokionez. Hau, hein batean azal daiteke esanez gaur egun gure artean dugun langabezia tasa, lurralde gehienetakoa baino txikiagoa, nagusiki egiturazkoa dela eta, hortaz, goranzko zikloek ez dute hobetzen. Horretarako, neurri gehigarriak erabili behar dira, gure langabetu gehienak lan merkatura bueltatuko badira. Hala eta guztiz, Nafarroa bezalako erkidegoak, gurea baino langabezia tasa baxuagoak izanik ere, iraupen luzeko langabeziaren eragina % 44koa da, azken urtean, 6 puntutan jaitsi delarik. Interesgarria litzateke jakitea Nafarroan politika aktibo arrakastatsuak inplementatzen ari diren, iraupen luzeko langabezian horren modu nabarmenean eragiten dutenak.

Informazio guztia: http://www.informelaboraleuskadi.org