euskaraespañol

Antisorgailuak garatzeko zein lagunduriko ugalketa hobetzeko mekanismo molekularrak

Espermatozoideetan soilik gertatzen diren zenbait mekanismo molekular identifikatu dituzte UPV/EHUko ikerketa batean

  • Ikerketa

Lehenengo argitaratze data: 2019/08/06

Irudia
Itziar Urizar, tesiaren egilea

Espermatozoideen ahalmen ugalkorra hobeto ezagutzeko eta ulertzeko urrats garrantzitsua eman dute UPV/EHUko Fisiologia Sailean: espermatozoideetan soilik gertatzen diren zenbait mekanismo molekular identifikatu dituzte. Hori guztia etorkizunean antisorgailuak garatzeko zein lagunduriko ugalketa hobetzeko lagungarria izan daiteke.

“Mundu osoan zehar adin ugalkorrean dauden bikoteen % 15ak pairatzen ditu gutxi gora behera antzutasun eta ugalkortasun arazoak, eta normalean, antzutasunaren eragileak faktore maskulinoa (% 30) eta femeninoa (% 30) dira portzentaje berdinean. Gizonezkoaren antzutasunari dagokionez, badaude identifikatutako kausa asko, hala ere, portzentaje handi batean arazoaren kausa ulertezina izan daiteke. Hori dela eta, beharrezkoa da ugalkortasunaren mekanismo molekularrak aztertzea antzutasuna hobeto ezagutzeko eta itu terapeutiko berriak garatzeko”, adierazi du Itziar Urizar Arenaza UPV/EHUko Fisiologia Saileko ikertzaileak.

“Espermatozoidea gorputzean aurki dezakegun zelularik espezializatuenetarikoa dela badakigu ere, beste zelulek aurkezten ez dituzten mekanismo molekular berezi eta bakarrak dituela ikusi dugu lan honetan”, dio Urizarrek. Egiaztapen hori aurrerapauso garrantzitsua da antzutasun kasuak hobeto ulertzeko.

Horretarako, espermatozoide emankorrenek euren gainazalean adierazten duten proteoman —izaki bizidun bakoitzak bere baitan dituen proteina guztien multzoa— jarri dute arreta, eta hartzaile opioideek espermatozoideen ahalmen ugalkorrean duten eragina ikertu dute. Izan ere, “G proteinetara loturiko hartzaileek (GPCR) ugalkortasunaren erregulazioan eginkizun garrantzitsua izan lezaketela uste dugu. Espermatozoideetan, ordea, hartzaile horiek sor litzaketen erantzunak oraindik ere ezezagunak dira”, dio Itziar Urizarrek.  “Aitzitik, —gehitu  du— lan honek baieztatu du hartzaile horiek induzitutako zenbait mekanismo molekular espermatozoideetan soilik gertatzen direla”.

Halaber, “ikusi dugu badirela gutxi gorabehera 13 proteina bakar-bakarrik espermatozoideetan aktibatzen edo inhibitzen direnak. Proteina horien artean batzuk, SPANX-A/D familiakoak, Cancer Testis Antigen taldekoak dira eta espermatozoideetan egoteaz gain zenbait minbizi-kasutan ere agertzen dira. Adibidez, azaleko minbizi zelulen hazkuntza areagotzen du. Horrenbestez, horiek aztertzea ezinbestekoa da esaterako antzutasunari sendabide bat aurkitzeko ez ezik, baita azaleko minbizi-kasuak tratatzeko ere”, gehitu du UPV/EHUko ikertzaileak.

Ikertzaileak nabarmendu duenez, “espermatozoideen mekanismo molekular espezifiko horien azterketa egitea interesgarria da oso, gizonezkoen antzutasun kasu askoren arrazoiak hobeto ulertzen laguntzeko eta horri aurre egiteko sendabideak garatzeko edota  azaleko minbizi-kasuak tratatzeko, besteak beste”.

Informazio osagarria

Ikerketa hau Itziar Urizar Arenaza (Bilbo, 1989) doktore-tesiaren barnean egin da. Doktore-tesiaren izenburua ‘Proteomic study of sperm-specific molecular mechanisms in human spermatozoa underlying sperm fertility/ Giza esperamtozoideen ahalmen ugalkorra erregulatzen duten mekanismo molekular espezifikoen azterketa proteomikoa’ da, eta Nerea Subiran Fisiologia Saileko irakasleak eta Jon Irazusta katedradunak zuzendu dute.