euskaraespañol

Antonio Beristain irakaslearen omenezko XII. Biktimologia Topaketa

Noiz eta non

2022/11/24, 09:30

Kokapena

Antonio Beristain Areto nagusia - Carlos Santamaria Zentroa
Plaza de Elhuyar 2. -20018- Donostia / San Sebastián (Gipuzkoa)

Deskribapena

Azaroaren 24an, osteguna, 09:30etik aurrera, Euskal Herriko Unibertsitateko Carlos Santamaria Zentroko Auditorioan, Donostian, Antonio Beristain irakaslearen omenezko XII. Biktimologia Topaketa egingo da, ‘Gizarteak biltimen inguruan dituen mitoak kontrastatuz’ izenburupean. Jardunaldia Euskal Herriko Unibertsitateko Kriminologiaren Euskal Institutuko Antonio Beristain Katedrak antolatu du, Virginia Mayordomok zuzenduta. Topaketan Reyes Goenaga Olaizola Bizkaiko Probintzia Auzitegiko magistratu presidentea Biktimologiako Euskal Elkarteko Ohorezko Bazkide gisa aitortuko da.

Jardunaldiaren helburua Antonio Beristain irakaslearen ondare biktimologikoa eta kriminologikoa ezagutaraztea eta zabaltzea da. Horrela, edizio honetan eztabaidagai izango dira hainbat biktimizazio motaren onarpena eta ikerketa biktimologikoak beti osagabea den errealitate batera hobeto hurbiltzeko ematen digun aukera.

Ekitaldian parte hartuko dute: José Luis de la Cuesta, Kriminologiaren Euskal Institutuko zuzendaria; Fermin Torrano, freelance kazetaria, gerra gatazketan espezializatua; Raul Lopez, historialaria, Terrorismoaren Biktimen Memoriala; Gregoria Mendiguren, psikologoa, Biktimari Laguntzeko Zerbitzuko kide ohia; eta Gemma Varona, Euskal Gizartearen presidentea.

XII. Antonio Beristain Saria

Halaber, topaketan zehar, 13:00ean, Antonio Beristain 'Biktimologia Ikerketako XII. Saria' emango da, Kriminologiaren Euskal Institutuak eta Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailak deituta. Edizio honetan saria Ane Viana Salinasi eman zaio, Euskal Herriko Unibertsitatean Kriminologian graduatua, ‘Los menores extranjeros no acompañados’ (inoren kargura ez dauden adingabe atzerritarrak) izeneko lanagatik.

“Inoren kargura ez dauden adingabe atzerritarrak egoera juridiko berezia duten kolektiboak dira, bi estatus juridiko desberdin baitituzte: alde batetik, adingabeak dira, eskubideak dituzte eta babesa behar dute, eta, bestetik, hirugarren herrialdeetako atzerritarrak dira, eta kontrolaren eta kanporatzearen xede dira. Hala ere, atzerritar izateari ematen zaio lehentasuna eta ez adingabe izaerari, eta, beraz, estigmatizazio eta biktimizazio egoerak ez dira ikusten. Artikulu honen helburua da biktimologikoki aztertzea inoren kargura ez dauden adingabe atzerritarrek, Gipuzkoako Foru Aldundiaren tutoretzapean daudenek, jasaten dituzten biktimizazio egoerak, eta berrestea haien egoera bikoitza estuki lotuta dagoela biktimizazio bikoitz batekin: batetik, haurren eta gazteen biktimizazioa; eta, bestetik, migratzailearen biktimizazioa edo biktimizazio arrazista.”

Saridunak ‘Esperientzia Traumatikoetako Biktimekin Lan Egitea’ graduondokoa egin zuen, eta gaur egun Kriminologiaren Euskal Institutuan prestakuntzan ikertzailea da.

*Topaketaren matrikula doakoa da, baina izena eman behar da, lehenik, ivac-krei@ehu.eus posta elektronikoaren bidez, eta gaian honako jarrita: “ANTONIO BERISTAIN 2022 TOPAKETARAKO IZEN-EMATEA”, NAN Zka., izena eta 2 abizenak bidaliz. Izena emateko epea azaroaren 21 arte izango da.