euskaraespañol

Aurtengo Rikardo Arregi kazetaritza saria jaso dute Arantxa Arzak eta Felix Zubia irakasleak

Euskadi Irratian igande goizero egiten duten ‘Osasun Etxea’ irratsaioagatik

  • Kronika

Lehenengo argitaratze data: 2020/12/03

Irudia
Arantxa Arzak eta Felix Zubia irakasleak saria jasotzen. Argazkia: Andoaingo Udala

Andoainen 2020ko Rikardo Arregi Kazetaritza Sarien ekitaldi nagusia egin zen. Bertan eman ziren ezagutzera aurtengo saridunak: kazetaritza sariaren irabazle Arantxa Arza eta Euskal Herriko Unibertsitateko Medikuntza eta Erizaintza Fakultateko irakasle Felix Zubia izan dira, Euskadi Irratian igande goizero egiten duten ‘Osasun Etxea’ irratsaioagatik, eta komunikazio sariaren irabazle CodeSyntax enpresa izan da ‘Egunean behin’ joko arrakastatsuagatik. Aipatzekoa da aurtengo edizioan Euskal Herriko Unibertsitateko Informatika Fakultateak eta Gipuzkoako Campuseko Errektoreordetzak CodeSyntax enpresarekin elkarlanean joko honetarako galdera-sistema automatikoak sortzeko lehiaketa antolatu dute. Bi sari, kazetaritza saria eta komunikazio saria, biak maila berekoak:  9.000euro eta Xabier Lakak RAKSerako berariaz egindako oroitikurra eman dira sari banatan.

Epaimahaiaren aburuz “Arantxa Arza kazetariak eta Felix Zubia medikuak osasun‐kontsulta zabaltzen dute igande goizero Euskadi Irratian. Saioak entzuleei kalitatezko zerbitzu publiko eredugarria eskaintzen die, bereziki COVID19ak mundu zabalean eragindako datu eta iritzi‐anabasaren testuinguruan. Zer den alea eta zer lastoa bereizten lagundu duen erreferente informatiboa bilakatu da ‘Osasun Etxea’ irratsaioa. Beraien zeregina gainera ez da koronabirusaren nondik norakoak azaltzera eta argitzera mugatu; izan ere, entzuleek beste edozein gaixotasunaz helarazitako kezka eta zalantzei erantzun diete, beti zehaztasunez, erraz ulertzeko moduko hizkera erabiliz eta gizatasunezko tratu pertsonalizatua lehenetsiz”.

Rikardo Arregi Kazetaritza Sarien XXXII. edizioa izan da aurtengoa. COVID‐19a dela‐eta ezinbestez aforo mugatuarekin egin zen, baina, halere, 125 pertsona elkartu ziren oso berezia eta hunkigarria izan zen ekitaldian. Izan ere, ‘Xabier Lete gogoan’ leloari jarraikiz egin baitzen ekitaldia, Ekitaldiaren aurkezpena Aizpea Goenagak egin zuen, eta hitza hartu zuten Andoaingo alkate Maider Laínez Lazcozek eta Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburu Bingen Zupiriak. Irabazleek ere hitza hartu zuten eskerrak emateko. Bertan izan ziren, aurtengo RAKSeko zortzi finalistak, hainbat erakundetako ordezkariak, Kazetaritza Elkargoaren buruzagiak eta euskalgintzako eragile ugari.