Ariketa fisikoak hobetu egiten du geriatrikoan daudenen bizi kalitatea

UPV/EHUko Ageing-On ikerketa taldeak pertsona horiei fisikoki nahiz kognitiboki on egiten dien ariketa programa berri bat sortu du

  • Ikerketa

Lehenengo argitaratze data: 2018/06/05

(Beste leiho bat zabalduko du)
Ariketa fisikoak hobetu egiten du geriatrikoan daudenen bizi kalitatea
UPV/EHUko Ageing-on ikerketa taldeko langile batzuk. Argazkia: Egoi Markaida. UPV/EHU.

Pertsona bakoitzaren gaitasunei egokitutako ariketa programa batek erakutsi du eraginkorra dela adinduentzako egoitzan bizi direnen osasun fisikoa ez ezik osasun psikikoa hobetzeko. UPV/EHUko Ageing-On ikerketa taldeak garatu du programa, eta estrategia bat prestatu du programa zaharren egoitzetatik kanpo ere erabili ahal izateko.

Gaur egun, 65 urtetik gorakoak Euskadiko biztanleen % 22 dira dagoeneko; bada, aurreikuspenen arabera, 2030erako % 30 izango dira. Horregatik, garrantzitsua da zahartze osasuntsua sustatzea, eta horren ardatzetako bat osasun eta ariketa fisikoa da. Gainera, zahartze fasean, aldian-aldian ariketak egiteak lehengoratu egin dezake adinarekin lotutako beherakada fisikoa, baita hauskortasuna ere. Hauskortasunaren sindromea oso ohikoa da adinduen artean, batik bat egoitzan bizi direnen artean, eta sindrome horren ondorioz handitu egiten da erortzeko, ospitaleratzeko, mendeko bihurtzeko edota hiltzeko arriskua.

Kolektibo horren bizi kalitatea hobetzeko helburuz, Jon Irazustak zuzentzen duen UPV/EHUko Ageing-On ikerketa taldeak, Matia Institutuarekin lankidetzan, ariketa fisikoen programa bat diseinatu du, pertsona bakoitzaren gaitasunetara egokitua, indarra, oreka eta erresistentzia lantzeko. Programa progresiboki gauzatzen da, intentsitateak pertsonen gaitasunak areagotu ahala handituz, organismoa are gehiago molda dadin. Horregatik, programa berritzailea da; izan ere, alde batetik, ez dago ariketa fisikoak biztanleria horren hauskortasunean dituen eraginak ikertzen dituzten lan asko, eta, bestetik, normalean programak ez dira egokitzen pertsonen gaitasunen arabera.

Adinduen 10 zentrotako 112 parte hartzailerekin egin da proba, programa eraginkorra den aztertzeko. Parte hartzaileak bi taldetan sailkatu ziren, ausaz: “kontrol” taldea, zeinak ohiko jarduerak eta zainketak egiten baitzituen; eta talde “esperimentala”, zeinak indarra eta oreka hobetzeko ariketa fisikoen 45 minutuko bi saio egiten baitzituen astean. Horrez gain, oinez ibiltzen ziren denbora ere progresiboki areagotu zuten, egunero 20 minutura iritsi arte.

Hobekuntza fisikoa eta kognitiboa

Lehenengo balorazioak egin zirenerako, ikusi zen gorputz adarren indarra areagotzeak lotura zeukala egoera kognitibo eta bizi kalitate hobearekin. Hau da, indarra lantzeko ariketak askotan ahaztuta gelditzen dira adinduen artean, baina oso lagungarriak izan daitezke haien egoera fisikoa eta mentala hobetzeko; batez ere, eskumakilak, makuluak, taka-takak eta bestelako laguntza aparatuak erabiltzen dituzten pertsonena.

Hiru hilabeteren buruan, azterketak erakutsi zuen nabarmen hobetu zirela ariketa fisikoak egiten zituzten pertsonen aldagai fisiko gehienak, hala nola indarra, ibileraren abiadura eta oreka. Kontrara, “kontrol” taldekoei apaldu egin zitzaizkien gaitasun fisikoak.

Bereziki adierazgarriak dira SPPB (Short Physical Performance Battery) probetan lortutako emaitzak. Proba horien bidez, hauskortasuna neurtzen da eta erortzeko, ospitaleratzeko, mendeko bihurtzeko edota hiltzeko arriskua iragar daiteke. Ariketa fisikoak egin zituztenek bi puntu hobetu zuten SPPB proba, eta “kontrol” taldeak, berriz, puntu bat gutxiago lortu zuen. “Eskala horretan puntu bakar baten aldea egotea esanguratsua da; 3 punturen aldea, berriz, klinikoki oso adierazgarria da, eta programa eraginkorra dela erakusten du. Gainera, nabarmentzekoa da egoera funtzional okerrena zutenek are etekin handiagoa atera ziotela programari. Beraz, esan dezakegu edozein pertsonak egin dezakeela programa hau, betiere egiteko moduko gaitasun kognitiboa eta autonomia baldin badu”, azaldu du Jon Irazusta katedradunak.

Lortutako emaitza positiboak BMC Geriatrics, Maturitas eta Experimental Gerontology aldizkarietan argitaratu dituzte. Ageing-On ikerketa taldeak, gainera, metodologia bat diseinatu du, adinduen edozein egoitzak martxan jarri ahal izan dezan beraiek garatu duten ariketa fisikoen programa. Taldeak programa gehiago zabal dadin nahi du, egoitzan bizi diren adinduen bizi kalitatea hobetzeko. Era berean, uste dute beren metodologia erabilgarria izan litekeela beste pertsona batzuen egoera hobetzeko; besteak beste, duela gutxi ospitaleratuta egon direnena, dementzia edo beste arazo neurologiko batzuk dituztenena, eta mendeko pertsonen zaintzaile nagusiena.

Informazio osagarria

Ariketa fisikoek egoitzan bizi diren adinduengan dituzten onurei buruzko azterlan hau Haritz Arrietaren tesiaren parte da (Ana Rodriguez eta Jon Irazusta ari dira tesia zuzentzen), eta, Matia Institutuan ez ezik, 10 zentro geriatriko hauetan probatu da: Bermingham, Rezola, Fraisoro, Otezuri, Lamourous, Txara I, Anaka, Betharram (Caser Fundazioa), Iurreamendi Egoitza eta Uzturre Egoitza. Frailty Corner partzuergoaren babesean egin da ikerketa; partzuergo hori, hain zuzen, adinduen hauskortasuna ikertzen eta haien bizi kalitatea hobetzeko irtenbideak bilatzen aritzen da, eta UPV/EHUk, Matia Institutuak, Biodonostia Institutuak, Tecnaliak, Tecnikerrek, Cidetec-ek eta Vicomtec-ek osatzen dute. Eusko Jaurlaritzaren Ekonomia Garapen Sailak (Elkartek programa) eta Osasun Sailak (RIS3), Gipuzkoako Foru Aldundiak eta UPV/EHUk diruz lagundu dute Ageing-on taldearen ikerketa proiektua.

Erreferentzia bibliografikoa