euskaraespañol

Norbanakoan oinarrituriko ariketa fisikoko programa bat, adineko pertsona zaurgarrien hauskortasunari eta gaitasun funtzionalaren galerari aurre egiteko

Haritz Arrietak egindako tesia UPV/EHUko Ageing-On ikerketa taldearen eta Bordeleko Unibertsitatearen arteko elkarlanaren fruitua da

  • Ikerketa

Lehenengo argitaratze data: 2019/07/17

(Beste leiho bat zabalduko du)
Irudia
Ikerketa taldeko kideak.

Ikerketa gutxi burutu dira zaurgarriak diren hirugarren adineko pertsonetan, zehazki hirugarren adineko egoitzetako pertsonetan eta minbizia dutenetan, ariketa fisikoak hauskortasunean, gaitasun funtzionalean eta funtzio kognitiboan duen eragina aztertu dutenak. Hori dela eta, Haritz Arrietak, bere doktorego tesian, indarra, oreka eta erresistentzia lantzen zituen ariketa fisikoko bi programa aztertu ditu, eta programa horiek aurretik aipaturiko bi biztanleria zaurgarrietan dituzten onurak frogatu ditu.

Ikerketa honetan bi entsegu kliniko burutu dira: lehena Euskadiko egoitzetan egin da. Bertan, norbanakoan oinarrituriko ariketa fisikoko programa progresibo batek egoitzetan bizi diren pertsonen hauskortasunean duen eragina aztertu da; hauskortasuna zahartze prozesuari loturiko sindrome bat da, eta oso ohikoa da egoitzetan bizi diren hirugarren adineko pertsonetan. Sindrome hori duten pertsonek arrisku handiagoa dute erortzeko, ospitaleratzeko, autonomia galtzeko… Doktorego tesian, hainbat ikuspuntutatik ariketa fisikoak hauskortasunean duen eragina aztertu da; parametro funtzionalak eta odoleko markatzaileak erabilita, eta baita parametro kognitibo eta psikoafektiboak aztertuta ere. Halaber, ariketa fisikoak hauskortasunari loturiko ondorio kaltegarrietan duen eragina ere aztertu da. Bigarren entsegu klinikoan,  jarduera fisikoko programa batek minbizia zuten hirugarren adineko pertsonek izan ohi duten gaitasun funtzionalaren galera ekiditeko eraginkortasuna aztertu da.

Programa hau hirugarren adineko egoitzetan egin zen, eta Gipuzkoako 10 egoitzatako 112 pertsonak parte hartu zuten. Parte hartzaileak ausaz bi taldetan banatu ziren: lehen taldeak ohiko jarduerak eta zaintzak izaten jarraitu zuen; talde esperimentalak, berriz, astean bitan norbanakoari egokituriko ariketa fisikoko programa gainbegiratu bat burutu zuen sei hilabetez.  Sei hilabeteren ondoren, talde esperimentalean hobekuntza adierazgarriak behatu ziren gaitasun funtzionalarekin lotuta dauden aldagaietan: indarra, ibilera abiadura eta oreka hobetuz.  Gainera, ariketa fisikoko programaren ondorioz, talde esperimentalak hauskortasuna eta bakardade pertzepzioa murriztu zituen, eta funtzio kognitiboa mantendu. Bestalde, lehen taldeko pertsonek, ohiko zaintzak jasotzen jarraitu zutenek alegia, sei hilabeteren ondoren gaitasun fisiko zein kognitiboak okertu zituztela behatu zen. Azkenik, azpimarragarriak izan ziren ere aldagai klinikoetan lortutako emaitzak, bai erorketa zein heriotza kopurua murriztea lortu bait zen (heriotza bat talde esperimentalean eta sei jarduerak aldatu ez zituen taldean).

Bestalde, minbizia zuten hirugarren adineko pertsonekin buruturiko entseguan 300 pazientek parte hartu zuten; entsegu honetan ere partaideak ausaz bi taldetan banatu ziren: taldeetako batek ohiko jarduera eta zaintzekin jarraitu zuen; talde esperimentalak berriz, norbanakoan oinarrituriko gomendioak jaso zituen, telefonoz, 12 hilabetez jarduera fisikoa burutzeko. 12 hilabeteren buruan, bi taldeen gaitasun funtzionalaren galera parekoa izan zen. Hala ere, 24 hilabeteren buruan, bularreko minbizia zuten pazienteek eta, oro har, talde esperimentaleko emakumeek, gaitasun funtzionala berreskuratzea lortu zuten. Beraz, ”emaitza horiek berretsi dute norbanakoan oinarritutako eta telefonoz helarazitako jarduera fisikoko gomendioak erabilgarriak izan daitezkeela minbizia duten hirugarren adineko pertsonentzat. Interesgarria izan daiteke etorkizunean gainbegiratutako saio birtualen eragina aztertzea", adierazi du Arrietak.

Ikertzailearen arabera, “programak erabilgarriak izan daitezke zaurgarriak izan daitezkeen beste biztanleria batzuetan”. Ildo horretatik, "gure helburua ikerketa hauen bidez garatutako programak hedatzea da, hirugarren adineko egoitzetan bizi diren pertsonen eta minbizia duten hirugarren adineko pertsonen bizi kalitatea hobetu ahal izateko”.

Informazio osagarria

Doktorego tesiaren idazleak, Haritz Arrietak, Euskara eta Etengabeko Prestakuntza Errektoreordetzaren diru-laguntza jaso zuen, doktorego tesia euskaraz egiteko. Nazioarteko tesi hau Ana Rodriguez Larrad eta Jon Irazusta Astiazaran doktoreek zuzendu dute. Aipagarria da UPV/EHUko Ageing-On ikerketa taldearen eta Bordeleko Unibertsitatearen arteko elkarlana; elkarlan hori Euskampus-Bordeaux mugaz gaindiko campuseko “Age and Frailty” lantaldeko parte hartzeari esker izan da. Ageing-On taldearen ikerketa programak Eusko Jaurlaritzaren Garapen Ekonomikoko Sailaren (Elkartek programa) eta Osasun Sailaren (RIS3 programa) diru laguntza jaso du, eta baita Gipuzkoako Foru Aldundiaren eta UPV/EHUren laguntzak ere.

Tesi honetan lortutako emaitzak 7 artikulutan argitaratu dira: BMC Geriatrics (2), Maturitas (1), Experimental Gerontology (1), Gerontology (1), Journal of Cachexia, Sarcopenia and Muscle (1) eta Journal of the American Geriatrics Society (1). Azken bi aldizkari hauek JCRren sailkapeneko bakoitzaren ezagutza-arloan lehen eta bigarren postuan daude. Haritz Arrietak Onkologikoa Fundazioan egiten du lan gaur egun, eta minbizia duten pazienteei zuzenduriko ariketa fisikoko programak koordinatzen ditu.

Erreferentzia bibliografikoa