euskaraespañol

Irudi digitalen analisirako metodo berri bat ardoaren azidotasuna kalkulatzeko

Kimika Fakultateko Gradu Amaierako Lan batean, irudien analisirako metodo automatizatu bat proposatu dute ardoaren azidotasuna aztertzeko. Metodoak hobekuntza ekonomiko nabarmena ekarriko du, inolako zehaztasunik galdu gabe

  • Ikerketa

Lehenengo argitaratze data: 2023/02/07

Irudia
Aritz Martinez Kimika Fakultateko laborategian | Argazkia: UPV/EHU

Ardoaren azidotasuna ezinbestean kontrolatu beharreko parametroa da, azken produktuan ez ezik, prozesu osoan zehar ere bai. Gaur egun erabiltzen diren metodoekin erreaktibo eta tresneria ugari behar izaten dira, eta, seguruenik, sarritan ez dira eskuragarri egongo edo ez dira errentagarriak izango. Hori konpontzeko, Aritz Martínez Rodríguezek, Euskal Herriko Unibertsitateko Kimika Fakultateko graduatuak, bere Gradu Amaierako Lana proposatu du: irudi digitalen analisirako metodo berri bat, erreaktibo gehiegi behar ez duena. Martínezen hitzetan, gainerako teknikekin alderatuz gero, azido tartarikoaren kontzentrazioa (azidotasun osoa) zehaztu bitartean erabiltzen diren erreaktiboen bolumena bolumetria probetakoa baino % 96-98 txikiagoa izaten da (horietan, kolorearen aldaketaren bidez kalkulatzen da pH-a), eta potentziometria probetakoa baino % 96 txikiagoa.

Hala, Aritz Martinezek frogatu du oso metodo zehatza dela eta, aipatu bi teknikekin alderatuta, ez dakarrela ezberdintasun adierazgarririk. Hartara, adierazi duenez, oso baliagarria da ardoaren azidotasuna ezagutu behar denetan, hala nola upategietan hartzidura alkoholikoaren nahiz hartzidura malolaktikoaren prozesuetan (ardoaren ekoizpenean azidotasuna jaisteko egiten da azken hori, jarraipen modura), edota merkaturatzeari begira produktuaren kalitatea neurtzeko probetan. Gaineratu du metodo horietako edozein ordezteak hobekuntza ekonomikoa eragin dezakeela, zehaztasun eta doitasunik galdu gabe. Eta, ondorioztatu duenez, Matlab kodea erabiltzeak aukera ematen du metodoak erantzun azkarra eman dezan, tratamendu matematikoak egiteko beharrik gabe. Hori horrela, argi dauka metodo erabilerraza dela.

Aurrerago egingo diren azterketetan, Kimikan graduatua den honek uste du aukera ona izan daitekeela kit bat diseinatzea, metodoa erabili nahi duenak material edo tresna osagarririk behar izan ez dezan. “Kit-ak honako hauek barne hartuko lituzke: proba egiteko beharrezkoa den mikrotitulazio plaka, analisia egiteko erreaktiboak dituzten flaskoak, eta horien bolumenak plakaren kikaretan jartzeko tresna bat. Mikropipetak erailtzen dira mikrotitulazio plakan bolumenak eransteko, baina material hori tanta-kontagailu batez ordeztu liteke, teknika errazteko. Hala ere, neurketetan zehaztasun handia behar ez denetan soilik egin beharko litzateke ordezkapen hori".

Egilea

Euskal Herriko Unibertsitatean, Kimika Fakultateko Kimika Aplikatua saileko Maider Vidal irakaslearen zuzendaritzapean defendatu zuen Gradu Amaierako Lana Aritz Martínez Rodríguezek, 'Automatización por análisis de imagen de la medida de acidez en diferentes bebidas alcohólicas' izenburupean. Gaur egun Madrilen dago, Madrilgo Unibertsitate Konplutentsean Kimika Organikoko Masterra egiten, zeina Madrilgo Unibertsitate Autonomoak eta Santiagoko Unibertsitateak ematen baitute elkarrekin. Master Amaierako Lana Ikerketa Zientifikoen Goi Kontseiluan (CSIC) egingo du.