euskaraespañol

Arrakasta handia izan du Hezkuntzako IV. App Azokak

Sortutako aplikazioak eskuragarri daude jadanik Google Playn; beraz, ekimena herritar guztien esku egongo da berehala

  • Albisteak

Lehenengo argitaratze data: 2019/12/20

Irudia
Argazkia: UPV/EHU

UPV/EHUk Hezkuntzako APPen IV. Azoka egin du Leioako campusean. Proiektu horretan, Bilboko Ingeniaritza Eskolako eta Hezkuntza Fakultateko graduko eta graduondoko ikasleek hartu dute parte, mugikorretarako hezkuntzaaplikazioen sorkuntzan berrikuntzak ekartzeko. Edizio honetan sortutako hamar app-ak Google Playn daude eskuragarri, eta, beraz, bi zentroek elkarrekin egindako lanak ikasleei esperientzia berriak ekartzeaz gain, osagai soziala ere badu.

Erakusketa, komunikazioaren teknologia berriek irakaskuntzan duten erabilgarritasunaz gain ikasleen adimena ere agerian utzi du. Proiektu bakoitzean prestakuntza eta esperientzia desberdina duten gazteek parte-hartzeak proiektua bera aberastu egiten du. Ekimenaren helburua hezkuntzabaliabideen garapenean berrikuntzak sartzea da. Hori dela eta, EHUk Teknologia Telematiko Aurreratuetako, Telekomunikazio Ingeniaritzako Masterreko bigarren mailako, Hizkuntza eta Berrikuntzako bigarren mailako eta Lehen Hezkuntzako Graduko laugarren mailako ikasleek osatutako taldeak sortzea bultzatu du. Lantalde horietan, Magisteritzako ikasleek hezkuntzako hainbat testuinguru aztertu dituzte, hizkuntzen ikaskuntzarekin lotutakoak, batez ere; Ingeniaritzako ikasleek, berriz, aplikazio bakoitza ikuspegi teknikotik eraiki dute.

52 ikasleren lankidetza berrikuntzan

Aurten, Ingeniaritzako 11 ikaslek eta Hezkuntzako 41ek hartu dute parte, eta haien lankidetzatik hainbat aplikazio sortu dira: haurrak ekologiari eta osasungarriak diren ohiturei buruz kontzientziatzeatzeko; euskal gizartearen eta kulturaren berezitasun nagusiak ezagutarazteko; eskolako ikasgaien errepasoa jolas bihurtzeko; haurren familia inguruneak euskararen ikaskuntzan lehen pausoak ematen laguntzeko; etab.

Berrikuntza gisa, aurten egindako aplikazioetako bat ingeniaritza industrialeko ikasleentzat dago pentsatuta, fluidoen mekanikarekin erlazionatutako ikasgaiak ikasten ari direnentzat, hain zuzen ere. Sortutako aplikazioari esker, arlo horretako ohiko kalkuluak arindu ahal izango dira.

Gainera, horietako bakoitzaren bideo-tutorialak ekitaldiaren webgunean ikus daitezke dagoeneko, eta Google Play aplikaziora jo daiteke aplikazioak gailu mugikorretan instalatzeko