euskaraespañol

Atzerriko ikasleei bekak eskaintzeko akordioa boskarren urtez berritu dute Bilboko Udalak eta UPV/EHUk

Hitzarmenaren bidez, nazioarteko babesa eskatu edo jaso duten eta garapen bidean dauden herrialdetako ikasleei bekak eskainiko zaizkie

  • Albisteak

Lehenengo argitaratze data: 2018/10/16

Irudia

Udalak 10.000 esleituko ditu, xede horretarako, 2018/19 ikasturtean; eskatzaile batek 2.500 euro jasoko ditu gehienez. Iragan ikasturtean Bolivia, Kolonbia, Ekuador eta Afganistango 6 ikaslek UPV/EHUren ekimen honen laguntza izan zuten.

Bilboko Udalak eta Universidad del País Vasco/Euskal Herriko Unibertsitateak UPV/EHUn ikasten duten atzerriko eta nazioarteko babesaren eskatzaile edota onuradun diren ikasleei ostatu eta mantenua diruz laguntzeko lankidetza hitzarmena berritu dute boskarren urtez jarraian. 10.000 euroko diru laguntzaren jomuga dira garapen bidean dauden herrialdetako —Bilboko Udalaren Garapenerako Lankidetzaren III. Plan Zuzentzaileak lehentasunezkotzat jo dituen herrialde horietakoak bereziki—graduko ikasleak eta nazioarteko babesa eskatu edo jaso duten pertsonak. Bekak 2018/19 ikasturtean Bilbon biziko duten egonaldiaren ostatua eta/edo mantenua ordaintzen laguntzea du xede.

Boskarren urtez jarraian, UPV/EHUk eta Bilboko Udalak 2014. urtean abiarazitako lankidetza hitzarmen hau sinatu dute. Lankidetza hitzarmen berria unibertsitateko Berrikuntzaren, Gizarte Konpromisoaren eta Kulturgintzaren arloko errektoreorde Idoia Fernandez Fernandezek eta Berdintasun, Lankidetza, Bizikidetza eta Jaietako zinegotzi Itziar Urtasun Jimenok sinatu dute, hain zuzen ere.

Bilboko Udalak 10.000 euro eskainiko dizkio erakunde akademikoari -onuradun bakoitzak 2.500 euro jasoko ditu gehienez-, Bilbo Kulturarteko Hiri gisa garatzen laguntzeko eta hiriaren garapena aktiboki sustatuz bizikidetzako proiektu honen bidez. UPV/EHUk, bere aldetik, diru laguntza kudeatu eta exekutatzeko konpromisoa hartu du. Horrez gain, Iraunkortasuneko Zuzendaritzaren ardura den programa honen jarraipen txosten bat eta ebaluazioa egingo ditu ere.

Lankidetza hau UPV/EHUK bete estatutuetan jaso dituen helburuen barruan kokatzen da: gizarte eta kultura desberdintasunak murriztea eta garapenerako lankidetza bultzatzea, gehienbat. Bekak emateko akordio honek Bilbao Balioen Hiria / Ciudad de Valores izeneko Udalaren programa estrategikoarekin bat egiten du ere. Udal ekintza horren funtsa da Giza Eskubideen errespetua bultzatzea Elkartasuna, Gizarte Justizia eta Emakumeen eta Gizonen arteko Berdintasuna lortu ahal izateko.

Iragan ikasturtean Bolivia, Kolonbia, Ekuador eta Afganistango sei ikaslek (lau emakumezko eta bi gizonezko) laguntza hau jaso zuten UPV/EHUko ikastegi ezberdinetan ikasteko.