euskaraespañol

Gora egin du nabarmen UPV/EHUko mugikortasun programetako parte hartzaileen kopuruak

2017/2018 ikasturtean, UPV/EHUk 1.415 ikasle bisitari hartu, eta 1.912 ikasle bidali ditu beste unibertsitate batzuetara

  • Albisteak

Lehenengo argitaratze data: 2018/05/04

Irudia

Gaur goizean, UPV/EHUko mugikortasun programetan parte hartu duten ikasle bisitariak agurtzeko ohiko ekitaldia egin da, UPV/EHUko Carlos Santamaria Zentroan, Donostian. Hainbat herrialdetako ehun bat ikasle etorri dira ekitaldira Bizkaiko, Arabako eta Gipuzkoako campusetatik. Ekitaldiaren buru UPV/EHUko errektore Nekane Balluerka izan da, eta harekin batera egon dira Marta Barandiaran, Koordinazioaren eta Nazioarteko Harremanen arloko errektoreordea, eta Agustin Erkizia, Gipuzkoako Campuseko errektoreordea.

Ekitaldian, Erasmus Student Network (ESN) ikasleen elkarteko kideek egindako lana goraipatu dute agintariek, elkarte horrek aisialdiko ekintzak, txangoak eta gizarte izaerako ekimenak antolatzen baititu bertako nahiz kanpotik etorritako ikasleentzat. Halaber, ekitaldiari amaiera emateko euskal herri kirolaren erakusketa bat egin da, ikasleek parte hartu ahal izan dutelarik.

UPV/EHUko errektore Nekane Balluerkak adierazi duenez “jakintzak, bereziki beste herrialde bateko unibertsitatean lortzen denak, buru hesiak eraisteko balio du, aurreiritziak desegiteko eta beste kultura batzuk ezagutzeko. Jakintzak balio du besteak hobeto ezagutzeko eta burua zabaltzeko. Eta gure jatorrizko herrialdera itzultzen garenean, esperientzia horrek eta irekitasun eta elkartasuneko balio horiek balio dezakete gure jatorrizko ingurunea aldatzeko ere”.

Halaber, Koordinazioaren eta Nazioarteko Harremanen arloko errektoreorde Marta Barandiaranek azpimarratu duenez, ikasle bisitariek eragin eraldatzailea dute UPV/EHUko campusetan, “leku toleranteagoak, aniztasunaz kontzienteagoak eta bestearekin elkartzeari irekiagoak" bilakatzen baitira.

Gero eta gehiago dira Europakoak ez diren bisitariak (Latinoamerika eta munduko beste leku batzuk)

2017/18 ikasturtean, UPV/EHUn, % 12 egin du gora Koordinazioaren eta Nazioarteko Harremanen arloko Errektoreordetzak kudeatutako truke programetan etorritako ikasleen kopuruak.

Igoera esanguratsuena Latinoamerika programan eman da, bisitarien kopurua % 28 areagotu baita joan den ikasturtearekin alderatuta. Beste Norako Batzuk programak ere emaitza bikainak izan ditu, % 18,5eko igoerarekin. Estatuko beste unibertsitate batzuetara egindako mugikortasuna ere % 15,6 igo da, 2016/2017 ikasturtetik. Erasmus+ programak, denetan ezagunenak, joera egonkorragoa izan du, % 6 inguruko hazkunde txikia izan baitu.

Truke akademikoko programa Bisitariak, UPV/EHUn (2017/2018)
Latinoamerika 344
Erasmus+ 752
Beste Norako Batzuk 140
Sicue 179
GUZTIRA 1.415

 

UPV/EHUtik beste unibertsitate batzuetara joateko mugikortasunak ere gora egin du

UPV/EHUko ikasleak kanpora joateko mugikortasuna % 8 inguru igo da (1.776 ikaslek bidaiatu zuten 2016/17 ikasturtean, eta amaitzear den ikasturte honetan kopurua 1.912ra iritsi da). Mugikortasun handieneko herrialdeak Txile, Italia eta Alemania dira.

Koordinazioaren eta Nazioarteko Harremanen arloko errektoreorde Marta Barandiaranek positiboki baloratu ditu datuak: “Unibertsitatea oso pozik dago bere mugikortasun programek izandako eskaera handia dela eta. Azken ikasturteetan ikusi dugunez, nazioarteko unibertsitate batean esperientzia bat bizitzea hautatu duten ikasleen kopuruak nabarmen egin du gora. Horrelako esperientzia bat guztiz aberasgarria dela irizten diogu; izan ere, horren bidez, ikasleek kultura arteko gaitasunak areagotzeko eta, askotan, beste hizkuntza bat ikasteko aukera dute”.

Euskal Herriko Unibertsitateak 1.441 truke hitzarmen ditu indarrean munduko osoko 66 herrialderekin, tartean egonda, besteak beste, Australia, Japonia, Hego Korea, Estatu Batuak, Kanada eta Kazakhstan.

Une honetan, unibertsitate bazkideen kopurua handitzen ari da Japonian, eta orain dela gutxi UPV/EHUren eta Quebeceko Errektoreen Konferentziaren arteko truke hitzarmena berritzeari ekin zaio; konferentzia horrek Kanadako probintzia hartako 11 erakunde publiko eta pribatu biltzen ditu.

Truke akademikoko programa

Beste unibertsitate batera joan diren UPV/EHUko Ikasleak (2017/2018)
Latinoamerika 385
Erasmus+ 1.141
Beste Norako Batzuk 74
Sicue 312
GUZTIRA 1.912